Aberastasuna zuzen banatzea, kalitatezko enplegua sortzea eta ordaindutako zein ordaindu gabeko lana banatzea. Hiru oinarri horiek ditu EH Bilduk justizia doziala bermatzeko proposatzen duen ereduak. Laura Mintegi lehendakarigaiak argi esan du: EH Bilduk ekonomia pertsonen zerbitzura jarri nahi du, eta hori lortzeko, enpleguak izango du lehentasuna. «Kalitatezko enplegua sortu, eta lana banatu nahi dugu».
Gasteizen izan zen atzo Mintegi, Belen Arrondo Arabako zerrendaburu, Mikel Santiago Justizia soziala alorreko arduradun etaLorena Lopez de Lacalle Arabako hautagaiarekin batera. EH Bildukoak ez ziren bakarrik egon, ordea: Celsa Atlantic enpresako —Laminaciones Arregui izandakoa— zenbait langileere izan ziren haiekin, tartean Gerardo Gonzalez EH Bilduko zerrendakidea eta enpresako langileen delegatua. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak enplegua erregulatzekoenpresaren txostena atzera bota du aste honetan, eta Mintegik «bihotzez zoriondu» zituen enpresako langileak hilabeteetan egindako borrokagatik. Haren hitzetan, langile horien borroka «eredugarria» izan da, eta, horregatik, koalizioaren sostengua izango dutela adierazi zien.
Enplegua izan da EH Bilduren goizeko hauteskunde ekitaldiko gai nagusia.Kalitatezko enplegua lortzeak lehentasuna izanik,lan harremanetarako euskal esparrua eta gizarte babeserako sistema propioa izatea ezinbestekoa dela uste du koalizioak, eta, egoera horretara ailegatzeko, «pauso eraginkorrak» emango dituela hitzeman du.
Mintegik jakinarazi duenez, lana eta aberastasuna banatzeko hainbat neurri hartzeko asmoa dauka koalizioak datorren legealdian. Batetik, helburua soldatak «zentzuz orekatzea» izango da, eta, horretarako, gehieneko eta gutxieneko soldataren arteko aldea, asko jota,1-12 artekoa izatea proposatu du.Proposamen hori legez arautzeko modua bilatuko du EH Bilduk. Bestetik, «beste soldata minimo eta duinago bat» ezartzea ezinbestekotzat jo du koalizioak, eta, horretarako,lanbide arteko gutxieneko soldata pobrezia mailatik gora ezarriko du, 1.075 eurora igota.
Lan astea laburtzeko ahalegin sendoa egingo dutela azaldu du, halaber, Mintegik. Hala, enplegua banatzeko helburuarekin, 35 lanorduko astea proposatu du koalizio abertzaleak.Lana banatzeko bitartekoak jartzeko konpromisoa ere hartu du, bai ordaindutako bai ordaindu gabeko lanari dagokionez. Erretiro adinari dagokionez, berriz, berriro ere65 urtekoa izatea proposatu du, eta errelebo kontratuarena, 60 urtekoa. Aldi baterako laneko enpresak desagertzea eta pentsio sistema publikoa sortzea ere EH Bilduren lehentasunen artean daude.
Helburu horiek lortzeko, diru publikoa hainbat helburutarako erabiliko luketela azaldu du EH Bilduko lehendakarigaiak: tartean, aipatu du sistema politikoa indartzea, zerbitzu sozialetarako enplegua sortzea, ikerketa eta berrikuntza bultzatzea eta ehun produktiboan eta eskualdeen garapenean inbertitzea daudela. Eta diru publikoa lortzeko bideaere zein izango den argi dauka koalizioak: zerga sistema progresibotik eta «bideragarritasun sozialik» ez duten azpiegituren luzapenetik aterako lukete dirua, Mintegik jakinarazi duenez.
«Dirua badago»
EH Bilduren arabera, diru hori guztia zerbitzu publikoa indartzeko erabili behar da, bai eta ehun produktiboa mantendu, sustatu eta berritzeko eta ikerkuntzan eta berrikuntzan eta energia berriztagarrietan inbertitzeko ere. «Soilik horrela lortuko dugu ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea».
Izan ere, EH Bilduk argi dauka badagoela baliabiderik, badagoela dirurik, arazoa baliabide eta diru horiek nola banatzen diren dela. «Gazteak, emakumeak eta, oro har, sektorerik ahulenak ezin izan daitezke krisiaren zigorra hartzen dutenak. Gehien daukatenek gehiago eman behar dute: aberastasun handien gaineko zerga, elkarteen gaineko zerga eta iruzur fiskalaren aurkako borroka dira, besteak beste, soluzioetariko batzuk».
Bestalde, negoziazio kolektiborako esparru propioa sortzeaz gain, EAEko Gizarte Segurantzaren gaineko eskumen osoa aldarrikatu du koalizioak. Besteren artean, Lanbideren egitura birmoldatu nahi du EH Bilduk, enplegurik ez duten pertsonei laguntza osoa emateko.
Enpleguari lotuta, bestelako proposamen batzuk ere baditu EH Bilduk, «justizia soziala» bermatzeko. Koalizioaren arabera, gaur egun emakumeek egiten duten lana aitortzen ez delako edota jada milaka eta milaka langabe daudelako, familia unitate ugari lan ordainik gabe daude jada, baina bitartean Menpekotasun Legean zein laguntza sozialetan murrizketak egiten ari dira Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza. Hori gorabehera, koalizioak proposatu du familia unitate guztiek diru laguntza bat izatea legez. Jaurlaritzara iritsiz gero, «inolako murrizketarik gabe» hori bermatzeko konpromisoa ere hartu du,eta beharrezkoak diren lege aldaketak egingo dituela hitzeman du.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu
Gehieneko eta gutxieneko soldataren arteko aldea gutxitu nahi du EH Bilduk
Koalizioak zerga sistema «progresiboa» ezarri nahi du, diru hori enplegua sortzeko erabili ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu