«Herri bat, gaztetxe bat», aldarrikatzen dute Euskal Herriko zazpi puntetako gazte asanbladek. Izan daiteke okupatua zuten gunetik kanporatuak izan direlako, edo herriko etxearekin harreman txarrak dituztelako. Eta, etxerik gabe egonik, nora joan? Aukeretako bat izaten ahal da beste leku bat okupatzea, baita administrazioarekin negoziatzen hastea ere, baina beste bide anitz ere badira, erraterako: gaztetxe ibiltari bat martxan jartzea. Ipar Euskal Herriko hainbat gaztetxek aterabide horrekin egin dute aitzina gaztetxearen historiako garai batean edo bestean. Iparraldean, gaztetxeek lurraldeka funtzionatzen dute gehienetan, eta ibiltari izateko bi arrazoi izan daitezke tartean: lehena, etxerik gabe geratu izana eta, beraz, aldi baterako gazte asanblada toki batetik baino gehiagotatik ibilaraztea; bigarrena, berriz, hautu bati dagokio, lurraldeko herri bat baino gehiago hunkitzeko gogoari, hain zuzen.
Zuberoako kasua bien artekoa da: gazte batzuek berriz bultzatu zuten gaztetxearen dinamika 2022an, Pitxu gaztetxea itzali eta hamar bat urtera. Baziren zenbait urte gaztetxea desagertua zela, eta, beraz, gazteria militantearen biltzeko gunea ere bai. Ihintza Malharin izan zen gazte asanblada berriz bultzatu zutenetarik bat: «Helburua zen Zuberoako gazte euskaldunen artean dinamika baten sortzea; ekinaldiak antolatzea, euskal kulturari lotuak, politikoak, hizkuntzaren sustatzekoak. Azkenean, lokala ez da sekula izan gure lehentasuna: guretako, taldearen dinamikaren azkartzea zen inportanteena, eta elkarrekin gauzak antolatzea». Halaxe egin dute geroztik.
Herri ttipien erronka
Zuberoan, Euskal Herriko beste lekuetan bezala, oso zahartua da biztanleria, eta, ikusirik 13.000 biztanle baizik ez direla, ezin da herri bakoitzeko gaztetxe bat plantatu: «Nahi bagenuen gaztetxea euskalduna izatea, Zuberoako gaztetxea egin behar genuen», erran du Malharinek, irriz. Batetik, gazterik nahikoa ez bailitzateke gehiagoren egiteko, eta, bestetik, oraino gutxiago bailirateke gaztetxeen helburu eta norabide politikoekin bat eginen luketenak. Orduan, ez zuten Mauleko gaztetxea sortu nahi izan, «nahiz eta batzuek oraino uste izan hala dela»; Zuberoakoa sortu zuten, eta lokalik ez ukaiteak nolabaiteko askatasuna uzten die gazte asanbladakoei, herriz herri mugitzeko.
Asanbladako kidea da Xarlot Etxeberri ere, eta Pitxu gaztetxe ibiltariaren azken urteetako zenbait geldialdi gogoratu ditu. «Maulen, Ozazen, Muskildin, Ligi-Atherein...». Aukera ukan dute hainbat lekutan ibiltzeko, hala Pettarrean nola Arbailan edo Basabürüan, jendeari oroitarazteko, nolazpait, Zuberoako gaztetxea direla. «Gero, leku zenbaitetara ez gara joaten, jadanik bai baitira dinamikak martxan: Atharratzen Prefosta elkartea, Barkoxen Barkoxe Bizi...».
«Nahi bagenuen gaztetxea euskalduna izatea, Zuberoako gaztetxea egin behar genuen, nahiz eta batzuek oraino uste izan Mauleko gaztetxea garela»
IHINTZA MALHARIN Pitxu gaztetxeko kidea
Zuberoako gaztetxe ibiltariaren muga geografiko ofiziala Domintxainen litzateke, Behaskaneko herriak ematen baitio bide Nafarroa Behereari, nahiz euskalkiak muga hori turbusten duen, inguruko herrietako euskarak alde bateko eta besteko hizkuntz ezaugarriak nahasten baititu. Halere, lana banatu behar da nonbait, eta Pitxu gaztetxeko zereginari Aldaka gaztetxea lotzen zaio Amikuze eskualdean. Ainara Agerre Lako eta Argitxu Arburua gaztetxean zirelarik, bazuen aspaldi Aldaka gaztetxea Donapaleun zela: ber herrian beti, baina lokal batetik bestera mugiturik zenbait aldiz; Agerre eta Arburua asanbladan sartzerako, jabe pribatu bati alokatzen zioten egoitza. «Egia erran, zailtasunak genituen alokairua pagatzeko, prezioa aski gora baitzen eta, beraz, azkenean, kanporatuak izan ginen». Iazko abenduan izan zen hori.
Behin Aldakako gazte asanblada etxerik gabe geraturik, betiko galderari erantzun behar izan zioten: nora joan? «Argi genuen ez geniola berriz jabe pribatu bati alokatu nahi egoitza, elkarteentzat konplikatua baita hilabete guztiz sosa ateratzea. Aldi berean, Aldaka biziarazi nahi genuen, baina edozein egoitza hartu gabe; orduan pentsatu genuen ibiltari egitea. Gainera, uste baikenuen ibiltari izatea interesgarria izaten ahalko zela Amizu osoan ibiltzeko». Halere, zenbait duda ere bazituzten, batez ere lokal batek ekar dezakeen segurtasunari begira: «Amikuze eskualde osoari begira, gaztetxean ez gara anitz, eta beldurra genuen leku fisikoa galtzeak ez zionetz kalte eginen dinamikari; bortxaz, leku batek fisikoki lotzen gaitu elkartearekin. Ez genekien hautu horrek [ibiltari izateak] zer ekarriko zuen gehiago, onurak edo kalteak». Baina, lokalik ez zuten gehiago, eta beste bat atzeman artean, agian, aitzina egin behar zuten.
«Amikuze eskualde osoari begira, gaztetxean ez gara anitz, eta beldurra genuen leku fisikoa galtzeak ez zionetz kalte eginen dinamikari; bortxaz, leku batek fisikoki lotzen gaitu elkartearekin»
AINARA AGERRE LAKOAldaka gaztetxeko kidea
Agerrek, dena den, uste du proposamen berri horren egiteak baduela interesa. «Ibiltari izatea tresna bat izaten ahal da herri ttipiak dinamizatzeko, zuhauren burua gehiago ezagutarazteko... Usu Amikuzeko gazteak ez dira guregana mugitzen, orduan kontrako desmartxa egiten ahal da». Gabadira (Amikuze, Nafarroa Beherea) joan ziren apirilean, herriko gelan gaualdi baten egitera. Arburuak kontatu du: «Gure lehen gaualdia zen lokalik gabe geldituz geroztik: gaualdi polita izan zen, eta jende anitz bildu zen; uste dut motibatu gaituela besterik egiteko». Halere, lokal finkorik ez izateak baldintzatzen du zer-nolako eskaintza egiten den, «gaualdiak egiteko erraztasuna» kentzen baitu, adibidez. Agerrek dio hori ez dela traba bat izan haiendako, gaualdiez bestelako gauzak ere antolatu nahi baitzituzten: «Bestela, gaztetxea fite bilakatzen ahal da after moduko zerbait non jendea etortzen den goizeko bietan. Beste ekitaldi batzuk proposatu nahi genituen euskararen eta kulturaren inguruan».

Karabana gibeletik
Hausnarketa hori Pitxu gaztetxeko kideena ere bada: gaualdiak antolatzeko gelak atzematea zaila izan daiteke, baina hitzaldi baterako edo film proiekzio baterako gunearen aurkitzea, berriz, ez hainbeste; adibidez, urtero egiten dute Peliküla dokumental festibala Mauleko Tokia antzerkigunean edo Zinka ostatuan. Ibiltari izateak, gainera, bultzatzen ditu mugitzera eta beste zenbait elkartetako kideekin harremanetan jartzera, dela elkarrekin ekitaldiren bat antolatzeko edo beste elkarte horiei gela prestatzea galdegiteko. Pitxuko kideek biziki ontzat jo dute elkarte eta elkartasun sare hori. Aldakakoei dagokienez, hasi berriak dira ibiltaritzan, baina azpimarratu dute ibiltari izateak aukera ematen diela bestelako ekitaldiak antolatzeko, bai formatu aldetik baita ingurune aldetik ere, «aire zabalean, adibidez».
Hainbeste ibili ez badira ere, Aldakakoek atzeman dute norekin egin bidea: edonora joanik ere, karabana bat eramanen dute haiekin, baina ez edozein karabana, Hazparneko (Lapurdi) Ttattola gaztetxekoek lokala galdu zutenean lortu zuten karabana baizik, horien aldi erabiliko dutena. Hazpandarrek, beren lokaletik kanporatuak izan zirelarik, 2021ean, karabana bat eskuratu, berritu, eta apaindu zuten, ibiltaritzan hasteko. Handik gutxira, etxe bat okupatu zuten Hazparnen, eta karabana atxiki zuten, egiten ari ziren bidearen ikur, nolazpait, edo «maskota» gisa, kideek deskribatu duten bezala. EHZ festibalari eman zioten garai batez, hura ere ibiltaria izan baitzen urte batez, eta Aldakak eskuratua du geroztik.
Ttattolakoek lokala galdu eta laster adierazi zuten beste bat nahiko zutela, baina tarte horretan, karabanarekin ibili ziren; Aldakakoek ere ikuspegi berdintsua dute: begi onez ikusten dute ibiltaritzaren hautua, baina ez dute aurreikusten betiko hola izatea, hots, egungoa trantsizio garai bat da. 2022an Pitxu berriz piztu zuen belaunaldiak, aldiz, sekula ez du lokalik ukan, eta beren hautuz bilakatu zuten gaztetxea ibiltari, baina, azkenean, haiek ere argi dute etorkizuneko proiektua lokal baten eskuratzea izanen dela. Badira lokalik sekula ukan ez duten zenbait gazte asanblada, badira galdu eta berreskuratu dutenak, baita bazutenak eta gabe geratu direnak ere. Ibiltari izateak, azkenean, erakusten du etxerik gabe geraturik ere gazteria bera dela etxea, aitzina egiteko beti prest.