Euskal Herri osoko gazteen kezken gainean hausnartuko dute egunotan Iparra Hegoa topaketaren harira Seguran (Gipuzkoa) antolatu dituzten mahai inguruetan. Atzo eman zioten hasiera, eta saio bana izango da gaur eta bihar ere.
Atzokoan, Luli Telleria, Pello Jorajuia eta Unai Palenzuelak aztergai izan zuten gazteen kontzientzia politikoa, Beñat Hach Embarek moderatzailearen eskutik. Gaur, lanaren, etxebizitzaren, drogen, euskararen eta genero indarkeriaren gainean hausnartuko dute Aitor Servierrek, Endika Perezek eta Maider Galardik, Maddi Ane Txoperenak gidatuta. Bihar, berriz, gazte topaguneen gainean jardungo dira Ellande Alfaro, Argitxu Etxandi, Eñaut Arrrtxe eta Urko R. de Apodaka, Maite Idieder moderatzaile dutela.
Lekorneko ikastolako hamazazpi haur Seguran dira egunotan, eta herriko Laiotz eskolako haurrekin batera egingo dituzte hainbat jarduera hurrengo bi egunotan. Ostegunean, Baionako Etxepare lizeoko ikasleak joango dira Segurara. Larunbatera arteko egonaldia egingo dute. Ostegunean bertan, bertso poteoaz eta bertso afariaz gozatzeko aukera izango dute, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariekin.
Asteburuan egingo dira Iparra Hegoa topaketaren ekintza nagusiak. Besteak beste, mendi irteera, gazteen topaketa, dantzaldia eta ekitaldi instituzionala izango dira.