Uztailaren 23an bost hamarkada beteko dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidea desagertu zenetik. 50 urte geroago, oraindik ere itzalez beteta dago orduan jazotakoa, eta auziaren inguruko bi hipotesi kontrajarri daude mahai gainean. Hain zuzen, horiek aztertu ditu Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, eta modu argian egin du alde batera: «GEBehatokiaren ikerketak ondorioztatzen du Perturren desagerpen behartua estatu egiturekin lotutako operazio planifikatu bat izan zela, eta ETApm-ko kide ohien erantzukizuna baztertzen du».
Azken bi urteetan, GEBehatokiak auziaren inguruko dokumentazioa berrikusi eta testigantzak bildu ditu ikerketa osatzeko; besteak beste, «Perturrekin militantzian aritu eta bizipen politikoak izan» zituztenen lekukotzak. Hala, azaldu dute aurrez publikoki aztertu ez diren zenbait daturen berri izan dutela, eta, horiek kontuan izanda, ondorioztatu dute «zantzu eta froga nagusiek» Espainiako estatu egiturekin eta «gerra zikinarekin» lotzen dutela Perturren desagerpen behartua.
Txostenean, banan-banan heldu diete ondorio horretara iristeko bildu dituzten elementuei. Hasteko, GEBehatokiaren esanetan, Perturrek bilera faltsu baterako deia jaso zuen, hura bahitzeko asmoz, eta «agerikoa» da haren inguruko norbaitek «bilera faltsua errazteko ezkutuko lana» egin zuela. «Espainiako zerbitzu sekretuek haren inguruan kokatuta zuten kolaboratzaile batek entregatu zien Eduardo Moreno Bergaretxe bahitzaileei».
Hitzordua: Pausun, 11:30ean
Auziaren ingurukoak zehaztean, adierazi izan da Perturrek bi hitzordu zituela uztailaren 23 hartan. Lehenengoa Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Consolation tabernan, 09:30ean. GEBehatokiaren arabera, baina, ez zen izan halakorik, eta Perturrek asmatu egin zuen kide batzuekin topo egitean. Argudiatu dute bere etxebizitza berria non zegoen ezkutatzeko egin zuela hori, ETApm-ko beste kide batzuekiko eta Espainiako Estatuko aparatuekiko mesfidantza zela medio.
Hala, GEBehatokiak azaldu du egiaztatuta geratu den hitzordu bakarra Pausun (Lapurdi) egin beharrekoa zela, 11:30ean, eta haren berri Joseba Aulestia Zotza-k eman ziola Perturri. Hura Moreno Bergaretxeren «konfiantza osoa» zuen kide bat zen, GEBehatokiak azaldu duenez.
Hala, ikerketaren arabera, hura da ETApm-ko berezien parte hartzea baztertzeko lehen zantzua, haiek ez baitzuten Aulestia «kontrolatzen». Kontrara, argudiatu dute Espainiako zerbitzu sekretuek soilik izan zezaketela halako operazio bat prestatzeko gaitasuna: «Infiltrazioa, hitzordu tranpa bat jartzea, bahiketa egitea eta frogak ezabatzea». Horretarako, uste dute «probableena» dela Italiako neofaxistak edo bestelako mertzenario talde batzuk baliatu izana, Pertur bahitu eta Espainiara eraman zezaten.

Are gehiago, GEBehatokiak uste du bereziek Pertur bahitu nahi izan balute ekintza hura ez luketela Francisco Mujika Pakito-k eta Migel Angel Apalategi Apala-k egingo: «bi kide ezagunenek». Haiek dira Pertur bizirik ikusi zuten azken pertsonak; Donibane Lohizunen jaso eta Urruñara eraman zuten, hark hala eskatuta.
Era berean, behatokiak uste du bahitu nahi izan balute saiatuko zirela jendeak ez ikusten, eta ez zen hala izan, Eleuterio Jauregi Trotski-k eta beste errefuxiatu batek ikusi baitzituzten, eta haiekin hitz egiten aritu baitziren: «Garrantzitsua da gogoratzea Perturrek berak eskatu ziela ibilgailuan eramateko eta, helmugarako bidaian, beste bi errefuxiaturekin lasai hitz egin eta txantxetan aritu zela, berezien taldeko bi kide ezagunenekin autoan zihoala».
Horri segika, GEBehatokiak uste du hamarkadatan arrastorik ez agertzeak are gehiago ahultzen duela hipotesia, «nekez» gauzatu daitekeelakoan halako zerbait «ekintza inprobisatu batekin».
Atxalandabaso eta Aljeria
Perturren desagerpena bereziekin lotzeko argudio nagusia bi aldeen arteko ezberdintasun politikoak izan dira. Izatez, ETApm-ko barne eztabaidak zirela medio, 1976ko apirilean bertan Pertur bahitu zuten militantzia kide batzuek, diziplinarik eza eta «informazio ihesa» leporatuta; Biltzar Ttipian parte hartzea galarazi nahi zioten, baina, gehiengoak hala eskatuta, askatu egin zuten, eta bileran parte hartu zuen. Hain zuzen, garai hartakoa da Perturrek bere bikotekide Lourdes Auzmendiri berezien jarrera kritikatzeko bidalitako gutuna; «aurkariak ezabatu» nahia egozten zien.
GEBehatokiak uste du «maniobra trakets» bat izan zela atxiloketa hura, «jokaleku oso zailean hartutako diziplina neurria», baina ez zela «kontu garbitze baten aurrekari» izan. «Txosten honetarako jasotako lekukotzen arabera, inork ez zuen aurreikusten kide baten deuseztatze fisikoa, ezberdintasunak sakonak izanagatik ere, jokaleku politiko gaizto batean, presio polizial eta parapolizial handi baten pean», azaldu du behatokiak.
Eta, garai hartako testuinguru politikoari lotuta, Espainiako Estatuaren esku hartzearen hipotesia indartzen duen beste auzi bati heldu dio. «Erabakigarritzat» jo dute Sabin Atxalandabasok ere jaso zuela hitzordu faltsu baterako deia garai hartan. Hura ere ETApm-ko Bulego Politikoko kide zen; zehazki, Nazioarteko Aparatuko burua. Hain zuzen, Pertur desagertu baino aste batzuk lehenago, biak elkarrekin egon ziren Aljerian, FLNko zuzendaritzarekin biltzeko. «Han, Aljeriako polizia instalazioetan ETAko dozenaka militanteren entrenamenduari buruzko xehetasun teknikoak lotu zituzten. Bai Espainiako Poliziak, bai enbaxadak berak kontaktu horiek kontrolatu zituzten. Hori dela eta, bi-biei aldi berean hitzordu faltsuen berri eman zieten barne bideen bidez, eta hori da legez kanpo harrapatu nahi izan zutela azaltzen duen lotura behinena», zehaztu du GEBehatokiak.

Horiek hala, GEBehatokiak uste du Aljeriako Gobernuarekin zituzten harremanak hausteko asmoz egindako ekintza bat izan zitekeela desagerpena, edo apirilean ETApm-k Espainiako Poliziako bi inspektore —Jesus Maria Gonzalez eta Jose Luis Martinez— hil zituztelako egindako «mendekua». Edonola ere, GEBehatokiak adierazi du «argiki» dokumentatua dagoela ETAko kideen eta, zehazki, Perturren kontrako «mehatxuen, jazarpenaren eta gerra zikinaren taktika luze bat». Adibide gisa, aipatu du Moreno Bergaretxeren bahiketaren aurretik La Voz de España egunkariko artikulu batean baieztatzen zela ETAren bi adarretako hainbat kideren buruari «prezioa» jarri zitzaiola; tartean, Perturrena.
Lehenbailehen
Ondorio horiek kontuan izanda, Giza Eskubideen Behatokiak bi eskaera egin ditu. Batetik, Espainiako Estatuari eskatu dio auziarekin lotutako dokumentazio oro desklasifikatzeko. Bestetik, familiaren nahiarekin bat eginda, gorpuzkien kokapenaren inguruko informazioa izan dezakeen edonori dei egin dio «gizalegez eta lehenbailehen» laguntza emateko, «egokitzat dauzkan bideetatik»: «Familia honen sufrimendua amaiarazteko garaia da». Izan ere, GEBehatokiak uste du ez dela behar beste egin desagerpenaren ingurumariak argitzeko; hala ebatzi zuten EHUko Unesco katedrak egindako ikerketan ere.
ETApm-k berak ikerketa bat egin zuen 1976an: Espainiako Estatuari egotzi zioten Pertur bahitu izana, eta Brigada Politiko Sozialeko zenbait kideren parte hartzea jarri zuten jomugan. Gerora, baina, erakundea banatuta, bi hipotesiak hasi ziren zabaltzen.
Espainiako Auzitegi Nazionalean, berriz, Fernando Andreu epaileak ikertu zuen auzia. 2008an ekin zion ikerketa hari, baina 2012an artxibatu zuen, desagerpena pertsona edo talde bati egozteko froga faltagatik. Hain zuzen, ebazpen hartan, Andreuk adierazi zuen garai hartako Gipuzkoako Gobernu Zibilak eta SECED inteligentzia zerbitzuek ez zutela beharrezko ikerketarik egin, eta «erabateko utzikeriaz jokatu» zutela.
Hori bera ere argudio gisa erabili du GEBehatokiak. Uste du benetan ETAko kideek hil izan balute Espainiako Estatua auzia frogatzen saiatuko zela, baina kontrakoa egin duela: «50 urte hauetan ez du hatz bat ere mugitu».