Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Miguel Buen. PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua

«Gehien bozkatutako zerrenda errespetatuko nuke; baita Bildurena ere»

Ahaldun nagusi izatera helduko den esperantzarekin lehiatuko da berriz ere. Miguel Buenek dio prest dagoela «edozeinekin» ituna egiteko, betiere PSE-EEren programan oinarritzen bada

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Gipuzkoako PSE-EEren hauteskunde programa mahai gainean duela hartu gaitu Miguel Buenek (Ardisa, Aragoi, Espainia, 1947). Bakegintzari buruzko atala, lehenengoa, dauka irekia; ondoren datoz, hurrenez hurren, ekonomia, zerga sistema, gizarte zerbitzuak, azpiegiturak... Ahaldun nagusi izateko zorian egon zen 2007an. Haren zerrenda izan zen gehien bozkatutakoa, baina gobernua osatzerakoan, orduan EA osatzen zuten egungo Hamaikabateko kideek Markel Olano babestu zuten, eta gobernua osatu. «Gerora ikusi da gobernuko kideen artean desadostasun handiak zeudela eta ez zutela gobernu programarik. «Desgobernua izan da Olanorena», dio Buenek. Ziur da oraingoan ere PSE-EErena izango dela gehien bozkatutako zerrenda. [Elkarrizketa hau Konstituzionalaren sententzia jakin aurretik dago eginda].

2007an gertatu zena saihesteko, zeinekin negoziatuko zenuke orain?

Hitzarmen guztiak dira zilegi, baina programan oinarrituta egin behar da gobernu ituna. Gure kasuan, adibidez, ez dugu azpiegituren gaia kanpoan utziko; Aralarrekin edo EBrekin ezingo genuke hitzarmenik egin, beraz.

EAJk dio PPrekin egingo duzuela hitzarmena.

Lelo bat baino ez da hori. Gipuzkoan, alderdi sozialistak ez du inongo udaletan PPrekin gobernatzen, eta bai EAJrekin, H1ekin edo EBrekin. Hori hala, nondik atera dute argudio hori? Ez dugu lehentasunezko harremanik PPrekin, baina horrek ez du esan nahi kanpoan uzten dugunik.

Gehien bozkatutako zerrenda errespetatzera konprometituko zinateke?

Ez daukat inolako eragozpenik, besteek gauza bera egiten badute.

Eta zerrenda hori Bildurena baldin bada?

Baita ere. Hauteskundeetan badago, hori izango da Auzitegi Konstituzionalak ulertu duela zerrenda horrek ez diola ETAren inolako estrategiari erantzuten, eta, beraz, legezkoa dela.

Gipuzkoako soziologia kontuan hartuta, bideragarria izango litzateke gutxiengoan agintzea?

Ez dezagun ahantz hiru diputazioetan gutxiengoan gobernatu dutela azken lau urteotan. Beraz, zaila bada ere, gobernatu daiteke. Hala ere, eta gaur egungo krisialdia dela eta, uste dut hobe dela gobernu sendo bat. Baina, berriz diot, gobernu akordioak programetan oinarrituta egin behar dira.

Bake eta normalizazio politikoari begira, zer ekarpen egingo duzue?

Oinarrizkoena ETAren amaiera da, eta uste dugu ezker abertzalea urrats serioak egiten ari dela norabide horretan. Baina bizikidetza geroago etorriko da. Zailagoa izango da. Herri txikietan gorroto handiak sortu dira, eta hor daude oraindik. Zorionez, beste herri batzuetan baino hobeto gaude. Hemen, eraikin berean bizi gaitezke batzuk eta besteak. Baina bide luzea daukagu egiteko, eta denok hartu behar ditugu kontuan terrorismoaren biktimak, noski, baita urte askoan sortu diren bidegabekeria guztiak ere. Horiek onartu, eta barkamena eskatu behar dugu alderdi sozialistako kideok.

Testuinguru politiko berriak kolokan jar al dezake Eusko Jaurlaritza edo Espainiako Gobernua?

Arriskuan daude, bai. Gobernuak arriskuan badaude, egon daitezela. Demokrazian eta joko arauetan sinesten dugu guk. Ez dugu hauteskunde kalkulurik egiten gai honekin.

Ezker abertzalearen legez kanporatzeek zer eragin izan dute Gipuzkoan?

Zeini egin dio mesede gehien? Nire irudiko, EAJri. Nik ez dut ahanzten Batasuna urte luzez aurkeztu zela hauteskundeetaneta soilik instituzio bakar batera joaten zela: udaletara. Batzar Nagusietan EAJk legealdi batzuetan gobernatu zuen gutxiengoan, gehiengo izango balu bezala. Ni asko haserretzen naiz EAJko jende honekin. Uste dut Bilduko eta ezker abertzaleko jendeak hausnarketa hori ere egin duela. EAJ ezker abertzalearen estrategia batzuez baliatu da ia leku guztietan nahierara gobernatzeko.

Zuen programaren ardatz nagusietako bat dira azpiegiturak. Egungo testuinguru ekonomikoan bideragarriak al dira ?

Noski. Pasaiako kanpoko kaiaren kasuan, adibidez, aurreikusita dago 2013ko erdialdealdera hastea lanak. Finantzaketa aldizkakoa izango da, 2013an hasi eta ia 2030 urteraino joango gara. Ordurako, egungo krisi ekonomikoa gainditua egongo da; are gehiago, litekeena da obrak martxan direla, ekonomiak gorakada bat izatea. Nik uste dut baliabideak badaudela. Gainera, elkarlan publiko-pribatua dago. Lan horiek guztiak, agian, aurretik jarri behar ziren martxan. Baina, tira, orain da momentua. Enplegua sortzeko ikuspuntutik, lan horiek beharrezkoak direla uste dut. 44.000 langabe ditugu, eta erdiak eraikuntzatik datoz. Azpiegitura horiek beharrezkoak dira, enplegua sortu eta Gipuzkoa modernizatzeko.

Ingurumen Ministerioaren azken txostenean gogor kritikatzen da Pasaiako kanpo kaiari buruzko aurreproiektua

Hori ez da txosten bat, alegazioak dira. Alegazio horiek errealitatea zein den jartzen dute mahai gainean, eta informazio gehiago eskatzen digute. Alegazioak dio kalteak aurreikusten direla, eta logikoa da hori. Baina ez dago Ingurumen Ministerioan txosten bat esaten duena kanpoko kaia ezin denik egin.

Eta txosten horrek berretsiko balu alegazioek diotena, atzera egingo zenuke proiektuarekin? 2007ko negoziazioetan hori esan zenuen.

Ingurumen Ministerioak ez badu proiektuaren memoria onartzen, beste irtenbide batzuk bilatu beharko dira: txostenak gehiago osatu, beste norabide batzuetan lan egin... Baina nik ez dut hori aurreikusten.

Zerga sistema dela eta, EAJ eta H1 ez dira ados jarri. Zein da PSE-EEren jarrera gain horren inguruan?

Egungo egoeran tresna baliagarria da zerga sistema, eta hori erabili behar da, ahal izanez gero, beste bi diputazioekin eta Eusko Jaurlaritzarekin adostuta. Zerga sistema aldatu baino gehiago zenbait neurri hartu behar dira. Enpresentzako hobariak berrikusi behar dira, ez baitzaizkie hobariak ematen enplegua sortzen dituzten enpresei, emakumeentzako enplegua sustatzen dutenei.... Sozietateen gaineko zergari dagokionez, ekarpenak egin ditugu oposiziotik, baina EAJk PPrekinegin du akordioa. Zerga iruzurraren alorrean ere gehiago egin behar da. Ondareen gaineko zergan eskua sartu behar da. Uste dut gutxienez beste bi diputazioekin bateratu behar direla neurri horiek, ondare eta kapitalak lurralde batzuetatik bestera mugi ez daitezen. Badirudi, EAJrentzat Gipuzkoa Bilboren sukurtsal bat dela. Bilbon esaten dutenari men egiten diote hemen.

Gizarte zerbitzuen alorrean ere ika-mikak egon dira gobernuko kideen artean.

Eskuinarentzat, izan abertzalea edo ez, gizarte zerbitzuak gastu bat dira. Egun ditugun baliabideak mugatuak dira, baina ausardiaz jokatzeko unea dela uste dugu. Nire ustez, bi dira gakoak. Alde batetik, instituzioentzako obligazio bat da behar hori duten pertsonengana gerturatzea, baliabideak jartzea... Bestetik, gizarte zerbitzuen alorreko langileen lan baldintzak egokitu behar dira, egiten duten lanarekin bat datozen diru sariak jaso ditzaten. Zenbait kasutan, lan kontraturik ere ez dute... Era berean, ezkutuko ekonomia agerikoa egin behar da, eta emigranteei eskubide guztiak bermatu behar zaizkie.

Euskararen alorrean zer proposamen egiten duzue?

Gure helburua da euskara eta gaztelania berdin erabili ahal izatea kalean. Helburu hori lortzeko lanean ari diren erakundeekin elkarlana sustatu nahi dugu, diru laguntzak gehitu nahi ditugu,baina aukeraketa egoki bat eginda. Uste dugu batzuetan diru laguntzak eta hitzarmenak sinatzen direla eta, ondoren, ez dela erakunde horiek egiten duten lana ebaluatzen. Sozialistok autokritika egin behar dugu alor honetan. Euskara ez da nazionalistena soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.