Genero indarkeriaren biktimek txosten bakarra izango dute EAEn

Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako bortizkeriari aurre egiteko bigarren plana onartu du

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Genero indarkeriaren biktimen harrera hobetzea eta erakundeen arteko elkarlana eta koordinazioa hobetzeko xedea du Eusko Jaurlaritzak. Helburu horrekin onartu du genero indarkeriaren aurkako bigarren jarduera plana. Besteak beste, biolentzia sexistaren biktimek txosten bakarra izango dute, eta bertan bilduko dute gaiari dagokion historial guztia. Txosten bakarra bideratzeko material informatikoa prestatzea du helburu Jaurlaritzaren planak.

Horrekin batera, biktimen harrera hobeto egitearren, leihatila bakarra jarri nahi du martxan Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak gai horretan eskaintzen dituen zerbitzuak hobeto koordinatu nahi dituzte, biktimek erantzun partzialak ez ditzaten jaso.

Bigarren planaren arabera, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du genero indarkeriaren biktimei laguntza emateko, bortizkeriarik gabeko bizimodu bat aurrera eraman ahal izan dezaten. Aldi berean, sexu esplotazioa eta emakumeen trafikoari aurre egiteko neurriak martxan jarri nahi dituzte.

Sentsibilizazioa

Jaurlaritzaren planaren beste helburu bat da genero indarkeriaren aurka lanean ari diren erakunde eta profesionalek koordinazio hobea izatea elkarren artean.

Koordinazioa hobetzea ez ezik, Jaurlaritzak beharrezkotzat jo du sentsibilizazioa, prebentzioa eta ikerketa bultzatzen jarraitzea, «arazo larri hau» gizarteak hobeto uler dezan. Besteak beste, hezkuntza alorrean lan berezia egin beharra dagoela uste du Jaurlaritzak, ikastetxeetan tolerantzia, errespetua eta berdintasuna bezalako balioak zabal ditzaten.

Izan ere, Jaurlaritzaren aburuz emakumeen aurkako indarkeriaren arazoak luzera begirako irtenbidea du hezkuntzaren alorrean lan eginez gero, balio ez-sexistak zabaldu eta barneratu ahala. Gazteei begira web orri bat martxan jarri nahi du Jaurlaritzak, eta beste hainbat kanpaina antolatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.