Duela justu bi aste egin zioten jendaurreko omenaldi bat Gerardo Bujandari (Donostia, 1919), Donostian, Antigua auzoan, abuztuaren 25ean. EAJko ordezkaritza zabala bildu zen. Saseta batailoiko azken gudaria zen Bujanda. 36ko gerra hasi zenean Euzko Gaztediko kidea zen, eta Saseta batailoian eman zuen izena. 17 urte zituen orduan. 1937an preso hartu zuten, Santoñako akordioak tarteko zirela; lau urte eman zituen bortxazko lanetan, eta bost Afrikan erbesteratuta.
Euskal Herrira bueltaturik, 1946 aldera, EAJko arduradunetako bat izan zen klandestinitatean. Berriemaile ere aritu zen Radio Euzkadin, Jon de Igeldo izengoitia hartuta, eta 2004an liburu bat argitaratu zuten haren kronikekin: 'Jon de Igeldo' Corresponsal clandestino de Radio Euzkadi. Hala esan zuen aurkezpenean: "Egindakoa ez da isilik eduki behar; egindakoak ikasbidea ekar badezake, esan egin behar da". Francoren diktadura amaituta, 1977ko eta 1979ko hauteskundeen ondoren diputatu izan zen.
Kulturgintzaren eta euskalgintzaren arloan ere ekarpen handia egin zuen Bujandak, eta, 2003an, Argizaiola saria eman zioten Durangoko Azokan, Loiolako Herri Irratia sortzen egindako lanagatik.
Haren seme Mikel Iruñeko Euskalerria irratiko zuzendaria da.
Gerardo Bujanda gudari, alderdikide eta laguna 100 urterekin joan egin zaigu. Nire miresmen eta esker ona adierazi nahi nuke gure herriaren eta demokraziaren alde egin zuen guztiagatik. Eredu izan da euskaldun askorentzat. Goian bego. pic.twitter.com/ZHriEEolXH
— Markel Olano Arrese (@markelolano) September 5, 2019
Duela astebete bizipenak konpartitu genituen, beti bezain gustura, eta beti bezain alai. Gaur joan egin zara. Egun handira arte Gerardo! Goian bego. pic.twitter.com/w7j9ZFNsIN
— Eneko Goia (@EnekoGoia) September 5, 2019
Gerardo Bujanda gudaria hil da 100 urterekin. Mende oso bat eman du Euskal Herriaren alde. Ikuskera ezberdinak erraz bat egiten zituen gizona... Emaztea, seme-alaba, etxekoei eta familia politikoari doluminak. pic.twitter.com/oihJ2LBLAs
— Maddalen Iriarte (@MaddalenIriarte) September 5, 2019