Eusko Jaurlaritzaren lehen ehun egunak igaro direla-eta, EiTB Focus inkesta sortan seigarrena argitaratu du hedabide publikoak. Horren arabera, EAJk egun dituenak baino legebiltzarkide bat gehiago lortuko lituzke; 29. Boto portzentajean ere haziko lirateke jeltzaleak, 0,6 puntu gora eginda (guztira, %29,2).
EH Bilduk jarraituko luke bigarren indarra izaten, hemezortzi ordezkariri eutsita. Ehunekotan ere apenas izango lukeen aldaketarik iazko hauteskundeekin alderatuta; %21,2ko babesa izango lituzke (lehendik -0,1 puntu). Nabarmen egingo luke gora, ordea, PSE-EEk; Jaurlaritzan EAJren bazkide denak egun dituenak baino bi legebiltzarkide gehiago izango lituzke (guztira, 11), botoen %13,4 lortuta (+1,5). Hirugarren postua lortuko luke PSEk, Elkarrekin Podemos gaindituta, eta Jaurlaritza babesten duten bi alderdiek 40 legebiltzarkide lituzkete; egun baino hiru gehiago, eta gehiengo absolutua baino bi gehiago.
Elkarrekin Podemosek eta PPk egingo lukete behera bozak berriro eginez gero. Laugarren indar politikoa litzateke Elkarrekin Podemos, 11 ordezkaritik bederatzira jaitsita eta boto portzentajea ere 2,1 puntu urrituta (orotara, %12,8). PPk segituko luke parlamentuko talde txikiena izaten, ordezkari bat (denera, zortzi) eta 0,5 puntu galduta.
Urkullu, Iriarte eta Zabala, gaindituta
Politikarien balorazioaz ere galdetu du Gizaker etxeak, EiTBrentzat inkesta egin duenak. Hiru politikarik gainditu dituzte bost puntuak: Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak (6,39), Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak (6,30) eta Pili Zabala Elkarrekin Podemosekoak (5,56). Bost puntu lortzetik gertu dago Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia (4,97), eta dezente atzerago PPko buru Alfonso Alonso (2,94). Edozein kasutan, bosten balorazioak gora egin du irailaz geroztik.
Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %71,3k gainditutzat ematen dute Jaurlaritzaren lehen ehun egunetako jarduna, eta %64,7k ontzat jotzen dute EAJ-PSE ituna.