Fredrik Gerttenek (Malmo, Suedia, 1956) eta Manteo Bizirik elkarteak Push - Für das Grundrecht auf Wohnen (Push: etxebizitzarako oinarrizko eskubideren alde) dokumentala proiektatu zuten Donostian, urbanismoaren eta etxebizitzaren inguruan hausnartzeko zikloaren barruan. Bartzelona, Londres, Toronto (Kanada) eta beste hiri batzuetako etxebizitzen egoera aztertu du dokumentalean. Leilani Farha Bizileku Egokiko NBEko kontalari berezi ohia da protagonista, eta bere lanaren zati bat ikus daiteke. Izan ere, Farhak The Shift (Aldaketa) izeneko elkartea sortu du, eta etxebizitza izateko oinarrizko eskubidearen inguruko gomendioak ematen dizkie bankuei, enpresa eraikitzaileei, hirietako alkateei eta abarrei.
Nola landu behar da etxebizitzaren arazoa? Arazo lokala da, baina baita globala ere.
Bai, hala da. Mundu guztian pairatzen dute Donostian gertatzen dena. Ezagutzen nuen gentrifikazio hitza, baina hori prozesu naturala da. Berehala ikasi nuen gertatzen ari dena finantziarizazioa dela: finantza merkatuak garrantzia lortzea bizitzako arloetan. Lehen, kapital handiek hoteletan eta bulegoetan inbertitzen zuten, baina orain ikasi dute hobea dela txiroenen etxebizitzetan inbertitzea. Negozio eredu bortitza da, eta munduko hiri guztietako bizitza aldatu dute. Blackstone izan da merkatuan gehien sartu den funtsa, eta ondoren askok kopiatu diote, kapitalismoa ez baita batere sortzailea. Etxe zaharrak erosten dituzte, pixka bat berritzen dituzte, eta gero etxe hori hasierako prezioa halako bi edo hiru garestituta saltzen dute. Gainera, Airbnb-k eta eredu horretako aldi baterako alokairuek merkatua suntsitu dute.
Nola irauli daiteke egoera hori?
Ni ez naiz politikaria, baina uste dut lege gehiago egiten badira demokrazia handiagoa egongo dela. Donostia bezalako hiri batek Airbnb eta Blackstone bezalako konpainiak kaleratu beharko lituzke. Inbertitzaileek epe motzeko inbertsioak egiten dituzte; horregatik, etxebizitzekin dirua hain azkar lortzea eragozteko legeak behar ditugu. Adibidez, Danimarkak Blackstoneren kontrako legea dauka: etxebizitzan inbertitzean, ezin dute dirurik atera hurrengo bost urteetan. Horrez gain, maizterrak babestu behar dira.
Nola da posible oinarrizko eskubide batekin negozioa egitea?
Gehiago esan behar dugu etxebizitza egokia izatea oinarrizko giza eskubidea dela, eta ez lukeela zerikusirik izan behar merkatuarekin. Funtsek, berriz, nahiago dute etxebizitza merkatua terminoa erabili. Kontua da nola ateratzen ditugun etxeak merkatura. Frantziako hirietan etxebizitzen %25ek sozialak izan behar dute. Beste herrialde batzuetan, jabeen komunitateak dira bizileku batzuen jabeak. Orduan, etxebizitzetan egindako inbertsioen aurkako legeak egingo balira, burtsa erori egingo litzateke. Hori da jokoa, eta herritarrok gatibuak gara. Horregatik, politikari sortzaileak eta ausartak behar ditugu. Orain, [Donald] Trump mundua aztoratzen ari den honetan, kapitalismo mota hau hausteko garaia da agian.
«Lehen, kapital handiek hoteletan eta bulegoetan inbertitzen zuten, baina orain ikasi dute hobea dela txiroenen etxebizitzetan inbertitzea»
Zer neurri hartu daitezke bizileku hutsak betetzeko?
Adibidez, Singapurren, paradisu sozialista ez den herrialde batean, zergak daude bizilekua hutsa dutenentzat: isun bat ordaindu behar dute. Beraz, legeak behar dira, eta ez dugu etxebizitzak hutsik egotea onartu behar.
Farhak dio «mundu mailako mugimendu bat» behar dela arazoari aurre egiteko. Mundua batu daiteke etxebizitzaren arazo globalari aurre egiteko?
Ultraeskuinak herrialde askotan agintzen du, baina hiri handietan, orokorrean, ezkerrak edo berdeek agintzen dute. Hala, hiri handiak batera doazen erresistentzia mugimendu bilakatu dira. New Yorkeko, Londresko eta Parisko udalek elkarrekin hitz egiten dute, eta hiri askotan jada ez dute Airbnb-rentzako lizentziarik ematen. Baina parlamentua ez badago haien alde; zaila da arazoari aurre egitea. Etxebizitza izateko oinarrizko eskubidea nazioartekoa da, hau da, herrialde guztiek sinatu dute. Hortaz, jendea kalean bizi bada; eskubide horren aurkako krimenak egiten ari dira.
Dokumentala 2019koa da. Hortik aurrera, zer joera hartu du etxebizitzaren egoerak?
Nik uste dut orain kontzientzia handiagoa dagoela, baina krisia larriagoa dela. Munduko biztanle gehienentzat, bizitzaren kostua garestiagoa da orain pandemiaren aurretik baino. Etxebizitzaren prezioak soldata igoeren erritmoan igo beharko luke, baina etxebizitzen prezioa askoz ere gehiago handitu da. Gainera, desberdintasun hori handiagoa da herrialde txiroetan.
«Etxebizitza izateko oinarrizko eskubidea nazioartekoa da, hau da, herrialde guztiek sinatu dute. Hortaz, jendea kalean bizi bada, eskubide horren aurkako krimenak egiten ari dira»
Bisitatu dituzun hirietan, zer etxebizitza politika iruditu zaizu egokiena?
Herrialde bakoitzak bere eredua bilatzen du. Garrantzitsuena da hirietako udalak, kooperatibak edo elkarte independenteak etxebizitza askoren jabeak izatea; horrela, merkatutik kanpo geratzen dira.
Hainbat hiriren egoerak aztertu dituzu dokumentalean. Zer antzekotasun ikusi dituzu Donostian?
Donostian turistifikazio handia egon da, Europako hegoaldeko hiri askotan bezala, eta gehiegizko turismoa arazo bilakatu da. Horren inguruan hitz egin nuen Venezian [Italia], baita Mexikon ere. Nire ustez, konponbide bat izan daiteke beste herrialdeetako eragileekin hitz egitea; gatazka globala baita, eta ez bakarrik Donostiarena.