Bi urte eman ditu Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzan Garbiñe Saez Molinuevok (Amurrio, Araba, 1980), 2013ko urtarrilean hasi baitzen ardura horretan. Ez dago ados autoen zirkulazioaren kudeaketa isun eta salaketekin identifikatzen duen ikuspegiarekin: «Hori badago, noski, baina askoz gehiago ere bai». Ukatu du sailaren asmoa «dirua biltzea» dela: «Istripua gertatu arte, ez gara jabetzen nolako egoera latzak suertatzen diren familietan eta nolako sufrimendua ekar dezakeen ganoraz ez gidatzeak».
Duela gutxi plazaratu dira auto istripuetan 2014an hildakoen kopuruen datuak. Jaitsiera nabarmena dago hiru herrialdeetan. Nola baloratzen dituzue datuok?
Dudarik gabe, balorazio positiboa egin behar dugu. 2014an 29 pertsona hil ziren auto istripuen ondorioz, eta hori, 2013ko datuekin alderatuta, %48ko jaitsiera da. Horren arrazoi nagusia da gidariok gero eta arduratsuagoak garela. Trafiko Zuzendaritzak egindako kontzientziatze lanak izan du zerikusia. Amaitzeko, eguraldia ere aipatu behar da: ezin da ukatu 2014an oro har eguraldi ona izan dugula eta horrek laguntzen duela istripu gutxiago izaten.
Hala ere, «zuhurrak» izateko beharra nabarmendu duzue. Zergatik?
2014an nabaritu dugu zenbait unetan ibilgailuen kopuruak gora egin duela gure errepideetan. Aurreikusten dugu joera hori indartuko dela, eta horrek esan nahi du arriskua ere handitu egingo dela. Beraz, zuhurtzia eta errespetua ezinbestekoak dira.
Beraz, krisi ekonomikoaren ondorioz azken urteetan nabaritu den trafiko jaitsierari buelta ematen ari zaiola antzeman duzue?
Egia da ibilgailu gutxiago izan ditugula gure errepideetan, eta 2013an ere hala izan zen. Baina 2014an igoera txiki bat ikusi dugu, %3,5ekoa, eta udako zenbait asteburutan, handiagoa. Kontuan hartu behar da gu mugan gaudela, nazioarteko trafikoa ere jasotzen dugula, eta hori, zenbaitetan, oso garrantzitsua izan daiteke.
Krisiak beste eragin bat izan du: autoen zahartzea. Kezkatzen al zaituzte kontu horrek?
Familiak txarto pasatzen ari dira, eta guk ezin dugu gizartea behartu auto berriak erostera. Baina gure ardura da errepidean dabiltzan autoak teknikoki ondo egotea. Gure datuen arabera, 2013an, Euskal Autonomia Erkidegoko autoen ia erdiek, %49k, hamar urte baino gehiago zuten. Horrek ez du esan nahi auto horiek gaizki daudenik, baina, arazorik ez edukitzeko, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa gainditu behar da, beharrezko aseguruak eduki behar dira, eta abar. Gure ardura da hori kontrolatzea.
«Kolektibo ahulenekin» lan egiten jarraitzeko beharra nabarmendu duzue. Zeintzuk dira kolektibo horiek?
Betikoak izaten dira: txirrindulariak, motorzaleak eta ume eta gaztetxoak, baina azken urteotan ikusi dugu pertsona nagusiak ere kontuan hartu behar direla. Egia da iazko datuak positiboak direla kolektibo horiei dagokienez, baina egia da zer hobetu ere badagoela; esaterako, istripuz hildako motorzaleen kopurua jaitsi da 2014an, baina ez da jaitsi hildako auto gidarien kopurua jaitsi den neurri berean.
Eta txirrindulariak?
Txirrindularien kasuan ere datuak oso onak izan dira 2014an, baina, adibidez, urte hasieran ikusi genuen istripuak ugaritu egin zirela, inor hil ez zen arren, eta horrek kezka sortu zigun, noski.
Umeak eta adinekoak ere aipatu dituzu.
Umeen kasuan, uste dut lan ona egiten ari garela, adibidez umeak babesteko aulkiak jartzeko moduaz informazioa ematen. Trafiko Zuzendaritzan ez daukagu aukerarik familia guztiengana heltzeko; horregatik saiatzen gara gizarte eragileekin elkarlanean aritzen, kasu honetan pediatrekin, elkarteekin edo horrelako aulkitxoak saltzen dituzten dendekin, prestakuntza eman eta informazio hori hedatzeko.
Nagusiei dagokienez, kontuan hartu behar dugu gure gizartean adinekoak gero eta ugariagoak direla. Harrapaketen gaiak kezkatzen gaitu bereziki; iaz hildakoen kopurua jaitsi egin zen, baina gutxi. Horretan ere lanean ari gara.
Logikoa al da auto batek orduko 200 kilometro baino gehiagoko abiadura hartu ahal izatea, kontuan hartuta gehieneko abiadura 120 kilometrokoa dela?
Ez dut beharrezkoa ikusten, baina arlo desberdinak dira enpresen arlo pribatua, etekina lortu nahi duena, eta arlo publikoa, gizartearen ongizatea kontuan hartu behar duena.
Gehieneko abiaduraren afera nola ikusten duzu?
Iaz Espainiako Gobernuak onartutako Trafiko Legean aipatzen da tarte jakin batzuetan gehieneko abiadura orduko 130 kilometrokoa izatea, baina arautegia ez dago oraindik onartuta. Nik ez dut uste horrek zentzu handirik duenik. Euskadin, behintzat, gure orografia eta eguraldia kontuan hartuta, ez dut egingarri ikusten. Eta, gainera, suposatzen da tarte labur horiek panel berezi batzuen bidez iragarri behar direla. Uste dut dirua gastatzeko beste kontu garrantzitsuago batzuk daudela.
Zer iritzi duzu radarrak detektatzeko gailuen inguruan?
Ezin dut ulertu zergatik denok oso argi dugun lege eta arau batzuk bete beharrekoak direla, eta trafiko arauekin, berriz, ez dugun sentsibilitate eta errespetu bera. Gehieneko abiadura ezarrita baldin badago, ez dut ulertzen zergatik egon behar dugun adi radarra dagoen edo ez. Kontziente izan behar dugu azkarrago joaten bagara lege bat urratuko dugula eta, gainera, horren ondorioak oso larriak izan daitezkeela, heriotza barne.
Garbiñe Saez Molinuevo. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria
«Gehieneko abiadura igotzea ez dut egingarri ikusten»
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan auto istripuz hildakoen kopurua jaitsi zen 2014an; hala ere, errepidean «zuhurtziaz eta errespetuz» jokatzeko beharra nabarmendu du Saez Molinuevok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu