Eusko Jaurlaritzak gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa aurkeztu zuen atzo iluntzean, Bilboko Alondegian. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, testu labur orokorrak itzultzeko tresna izango da, eta webguneak ere itzuliko ditu. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Juan Alberto Alonso Lucy Software Iberica enpresaren zuzendaria. Alemaniako lantoki horrek Bartzelonan duen filiala arduratu da programa egiteaz.
Itzultzailea.euskadi.net helbidean, herritar guztien eskura dago itzultzailea. 1.024 karaktereko testuak itzuliko ditu programak. Dokumentu luzeagoak itzultzeko, ordea, Eusko Jaurlaritzako intranetean soilik erabiliko dute programa. Erabileraren ondorioz, sistema zuzenduz eta hobetuz joango da, Jaurlaritzak zehaztu duenez. Urgellen esanetan, itzulpen automatikoa «estrategikoa» da Jaurlaritzarentzat. Horregatik, 1,6 milioi euro inguru eman zituen iaz, programa hobetzeko lanak abiatzeko. Bi itzulpennoranzko berri gehitu nahi dizkiote atzo aurkeztutakoari: euskaratik gaztelerara eta ingelesetik euskarara. Datorren urteko udarako itzulpen zerbitzu horiek ere indarrean egotea espero du Auzmendik.
Testuak, zuzen
«Itzulpen automatikoaren sistema integral on bat» izatea da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren helburua, Auzmendiren arabera. «Hori gertatuko da lantzen ari diren itzulpen memorien banku publikoa eta programa lotzen dituzten momentuan». Bestalde, Auzmendik oroitarazi du sistemak behar bezala funtziona dezan testuak zuzen idatzi behar direla; akats ortografikorik gabe, azentuak zuzen jarrita eta puntuazio markak egoki erabilita. Sintaxiak ere zuzena eta ez oso konplexua behar du izan, esan du Auzmendik.
Hori guztia eginda ere, Auzmendik argitu du itzulpena ez dela beti behar bezain zuzena izango. «Ezinbestean» izango da horrela, itzulpen automatikoko programek ez baitute ulertzen itzultzen ari direna. Horregatik,laguntza tresna bat baino ez dela ñabartu du, eta itzulitako testua argitaratzeko edo aurkezteko asmorik izanez gero aurretik giza zuzentzaile batek aztertu eta zuzendu behar duela ohartarazi die erabiltzaileei.
Gaztelerazko testuak unean euskarara itzultzeko programa bat aurkeztu dute
Eusko Jaurlaritzak espero du 2013ko udarako ingeleseko idatziak euskaratuko dituela itzultzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu