Seaskako zuzendari ohia

Hur Gorostiaga: «Euskaldunak sortzeko makina bat da Seaska, eta, beraz, babestu behar den sistema bat»

Gorostiaga baikor agertu da ikastolek eta euskarak azken urteetan egin dituzten aitzinamenduak direla eta. Ofizialtasuna lortzea ezinbestekotzat jo du beste urrats batzuk egiteko.

Hur Gorostiaga, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Hur Gorostiaga, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemezortzi urtez izan da Seaskako zuzendari Hur Gorostiaga (Donostia, 1972), baina iritzi dio «ziklo baten bukaerara» iritsi dela. Ardura hartu zuelarik, 2.400 ikasle eskolatuak ziren Seaskan, eta, orain, berriz, 4.300; halaber, hamahiru ikastolaren sorrera bultzatu eta lagundu du. «Hemezortzi urte bizitza bat da kasik; iruditzen zait indar berriak eta odol berria sartzeko garaia dela. Uztekotan, orain zen momentua». 

Ikastolen bilakaera ez ote da egonkortze batera iritsia?

Arazoa da sortze kopurua izugarri jausten ari dela urtez urte, eta, beraz, kopuruei begiratuz,  bada egonkortze bat lehen hezkuntzan. Hala ere, proportzioan, goiti segitzen dugu. Eta gero bada beste errealitate bat: hainbat gurasok haurra sare elebidunean sartzen dutela, murgiltze deitzen duten sistema horretan. Klasean euskaraz egiten dute, eta klasetik kanpo dena frantsesez da. Ez da egiazko murgiltzea. Hala ere, guk ere bultzatu dugu sistema hori, gure helburua baita gizartea osoki elebiduna izan dadin. Eta guk bakarrik ezin dugu lortu.

Haur hezkuntzan hasi dira horrelako klaseak garatzen, baina, lehen hezkuntzara iristean, %50 egiten dute euskaraz; eta horrek ez ditu betetzen egindako promesak. Haur horiek ez dira euskaldun ateratzen. Azken urteetan ikusten dugu eskola publikoko murgiltzean hasten diren hainbat gurasok ikastolan sartzen dituztela haurrak lehen hezkuntzan. Inoiz baino beharrezkoagoak ditugu ikastolak, eta etorkizunean ere badugu zer egin. 

Ikastoletan ere bada euskalduntzearen kezka hori.

Inork haurrak euskalduntzen baldin baditu, ikastolak euskalduntzen ditu. Beste sareetan, edo familia euskalduna da arrunt, edo bestenaz ez dute lortzen. Inkesta bat egin dugu Plazara-rekin, eta argiki agertzen da ikastoletako gurasoen bi herenak frantsesdunak direla, eta gurasoen laurdenak Euskal Herritik kanpo sortuak, bereziki Frantzian. Ez da pentsatu behar ikastoletara familia euskaldunak heldu direla, inondik ere; eta lortzen dugu familia horiek euskalduntzea. 

Lortzen da egiazki? Euskara maila da kezka.

%85ek lortzen dute B2 maila hirugarren mailan; lizeora segitzen dutenen artean, %100ek; C1a gutxiagok, ez baita gazteentzat egokitutako azterketa bat. Beraz, bai Ipar Euskal Herrian eta bai Euskal Herri osoan ere, ikastolak dira gehien euskalduntzen dutenak, eta horregatik uste dut babestu beharreko tresna bat direla. Anitzetan kolpeak biltzen ditugu, eta ez gara ohartzen altxor bat direla. Euskaldunak sortzeko makina bat da Seaska, eta, beraz, babestu behar den sistema bat. Sekulako makina da, belaunaldiz belaunaldi sekulako inplikazioa eskatzen duena, bai irakasleena, bai guraso eta langileena, eta ikasleena ere bai. Baina bai, ikastolak euskalduntzen du, eta gehien euskalduntzen duen egitura da.

«Azaroaren 21ean manifestaldi inportante bat iraganen da Baionan , euskararen koofizialtasunaren alde, euskaldunek frantsesen eskubide berak ukan ditzagun. Ez gehiago, baina ez gutxiago ere»

Zer dute eskas ikastolek Ipar Euskal Herrian?

Nik uste dut ikastolek ofizialtasuna eskas dutela, euskararen ofizialtasuna, eta, horrekin, automatikoki etorriko litzateke ikastolen eta murgiltzearen aitortza ofiziala. Gu entseatzen gara ikastolan berean familia frantsesetatik heldu diren horiek euskaraz mintza daitezen. Eta ikastolatik kanpo ere bai, hau ez dadin burbuila bat izan bakarrik; ikastolatik kanpo ere izan dezaten aisialdia edo eguneroko bizitza euskaraz. Eta, horretarako, biziki inportantea da Euskal Konfederazioan lan egiten duten beste elkarte guztien lana. Ikaragarria da.

Bai, hori da falta duguna: ofizialtasuna. Eta uste dugu urrats hori egin daitekeela. Estatu aparatuak dira bakartuak direnak. Bai, Korsikaren kontra egiten dutenean, ofizialtasunaren kontra aritzean, edo hemen duten jardunean. Gizarteak euskara nahi du, euskara gose da. Hemengo hautetsiak, luzaz euskararen kontra aritu ondoren, ez dira gehiago kontra egitera ausartzen. Eta, alderantziz, euskararen aldeko urratsak egiten ari dira. Baina aitortza ofiziala falta da, ofizialtasuna. Azaroaren 21ean manifestaldi inportante bat iraganen da Baionan , euskararen koofizialtasunaren alde, euskaldunek frantsesen eskubide berak ukan ditzagun. Ez gehiago, baina ez gutxiago ere.

Parisekin etengabeko ika-mikak izan dira azken hemezortzi urte hauetan. 

Azken finean, sokatira bat da hor: tiratzen duzu, eta alde batera joaten da soka; beste batean, beste aldera. Baina uste dut gure aldera tiratzen ari garela geroz eta gehiago, eta aitzinatzen ari garela. Lehen eman ditut datuak: ikasle kopurua doblatu dugu, sail elebidunetan ere ikasle kopurua handitzen ari da. Orain, bigarren mailetan garatu behar da. Guk bost kolegio ditugu, eta beste lizeo bat irekiko dugu. Lanbide heziketako hirugarren saila ere irekiko dugu, heldu den ikasturtean. Urratsez urrats, aitzinera goaz, eta pentsatzen dut bide onean goazela.

Baina arazoa da gaur egun Frantziako Estatutik heldu diren biztanle horiek guztiak proportzionalki gehiago direla hemen sortzen direnak baino; horrek desorekak sortzen ditu, eta hizkuntza politikan sekulako eragina du. Orain dugu indarra eman behar, orain ditugu plegu onak hartu behar kanpotik heldu diren horiek ere euskalduntzeko. AEKk ez ditu behar diren baliabideak helduak euskalduntzeko, nahiz eta azken erabakietan badirudien urratsak egin direla. Baina, zinez gure gizartea euskaldundu nahi baldin badugu, hori eta askoz gehiago ere egin behar da. Ez gaitezen itxurakerian gelditu. Gu ez gaude horretarako: gure gizartea euskalduntzeko tresnak sortu eta garatu nahi ditugu.

«Seaska egitura militante bat da, baina ez da borroka egitura bat. Seaska hezkuntza eragile bat da, militantea, baina bere mugak atxiki behar ditu. Eta jakin behar du negoziazioetan zerbait uzten, ez baita egun batetik bestera dena irabazten ahal»

Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika da hor jokoan dena. 

Parisko edo Bordeleko ordezkariak parean ditugunean, ikusten dugu haientzat euskara ez dela hizkuntza bat, folklore istorio bat baizik. Beraz, galdegitea edergailu izan daitekeen zerbaiti ofizialtasuna ematea, azterketen bidez, erakunde publikoetan euskaraz arituz eta beste... Ez da borondate txarra dutela; haien buruan, haien aplikazioetan ez da sartzen euskara = frantsesa ideia. Zailtasun hori dugu. Hemen lortu dugu, halere, hautetsiek ideia hori ulertzea. Begiratu genezake orain euskarazko azterketen alde agertzen diren hautetsi batzuek zer erraten zuten orain dela hamar bat urte. Pazientzia handia behar da, baina uste dut urrats onak egiten ari garela eta aitzinatzen ari garela gai guztietan. Gero, instituzioek denbora behar dute, eta badituzte beren erresistentziak. Guk ere bai.

Seaska egitura militante bat da, baina ez da borroka egitura bat. Seaska hezkuntza eragile bat da, militantea, baina bere mugak atxiki behar ditu. Eta jakin behar du negoziazioetan zerbait uzten, ez baita egun batetik bestera dena irabazten ahal. Botere publikoekin ere hori gertatzen da. Ezinbestekoa da akuilu lana egitea, baina jakin behar dugu haiek ere mugak badituztela. Eta mugetaraino eraman behar ditugu beti, muga horiek pusatu eta hurrengo mugara joateko. Eta uste dut horretan ari garela. 

Euskalgintzak beste indar harreman bat ezarri behar du? 

Bai, hori ideala litzateke. Baina tartean dira bakoitzaren mugak, instituzio bakoitzaren mugak. Euskal Elkargoa ere, azken finean, mankomunitate bat da. Ez du legerik egiten: Parisen egiten diren legeak aplikatu behar ditu. Botere legegilea balu beste zerbaitetara pasatuko ginateke; ez bakarrik hizkuntzaren gaian, baizik eta laborantzan, hirigintzan eta beste arlo batzuetan ere bai. Baina ditugun tresnak ditugu. Eta konbentzitze lana egin behar da. Nik borondate ona ikusten dut Ipar Euskal Herriko eragile guztietan. Elkarlana izan behar da, nahiz eta batzuetan horrek eskatzen duen elkarretaratze bat egitea toki batean edo okupazio bat bestean, muga horiek mugitzea zaila baita beti.

Zer asmo duzu hemendik aitzina?

Sanferminetan itzuli bat, Baionako bestetan beste bat: udan, pausatu eta arnasa hartu. Seaskako zuzendari izatea egunean 24 oreneko eta astean zazpi eguneko lana baita. Pentsatzen dut geroan ere euskarak izanen duela zerikusirik nire lanean. Eta ez bada lanean, militantzian izanen da, euskara ardatz izan baitut beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA