Geletan are ikasle gehiago pilatzeko agindu die Iribasek Nafarroako eskolei

Ikasleen ratioak haztea «kasuz kasu» aztertuko zutela esan bazuen ere, bi ikasle gehiago jarriko ditu gobernuak gelako

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak hezkuntzan murrizketak egiteko proposatutako neurriak bere egiten jarraitzen du Nafarroako Gobernuak: gehiago pilatuko ditu ikasleak, irakasle gutxiagorekin moldatu ahal izateko eta kaleratzeak egiteko. Joan den astean hedabideen aurrean gauza bat esan eta sindikatuei beste bat iragarri die Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak: gehienezko ikasleen kopurua igotzea «kasuz kasu» aztertuko zutela jakinarazi zuen; ordea, eskola guztiei aginduko die ratioak igotzeko. Orain baino bi ikasle gehiago ere sartu ahalko dituzte geletan irakats-aldi gehienetan.

Gaur biltzekoa da Iribas kontseilaria sindikatuekin, baina dagoeneko adierazi die zein neurri hartu dituen Iruñeko gobernuak. Bileran eman beharreko informazioa hiru txostenetan batuta igorri die Hezkuntza Departamentuak langileen ordezkariei. Gaur xehetasun gehiago jasoko dituzte, baina jadanik aurreratu dute protesta egingo dutela asteon bertan.

Komunikabideei joan den astean eman zien neurrien berri Iribasek. Irakasleek eskola ordu gehiago eman beharko dituztela baieztatu zuen, eta hori bera berretsi die orain sindikatuei: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleek 25 eskola ordu izango dituzte, orain baino bi gehiago; besteek, 20-22 artean, bi gehiago.

Irakasleak kanporatzeko bidea da eskola orduak areagotzea. Hori egin dute oraingo ikasturtean Nafarroan: institutuetako maisu-maistrei ordubete gehiagoz emanarazi diete eskola, eta 235 irakasle kanporatu dituzte sindikatuen arabera. Neurri gogorragoa izango da datorren ikasturtekoa: beste bi ordu izango dituzte irakats-aldi guztietako maisu-maistrek.

TIL eredukoei, lansari gehiago

Eta ikasleak pilatzeak ere izango du eragina lantaldeetan, irakasle gutxiago beharko baitituzte eskolak emateko. Madrilek mahai gainean jarritakoa baino gutxiago batuko dituzte —oraingo mugak %20 handitzea proposatu zuen PPren gobernuak, eta Nafarroan %8 ingurukoa da hazkundea—, baina iragarritakoa urratu du Iribasek berak. Esan zuen ratioak handitzea ez zela izango arau orokorra: «Beharrezkoa denean, kasuz kasu aztertuko dugu ikastetxearen eta hango ikasleen egoera». Lehen Hezkuntzan eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, orain baino bi ikasle gehiago pilatu ahalko dituzte geletan, eta Haur Hezkuntzako azken urtean ere bai; Haur Hezkuntzako azken-aurreko urtean, berriz, beste bat.

Langileen soldata osagarrietan ere murrizketa nabariak iragarri ditu Iribasek. Institutuetako sailen arduradun direnek 235 euroko lansari gehigarria dute; aurrerantzean, 163koa izango da handiena, eta sail txikietako arduradunek ez dute saririk ere jasoko. Gastua murriztea helburutzat jarri badute ere, lansari berri bat sortu du Iribasek: TIL hizkuntzen tratamendu integralerako ereduan ari diren eskoletako ikasketa buruek beste ordainsari bat izango dute.

Neurrien berri izan orduko, protestak iragarri dituzte sindikatuek, eta gaurko bileraren ostean zehaztuko dituzte. ELAk ez du egun zehatzik jarri oraindik, baina bai CCOOk: biharko egin du deia. Protesta gehiago ere izango dira bihar: Ikasle Altxamendua prestatzen ari dira Ikasle Abertzaleak. Herriz herri salatuko dituzte hezkuntzako murrizketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.