GEBehatokiak froga gehiago aurkeztu ditu erakusteko Poliziak hil zuela Montxo Martinez Antia

2015ean, Eusko Jaurlaritzako Balorazio Batzordeak ebatzi zuen Martinezek bere buruaz beste egin zuela. GEBehatokiak, berriz, 1975ean gertatutako heriotza haren beste ebaluazio bat eskatu dio gobernuari.

Egiari Zor-ek, irailean, Donostian egindako memoria ekitaldi bat, Martinez Antiarentzat justizia eskatzeko. FOKU
Egiari Zor-ek, irailean, Donostian egindako memoria ekitaldi bat, Martinez Antiarentzat justizia eskatzeko. FOKU
xabier martin
2025eko urriaren 9a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Montxo Martinez Antia ETApm-ko kidea Madrilen hil zen, 1975ean, Francok agindutako azken fusilamenduak baino egun batzuk lehenago. Bertsio ofizialak dio donostiarrak bere buruaz beste egin zuela, baina familiak beti eutsi dio beste bertsio bati: Poliziak hil zuela Martinez Antia. Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak 2015ean ontzat eman zuen Martinezek bere buruaz beste egin zuelako hipotesia, baina, orain, GEBehatokiak froga berriak azaleratu ditu, eta, elkartearen ustez, horien bidez frogatu ahalko da Poliziak hil zuela Martinez Antia.

Hala, Jaurlaritzari auziaren ebaluazio berri bat egiteko eskatu dio GEBehatokiak. Duela hamar urte, Estatuaren biktimak aitortzeari eta erreparatzeari buruzko 107/2012 Dekretuaren arabera, Jaurlaritzak ezetsi egin zuen Martinez Antiaren familiak Estatuaren biktima gisa aitortzeko eta ordaina emateko egindako eskaera, «eta ontzat eman zuen suizidioaren bertsio ofizial frankista», GEBehatokiak gogoratu duenez. 

Gaur, hitzaldi batean azalduko dute auzia, Donostiako Gazteszena zentroan, 18:30ean. Bertan, memoranduma eta ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte GEBehatokiko Aholku Batzordeko kide Axun Lasak, elkarte horretako kide Joxean Agirrek eta Martinez Antiaren militantekide Francisco Javier Ruiz de Apodakak. Gainera, GEBehatokiak ekoitzi duen dokumentala aurkeztuko dute: Montxo: Kasu irekia.

Gorpua hobitik atera dute

Elkarteak gogora ekarri du Paco Etxeberria auzitegiko medikuak 2015eko martxoaren 3an egindako txostenean iradoki zuena: «Posible da zuzeneko beste analisi bat egitea, eta horrek aukera emango luke erakundearen txostenean [Martinez Antia hil zuen] tiroaren ibilbidea egiaztatzeko». Izan ere, orduan proba hori ezin izan zen egin, eta Martinez Antiak jasotako tiroa nork egin zuen argitu gabe geratu zen.

Iazko irailean, ordea, familiak kasuaren beste ebaluazio bat egiteko eskatu zion GEBehatokiari. Dokumentazioa biltzeko eta kasua aztertzeko fase baten ondoren, elkarteak zenbait eginbide egin ditu azken hilabeteetan. Gorpua hobitik atera dute, hasteko. 2025eko otsailaren 28an, Paco Etxebarriak atera zuen lurpetik, Polloeko hilerrian (Donostia), eta bertan izan ziren familia, ETA pm-ko kide ohiak, Egiari Zor fundazioa eta GEBehatokia. «Autopsiaren ondorioak dioenez, gorpuzkien kontserbazio-egoerak ez du ekarri heriotzaren legezko etiologia medikoari buruzko bestelako interes forentserik».

Edonola ere, zuzeneko senideen eta Martinez Antiaren militantekide izan zirenen —Ruiz de Apodakaren eta Iñaki Mugika Arregiren— testigantzak jaso dituzte, eta horiek baztertu egin dute suizidioaren tesia. «Ez dator bat Martinez Antiaren nortasunarekin, ezta ETA pm-k Madrilen egin nahi zuen operazioaren helburuekin ere». Heriotzaren testuinguru politiko eta soziala ere hartzen du oinarri GEBehatokiak baieztapen hori egiteko: Franco bi hilabete geroago hil zen.

Browning bat eta Sten MK bat

Horrez gain, armen aditu-froga bat eskatu du elkarteak, eta hark ere suizidioaren hipotesia zalantzan jartzen du. «Maiatzean, txosten bat eskatu genion aditu independente bati», eta aurtengo uztailean eskuratu zuen GEBehatokiak. Agiri horrek 1975ean Madrilen egindako eginbideei erantzuten die. Ziurtatzen du Martinez Antiaren alboan aurkitutako pistola muntaturik zegoela: «Browning GP-35 pistola erdiautomatikoari dagokionez, ez zen erabili Jose Ramon Martinez Antia jaunarekin batera aurkitu zen kargagailu munizionatua sartu ondoren. Ezin dut jakin aurretik erabili eta kargagailua aldatu ote zen, baina, arman aurkitutako kargagailua sartu ondoren, ez zen erabili».

Gertakarien lekuan zegoen bigarren armari dagokionez —Sten MK metraileta bat—, 1975eko eginbideek ez zuten identifikatu ustezko suizidiorako erabilitako arma gisa, baina hipotesi horretara bideratu zuten: «Gorpuaren ondoan aurkitutako Sten MK subfusilari dagokionez, esan dezaket arma hori erabili zutela, zorro batekin baitzegoen erauzketa-leihoa blokeatzen, eta horrek tiroen sekuentzia etetea eragin zuen. Azterketa bat egin ondoren, ezin dut baieztatu, baina ezta ukatu ere, Sten MK subfusila izan zenik Jose Ramon Martinez Antia jaunari zauri hilgarria eragin zion arma».

Sten metrailetarekin suizidioa egitea «ezinezkoa» dela dio GEBehatokiak: «Bainuontziaren eskuineko aldean pareta bat zegoen, eta horrek eragozten du eskuineko lokian tiroa jasotzeko».

Bada, GEBehatokiak uste du Sten metrailetarekin suizidioa egitea «ezinezkoa» dela. Ustezko suizidioa gertatu zen bainuontziaren neurriei eta antolaerari erreparatzen diote, beren hipotesiari indarra emateko. «Bainuontziaren eskuineko aldean pareta bat zegoen, eta horrek eragozten du eskuineko lokian tiroa jasotzeko, kanoi jotzailera tiro egiteko besoa luzatzea behar den bezainbeste, jaurtigaia ezkerreko lokitik ateraz, beheranzko ibilbide batekin».

Mikel Lejarza 'El Lobo'

Mikel Lejarza El Lobo-ren parte-hartzeaz ere aritzen da GEBehatokiak aurkeztu duen txostena. Izan ere, ETAn infiltratutarik zegoen agente batek antolatu zuen Martinez Antia hil zen operazioa. «Defentsako Goi Mailako Ikasketa Estrategikoen Zentroko kide bat zen, Gorka ETAko kideentzat eta El Lobo Espainiako Zerbitzu Sekretuetako kideentzat. Lejarzak bere gain hartzen du gertakarietan parte hartu izana Yo confieso. 45 años de espía. Las explosivas memorias de El Lobo, el espía más importante de la historia de España liburuan (Aitortzen dut. 45 urtez espioi. El Loboren aparteko memoriak, Espainiako historiako espioirik garrantzitsuena). 

«Heriotza naturala eta akzidentala bazterturik, eta bere burua hiltzeko arma baten erabilera autogenoaren tesia desmuntaturik», GEBehatokiak homizidioaren tesiaren alde egiten du: «Jose Ramon Martinez Antia beste batzuek hil zuten, 1975eko irailaren 18an, goizaldean, eskuineko lokian kanoi ukituaz egindako tiro baten ondorioz».

Hori guztia esanda, GEBehatokiak ondorioak atera ditu. «Heriotza naturala eta akzidentala bazterturik, eta bere burua hiltzeko arma baten erabilera autogenoaren tesia desmuntaturik», GEBehatokiak homizidioaren tesiaren alde egiten du: «Jose Ramon Martinez Antia beste batzuek hil zuten, 1975eko irailaren 18an, goizaldean, eskuineko lokian kanoi-ukituaz egindako tiro baten ondorioz».

Hala, aukera hori hobetsi eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu Maria Jesus San Joseri eskatu diote auziaren beste balorazio bat egiteko, Martinez Antia Estatuaren biktima gisa aitortzeko eta horren ondoriozko ordaina emateko. «Onartu ez duten eta erabakiaren aurkako errekurtsoa jarri duen biktima baten lehen kasua da; onartuz gero, aurrekari bat ezarriko luke etorkizuneko kasuetarako».

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.