"Agur esateko unea iritsi da". Hala dio gaur Gaztesarea.info gazte webguneak. Hots, ixtea erabaki duela, 2003ko martxotik sarean egon ondotik. "Gazteon arteko komunikazioa bultzatu eta sarea osatzeko asmoz" sortu zuten atari digitala.
Iazko uztailean Guardia Zibilak webaren aurka egindako operazioak zerikusia izan duela aitortu du. "Oztopoen gainetik aurrera egiten jakin dugu. Baina operazioak eguneroko jardunean normaltasunez aritzeko oztopoak ekarri dizkigu, aurrera jarraitzea ia ezinezko egiteraino". Hiru gazte atxilotu zituzten orduan, eta irailean beste bederatzi lagun auzipetu egin zituzten.
Urte hauetan guztietan Gaztesarea-k "gazteriak behar izan dituen tresnak" sortu izan dituela dio. "Euskal Herriko gazte mugimendua ez baita komunikabideek dioten bezalakoa, ez gara pasotak, ez gara sofan eserita geldi egotekoak... Guk bestelako jendarte eredu bat eta bestelako Euskal Herri bat dugu amets, eta horretan dihardugu lanean. Errealitate hori existitzen da, nahiz eta batzuek ezkutatu nahi izan. Eta, hain zuzen ere, Gaztesarea urte hauetan isildu nahi izan dituzten horien bozgorailu izan da".
"Sentitu, pentsatu, egin... eta adierazi!" dio, oharraren amaieran. Etorkizunari ate bat zabalduta diotela iradoki du, ordea, "fase hau itxitzat ematen dugu" esanda.
komunikabideak
'Gaztesarea.info'-k ixtea erabaki du, iazko polizia operazioagatik
Guardia Zibilak egindako operazioak "normaltasunez aritzeko oztopoak" ekarri dizkio gazteen webguneari, "aurrera jarraitzea ia ezinezko egiteraino", gaur oharrean jakinarazi duenez. 2003ko martxoan jarri zuten abian ataria, eta "gazteriak behar izan dituen tresnak" sortu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu