Emakumeek bikotekidearen zein bikotekide ohien partetik jasandako indarkeria kasuen salaketa edota Ertzaintzak zabaldutako dosierrak azken zortzi urteotan bikoiztu egin direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Iturri horrek atzo argitaratutako datuen arabera, iaz emakume bi hil ziren genero indarkeriaren ondorioz. Aurten, berriz, hiru dira dagoeneko.
2009ko indarkeria sexistaren txostena aurkeztu zuten, EAEn genero indarkeriaren biktima diren emakumeak izenburukoa, Eusko Jaurlaritzako Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako zuzendariak. Emandako datuen arabera, emakumeen aurkako indarkeria kasu gehienak erasotzailearen eta biktimaren artean nolabaiteko harreman sentimentala egon denean gertatu ohi dira. Genero indarkeria pairatzeko arrisku handiagoa dago, Mariola Serranoren ustez, bikotekide zein bikotekide ohiaren partetik beste edozeinengandik baino.
Indarkeria kasuen artean, familia barruko indarkeria kasuetan -erasotzailea aita, semea edo familiako beste kideren bat denean- izandako salaketak bikoiztu egin direla erakusten dute Mariola Serranok atzo azaldutako datuek. 2002an 563 salaketa izan ziren, eta 2009an 1.099 izan dira. Horren harira, azaldu du indarkeria kasuen %94tan erasotzailea familiako kideren bat izaten dela, eta datu horretatik honako ondorio hau argitaratu du; genero indarkeria pairatzeko arrisku handiagoa dago erasotzailea eta biktima elkarrekin bizi direnean edo bizi izan direnean.
Sexu askatasunaren aurkako erasoei dagokienez, aurreko urteetatik hona mantendu egin direla uste du.
2002-2009 urteen artean, denera, 22 emakume hil dira genero indarkeriaren ondorioz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hildako emakumeen batez besteko adina 45 urtekoa izan da, eta %77,2 bikotekideek hil dituzte. Iaz bi hildako eta 4.859 biktima izan zirela diote Herrizaingo Sailaren datuek; betiere, jarritako salaketak eta Ertzaintzak zabaldutako txostenak kontuan harturik eman dituzte datu horiek.
Mariola Serranok aipagarritzat jo ditu adinarekin lotutako datuak: genero indarkeriaren biktimen %35 18 eta 30 urte bitartekoak dira, eta erasotzaileen %27, 30 urte baino gutxiagoko-ak.
Genero indarkeriaren biktimen %32 atzerrian jaioak direla erakusten dute datuek; gainontzeko emakume biktimen %68tik %54 Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban jaioak dira. Iazko datuei begira, ikusten da emakumeen aurkako eraso gehiago gertatu zirela maiatzean, ekainean, uztailean eta abuztuan.
Horrez gain, asteburuetan aste barruan baino eraso gehiago izaten dira. Horren azalpen legez, argi dago egun horietan bikotekide, bikotekide ohi edo familiako kideekin denbora gehiago izaten dela. Eguneko orduei dagokienez, 19:00etatik 23:00etara bitartean gertatzen dira erasorik gehienak.
Erasoak saihesteko neurriak
Genero indarkeria saihesteko martxan jarritako kontrol neurrien inguruan, 2004ko azarotik hona 84 emakumek izan dute bizkartzaina, erasoak ekiditeko. Ertzaintzak emandako babeserako sakelako telefonoak eta eskumuturreko bilatzaileakere aipatu dituzte agintariek, neurri eraginkor gisara. Orotara, 4.885 emakumek dira dute nolabaiteko babes poliziala.
Nolanahi ere, Rodolfo Ares eta Mariola Serranok «sexistak ez diren balioetan oinarritutako hezkuntza lantzearen garrantzia» nabarmendu dute, ororen gainetik, eta gizarte osoaren partaidetza ezinbestekoa dela esan.
Genero indarkeria kasuak bikoiztu egin dira azken zortzi urteotan
Iazko salaketa eta ikerketen berri eman du Jaurlaritzak, bortxa eragiten eta jasaten dutenen datu sortarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu