Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Herri bat, gaztetxe bat. Gaztetxeak eta gune autogestionatuak Euskal Herriko errealitate soziopolitikoaren berezitasun garrantzitsua izan dira azken 40 urteetan, eta herri bakoitzean gaztetxe bat lortzeko aspaldiko aldarri hura erabat gauzatu ez bada ere, historia luze eta aberatsa du mugimenduak. Aspaldiko gaztetxe batzuek sendo iraun dute gaur arte, beste batzuk indarrez hustu dituzte edo errelebo faltaren ondorioz itxi behar izan dituzte, eta badago belaunaldi berrien bultzadari esker oraindik orain sortutako gunerik ere. Bilboko Okupazio Bulegoaren web orrian agertzen den maparen arabera, 160 baino gehiago dira gaur egun Euskal Herrian dauden gune okupatuak, zein bere historia, ezaugarri eta antolatzeko molde bereziarekin.
Okupazio mugimendua indartsu zegoen Europako zenbait herrialdetan 1970eko hamarraldian. Euskal Herrian, berriz, eta aurretik izandako zenbait esperientzia gorabehera, 80ko hamarkadaren hasieran bota zituen erroak. Jakue Pascual soziologoak (Donostia, 1961) luze eta sakon jorratu du gaia, batez ere Txalapartak argitaratutako Movimiento de resistencia. Años 80 en Euskal Herria (Erresistentzia mugimendua. 80ko hamarkada Euskal Herrian) izeneko lanean, eta bereziki azterlan horren bigarren liburukian, fanzine, okupazio eta irrati libreei buruzkoan. Gaztetxe hitzaren inguruan aurkitu duen lehenengo erreferentzia 1983koa da, eta Oñatin argitaratutako eskuorri batean agertu zen. Laster, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu zen terminoa.
Hedatze hori ezin da ulertu Pascualek «erresistentzia mugimendua» deitzen duen horrek 80ko urteetan izandako gorakada kontuan hartu gabe: «Guretzat, ikaste prozesu bat izan zen», azaldu du. «Ahalegindu ginen proiektu batzuk aurrera eramaten, galarazita genuen guztia egin ahal izateko. Eta horretarako, lekuak behar genituen. Garai hartan, ez zegoen kultur etxerik, aisialdirako tokirik, igerilekurik edo antzekorik. Aisialdirako aukera bakarra tabernetan egotea eta mendira joatea zen. Baina, aldi berean, testuinguru politikoa oso gogorra eta trinkoa zen, eta bazegoen matxinadarako grina moduko bat».
«Batzuetan badirudi mugimendu eraldatzaileak beti ari direla hutsetik abiatzen, baina ez da hala; bildutako eskarmentua hor dago»
JAKUE PASCUAL Soziologoa
Mugimendu horrek hainbat adierazpide izan zituen: fanzine eta irrati libreak, RRV edo Euskal Rock Erradikala izenekoa, mugimendu antimilitarista eta abar. Eta gaztetxeen mugimendua ere horren ondorioa zen: «Lekuak behar genituen gure interesak garatzeko, gure batzarrak egiteko, gure musika taldeek jo zezaten. Eta horrelako lekurik ez zegoenez, bilatu egin behar izaten genituen».
1984ko amaieratik aurrera hasi ziren lehenengo gaztetxeak agertzen Oñatin, Andoainen, Hondarribian (Gipuzkoa), Altsasun (Nafarroa) eta beste zenbait herritan. Eta hurrengo urteetan olatua bazter guztietara hedatu zen.
Iñaki Carro (Sestao, Bizkaia, 1971) Bilboko Okupazio Bulegoko abokatua da, eta urte asko eman ditu pobreziaren kontrako borrokari eta okupazio mugimenduari lotuta; Kukutza gaztetxearen auzian auzipetutako gazteak defendatu zituen epaiketan, eta Sestaoko Txirbilenea gune okupatuko kidea izan da azken urteotan. «80ko hamarkadaren hasieran, Londresera joaten ziren euskal gazteek bi kontu ekarri ohi zituzten: diskoak, eta hango squat edo gune okupatuen esperientzia». Batez ere, gogoan du zein azkar hedatu zen mugimendua: «Eztanda bat izan zen. Bizkaian, adibidez, 1986an okupatu zuten Bilboko gaztetxea, eta hurrengo urterako leku guztietan zeuden gaztetxeak eta gazte batzarrak».
Carro bat dator Pascualekin, eta uste du garai hartako giro soziopolitikoak bultzatu zuela gaztetxeen loraldia: «Ez ziren bakarrik gaztetxeak: fanzineak ziren, irrati libreak, eta abar. Gure lagunartean ia denek zuten irratsaioren bat irrati librean, eta guztira sei fanzine egiten genituen. Apur bat geroago, intsumisio mugimendua piztu zen».
Leku gehienetan, antzeko ereduari jarraitzen zioten: herriko gazteek batzarra osatzen zuten, gune bat lortzen zuten, normalean okupazioaren bidez, eta batzarrak kudeatzen zuen. Udalarekiko harremanak gatazkatsuak izaten ziren, baina horretan aldeak egoten ziren leku batetik bestera: batzuetan, tokiko agintariek ez ikusiarena egiten zieten, eta beste zenbaitetan aurkakotasuna erabatekoa zen. Antolatzeko modu desberdinak zeuden, baina, Pascualek dioenez, «batzarra eta autogestioa» ziren gaztetxe guztien ezaugarri nagusiak.
Arazoak ere, ugari
Arazoak ere bazeuden, noski. «Horretaz ez da asko hitz egiten, baina, adibidez, nik uste dut heroinak kalte handia egin zuela zenbait gaztetxetan», esan du Carrok. Eta beste korapilo bat ere ekarri du hizpidera: garai hartan, giro politikoa borborka zegoen, indarrean zeuden ildo ideologiko nagusiek itzal handia zuten gazteengan, eta, askotan, ildo ideologiko horien arteko harremana ez zen liskarrik gabekoa. «Batez ere, Jarrairen eta ildo autonomoaren arteko talka politikoak sekulako gatazkak sortu zituen zenbait gaztetxetan».
Barne arazoak garrantzitsuak izanik ere, gaztetxeen mugimendua baldintzatu zuen arazo nagusia «errepresioa» izan zen, Carroren esanetan: «Garai hartan, eraikin bat okupatu, eta ez zenekien zer gertatuko zitzaizun. Ez zegoen prozedura judizialik, okupazioa ez zen zigor kodean agertzen, eta, orduan, alkateak hustea erabakitzen zuenean, hustu egiten zuen, eta kito, jakinarazpenik eta auzitara jotzeko beharrik gabe. Eztandak ezustean harrapatu zituen udal gehienak, baina instituzioak konturatu zirenean hura politikoki ez zitzaiela interesatzen, gaztetxeak husteari ekin zioten».
«Etorkizuna oparoa izan daiteke gazteek ulertzen badute gaztetxe batean askotariko jendea egon daitekeela eta denek dutela lekua»
IÑAKI CARRO Abokatua, Bilboko Okupazio Bulegoa
Pascualen iritziz, Bilboko gaztetxearen husteak ezarri zuen gaztetxeen lehenengo belaunaldi haren amaiera, 1992ko azaroan. «80ko belaunaldia agorturik zegoen jada, eta beste belaunaldi bat hasia zen burua altxatzen, baina oraindik topatu behar zuen gauzak egiteko bere modu propioa».
Horrek ez du esan nahi mugimendua amaitu zenik. 90eko hamarraldian beste esperientzia batzuk agertu ziren: adibidez, Iruñeko Euskal Jai 1994an eta Bilboko Kukutza 1996an. Eta hurrengo hamarkadetan ere katea ez zen eten. «Batzuetan badirudi mugimendu eraldatzaileak beti ari direla hutsetik abiatzen, baina ez da hala», azaldu du Pascualek: «Bildutako eskarmentua hor dago, eta ekarpena egiten dio garapen berriari».
Eztabaida berriak
Esperientzia berriekin, eztabaida berriak ere azaleratu dira. Horietako batek mugimenduaren izendapenari egiten dio erreferentzia: «Ez dut gogoratzen zein izan zen gaztetxe hitza erabiltzeari utzi zion lehenengo gunea, baina egia da leku batzuetan beste izendapen batzuk hobesten hasi zirela», azaldu du Carrok. «Asmoa zen belaunaldien arteko proiektu bat egitea, ez soilik gazteena, eta familiak edo jende heldua ere eroso sentitzea. Txirbilenea okupatu genuenok, adibidez, 1987an Sestaoko lehenengo gaztetxea okupatu genuen berberak ginen, baina ordurako 40 urte inguru genituen; horregatik, argi genuen Txirbilenea ez zela gaztetxe bat, mundu guztiari irekitako gunea baizik».
«90eko hamarraldiaren erdialdean hasi zen zentro sozial okupatu izendapena erabiltzen, Europako beste zenbait lekutako esperientziei erreferentzia eginez», adierazi du Pascualek. «Baina egia da gaztetxe batzuetan proiektuan parte hartzen duten gehienak ez direla gazteak, eta normala da beste izendapen batzuk bilatzea».
Azken urteotan eragile berriak agertu dira gaztetxeen mugimenduan; adibidez, Mugimendu Sozialistari lotutakoak. Pascualen iritziz, GKSren eragina «hamarkada honetako berritasun garrantzitsua» izan da, «eta erakunde bat izanik, proiektua beste esparru batzuetara zabaltzea baldintzatu du horrek zenbait lekutan. Edonola ere, belaunaldi berriei dagokie erabakitzea zeintzuk diren beren ereduak».
Horren harira, Carrok uste du azken bolada honetan «beherakada bat» egon dela mugimenduan, eta 80ko hamarkadaz ari zelarik berak «talka politikoa» deitzen zuen horrek izan dezakeela zerikusia horretan. «Ez dut esango hori arazo nagusia izan denik, baina gaztetxeetan ibiltzen zen jende asko desmobilizatu du, batzarretan behin eta berriro eztabaida berak errepikatzen zirela ikusita. Aldi berean, egia da badagoela gaztetxeen aldeko beste olatu bat belaunaldi berrien eskutik. Nik uste dut etorkizuna oparoa izan daitekeela gazteek ulertzen badute gaztetxe batean ildo politiko askotako jendea egon daitekeela eta denek dutela lekua. Eta, beste aldetik, uste dut belaunaldi aldaketa bermatzeko, zaharrok ikasi behar dugula lekuetatik joaten. Askotan, gazteei tokia egiteko modu bakarra da apurka-apurka bigarren planora pasatzea».