Azaroak 25

Genero indarkeriaren biktimen omenez, plaza bat inauguratu dute Bilbon

'Azaroaren 25eko Emakumeen Plaza' izena jarri diote plazari; eragile instituzional eta sozialek salatu dute emakumeen jasaten duten egoera.

jon eskudero
2012ko azaroaren 23a
17:06
Entzun

Genero indarkeria jasan duten emakumeei omen eginez eta esker ona adieraziz, plaza bat inaguratu dute Bilbon. Azaroaren 25eko Emakumeen Plaza izena jarri diote enparantzari, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Bailen kalearen amaieran dago plaza; hain zuzen ere, Naxako tren geltoki zaharraren gainean, Itsasadarrera eta Areatzara begira. Ekitaldi hunkigarria egin du Bilboko Udalak plaza estreinatzeko. Hainbat eragile sozial eta instituzional bildu dira bertan; Oihane Agirregoitia udaleko berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, ezinbestekoa da haurrak zein gazteak arazoaren inguruan kontzientziaraztea: "Indarkeria matxistari aurre egiteko euren jarrera ezinbestekoa dela adierazi behar diegu gazteei, gizarte justuago bat eraikitzen lagun dezaten".

Horregatik, Bilboko bi ikastetxetako 11 eta 12 urte bitarteko ikasleak ekitaldian izan dira. Amaiera aldera, puntu lila batzuk ezarri dituzte taula batean —genero indarkeriaren kontrako ikur gisa—, eta adierazpen bat ere irakurri dute: "Beste batekiko errespetua galduz gero edo tratu txarrak emanez gero, norberaren errespetua ere galdu egiten da, eta pertsona izateari uzten dio".

Indarkeria matxistaren biktimei plaza bat eskaintzeko ideia iazko martxoan sortu zen. La Brakamonte elkarteak egin zuen proposamena, Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren izenean. Bilboko Emakumeen Kontseiluak babestu egin zuen ideia, eta iazko azaroan egindako Batzar Nagusian proposamena garatzeko lantaldea sortzea onartu zuten. Bada, lanaren ondorioak gaur eman dituzte argitara, Azaroaren 25eko Emakumeen Plazaren bitartez.

Hamaika ekitaldi antolatu dituzte iganderako, indarkeria matxistaren kontrako egunerako. Hainbat eragilek, ordea, gaur egin dituzte elkarretaratzeak eta ekitaldiak.

Eusko Jaurlaritzak, esate batera, goizeko hamar eta erdietan egin du elkarretaratzea. Emakunde bertan izan da, eta Maria Silvestrek kritikatu egin du tasen legea: "Tasen legeak emakumea babesik gabe uzten du, eta hori aldatzea eskatzen dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.