GaztEHerriak biharko Iruñeko manifestazioarekin bat egin du

Batzarrek torturak eta ilegalizazioak gaitzetsi ditu, baina azaldu du giza eskubideak gehien ETAk urratzen dituela

Erredakzioa
Iruñea
2010eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
GaztEHerriak ere bat egingo du bihar Iruñean, 18:00etan, Golem zinema aretoetatik aterako den manifestazioarekin. GaztEHerriak gogorarazi du mugimenduaren sorrerako agirian salatu zutela gazteei ukatu egiten zaizkiela eskubide zibil eta politikoak, eta proiektu denak gauzatu ahal izatea aldarrikatu zuten. Hartara, bat egin dute biharko manifestazioaren aldarrikapenekin.

Manifestaziorako deia egiteaz gain, hilaren 29an Bruselan (Belgika) Euskal Herriko gazteen eskubideen aldeko martxara joateko gonbita egin dute.

Batzarreren adierazpena

Manifestazioaren atarian, Batzarrek ohar bat igorri die komunikabideei. Tortura «inolako zalantzarik gabe» salatzen du. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Alderdien Legearen alde egin arren, lege hori kritikatzen dute «eragiten dituen arazo demokratikoengatik». Gainera, atxiloketa arbitrarioen, badaezpadako espetxeratzeen eta neurrigabeko zigorren bidez sortzen diren gehiegikeriak salatu ditu.

Dena den, adierazi du giza eskubideak gehien ETAk urratzen dituela bere hilketekin. Haren ustez, torturaren aurkako salaketarekin batera, «ETAren eta kale borrokaren» erasoak salatu behar dira. «Uste dugu bi salaketak uztartu gabe indarra eta babesa galtzen direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.