ELA, STEE-EILAS eta LABek osatutako gehiengo sindikalak maiatzaren 25erako grebara deitu du hezkuntza publikoan. ELAko Kepa Altunak, STEE-EILASeko Belen Arrondok eta LABeko Txetxu Rojok gaur Bilbon egindako agerraldian azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hitzarmen kolektiborako negoziazio mahaian planteatutako "murrizketen" ondorioz hartu dute erabakia. Unibertsitate publikoa deialditik at dago, eta guztira 20.000 irakasle eta 200.000 ikasle deitu dituzte grebara.
Altunak azaldu du, Hezkuntza Sailarekin lau hilabetez bildu ondoren, ez dela egon "egiatako negoziaziorik". "Hezkuntza Saila bere proposamenak aurkeztera mugatu da eta ez du egin ahaleginik akordiora ailegatzeko". Greba egunaren aitzinetik ere mobilizazio gehiago eginen dituzte ikastetxeetan: maiatzaren 13an asanbladak, eta 20an, berriz, bilkurak. Hala ere, sindikatuak "negoziatzeko prest" daude, eta Hezkuntza Sailetik "proposamen on" bat jasoz gero, mobilizazioak egitea "birplanteatu" eginen dute.
Rojok kritikatu du Hezkuntza Sailak ez duela nahi astebete baino gutxiagoko ordezkapenak irakasle berrien kontratazioarekin egitea. Horren ordez, une horretan klaserik ematen ari ez diren ikastetxe bereko irakasleek bete behar dute ordezkapena. Klaserik eman ez arren, "ez du esan nahi libre daudenik", zehaztu du Rojok. Neurri horrekin, urtean 16.000 ordezkapenetatik 6.000 ez lirateke beteko, LABeko ordezkariaren arabera.
Hezkuntza Sailaren proposamenaren bertze zenbait neurri ere kritikatu ditu Rojok: Irale irakasleentzako euskalduntze programaren "murrizketak", gela bakoitzeko ikasle kopurua handitzea, eta aldi baterako irakasleen eta ordezkoen egoeraren parekatzea.
Hezkuntza
Gehiengo sindikalak maiatzaren 25erako grebara deitu du hezkuntza publikoan
ELA, STEE-EILAS eta LABek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak planteatutako "murrizketen" aurka egin dute mobilizazio deialdia. Unibertsitateei ez die eraginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu