Gazteen droga kontsumoaren «polarizazioaz» ohartarazi dute

Azken urteetan legezko zein legez kanpoko gaien kontsumoa jaitsi egin dela agertu du Deustuko Unibertsitatearen ikerketa batekDrogak lehen aldiz probatzeko adina jaisten jarraitzeak kezka eragin du ikerlarien artean

Gazteen droga kontsumoaren «polarizazioaz» ohartarazi dute.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Nerabeen artean alkohol eta tabako kontsumoa egonkortu egin da, eta azken urteotako datuek beheranzko joera adierazten dute. Ordea, kontsumoa «polarizatzen» ari dela ohartarazi du Deustuko Unibertsitateko Droga Mendekotasun Institutuak 12 eta 18 urte arteko nerabeen ohiturei buruz egindako ikerketak: ezer edaten edo erretzen ez duten gazte gehiago dago, baina gehiegi edota intentsiboki kontsumitzen dutenen kopurua mantendu egiten da. «Kontsumo neurritsua desagertzen ari da», ondorioztatu du Teresa Laespadak, institutuko zuzendariak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 12 eta 18 urte bitartean eskolaratuta dauden 4.240 gazterekin egin du ikerketa Droga Mendekotasun Institutuak. Drogak eta eskola azterlan sortaren zortzigarren alea da, 2011ko datuak biltzen dituena; 1981ean hasi ziren nerabeen kontsumoaz hausnartzen, eta horrek bilakaerari buruzko informazioa eman die. Argazki orokorrak erakutsi du legezko zein legez kanpoko drogen kontsumoak behera egin duela 2006tik 2011ra, baina gai guztiak probatzeko eta hartzen hasteko adina jaisten ari dela. Kezkagarri jo du Laespadak, «prebentziorako estrategietako batek kontsumitzen hasteko adina atzeratzean datzalako».

Ikerketako datuen arabera, adingabeen %25ek tabakoa erretzen dute, baina %4,4k baino ez dute egunean pakete erdia baino gehiago erretzen; %8,4k, berriz, noizean behin soilik erretzen dute. Gaztetxoen senideek tabakoa kontsumitzea arrisku faktoretzat hartu dute; erretzaile gazteen gurasoen %30ek erretzen dute.

Alkoholari dagokionez, hiru laurdenek probatu egin dute. Gehienek 14-15 urterekin edaten dute lehen aldiz —nahiz eta %14 12-13rekin hasten diren—, baina kontsumorako jauzia 16 eta 18 urte bitartean gertatzen da, eta asteburuetara gero eta mugatuago dago. Eta hor agertzen dira muturreko datuak: 2006ko %38,5etik ia %45era igo da abstemioen kopurua, baina arrisku jokabideak ez dira jaitsi, gaztetxoen %31k gehiegi edaten baitute.

Kontsumoa, «feminizatuta»

Genero ikuspegitik, legezko drogen «feminizazioa» berretsi dute datuek: mutilek bezainbeste edaten dute neskek, eta gehiago erretzen dute, nahiz eta kontsumo «intentsiboenak» mutilenak izaten jarraitzen duten. «Hain justu, emakume gazteen kontsumoa igotzeak apaldu du jaitsiera orokorra», ondorioztatu du Laespadak.

Baina zergatik gertatu da gorakada hori nesken artean? Emakume eta gizon gazteek «jokabideak berdindu» dituztela azaldu du institutuko zuzendariak: «Elkarrekin eta berdin hezten dituzte; aisialdi denborak eta lekuak partekatzen dituzte, eta hor dago kontsumoa». Joera hori tabakoarekin hasi zen, alkoholera mugitu zen, eta kalamura helduko dela uste dute ikerlariek.

Izan ere, kalamua da gazteek gehien kontsumitzen duten legez kanpoko droga: ikerketa egiteko unean, %35,4k probatua zuten, eta %20k aurreko hilabetean kontsumitua zuten. Kalamuaren erabilerak «historikoki izan duen maila altua» mantendu arren, 2006tik 2011ra behera egin duela antzeman dute. Beheranzko joera berdina izan dute legez kanpoko gainerako drogek. Egoera sozioekonomikoarekin lotu du Laespadak: «2002. eta 2006. urteen artean izan zen kontsumorik altuena, kontsumismo mailarik altuena izandako garaian. Orduan dena zen posible, burbuila ekonomikoa burbuila sozial ere bihurtu zen».

Kalamuaz besteko droga ilegalen kontsumoa, halere, oso baxua da: hamarretik batek probatu, eta %6,4k kontsumitzen dituzte maiztasun handiagoz. «Kontsumo esperimentala abiatzen dutenek aukera gehiago dituzte aurrerago kontsumitzen jarraitzeko», ohartarazi dute. Speed-a da gairik erabiliena (%6,7); ondoren, kokaina (%6), estasia (%5,2) eta aluzinogenoak (%5,1) hartzen dituzte gehien, eta gero eta gazteago probatzen dituzte, 14 urterekin zenbaitek. Heroina da salbuespena: kontsumoa igo egin da azken urteotan (%2an zegoen 2011n), baina hartzen hasteko adina atzeratu duen gai bakarrenetakoa da.

Familia, babes eremu

Drogen erabilerari lotutako balioei buruzko azterketa erantsi dio Javier Elzo soziologoak txostenari. Bestelako familia ereduek eta teknologia berriek aldaketak ekarri dituzten arren, erreferentziazko sozializazio esparruak berdinak direla nabarmendu du: «Familiak funtsezko erreferente izaten jarraitzen du. Horrek adierazten du gurasoek inplikatu behar dutela, jokabide arazotsuei aurre egiteko».

Ildo horretan, garrantzitsu jo ditu familian komunikazio ona egotea, gurasoek harreman ona izatea eta seme-alabekiko gatazka gutxi edukitzea. Baina salatu du gizon askok erresistentziak dituztela erantzukidetasunaren aurrean: «Horrek seme-alaben hezkuntza bideratzeko arazoak ekar ditzake, biek etxetik kanpo lan egiten dutenean batik bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.