Erreakzioak

«Gerla deklarazioa da»

Legelariak, erakundeetako kargudunak eta euskararen aldeko elkarteetako ordezkariek gogor jo dute, besteak beste, murgiltze eredua Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo duen ebazpenaren kontra. Ebazpenak sorturiko egoera konpontzeko Frantziako Konstituzioa aldatzea besterik ez dagoela ohartarazi dute.

Jean Rene Etxegarai, Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakariak gerla deklaraziotzat jo du ebapena. FRANçOIS GERLAND
Ekhi Erremundegi - Edu Lartzanguren
2021eko maiatzaren 21a
13:34
Entzun

«Gerla deklarazioa». Hitz horiek behin eta berriz agertu dira Frantziako Konstituzio Kontseiluak ebatzitakoa deskribatzeko. Legelariak, erakundeetako kargudunak eta euskararen aldeko elkarteetako ordezkariek gogor jo dute, besteak beste, murgiltze eredua Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo duen ebazpenaren kontra.

Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak «gerla deklarazioa» aipatu du: «Konstituzio Kontseiluak gaur hartu erabakia gerla deklarazioa da tokiko hizkuntzen kontra! Errepublikaren hizkuntza frantsesa bada ere, tokiko hizkuntzak Frantzia osatzen duten lurraldeen izateen adierazgarri onenak dira».

Eneritz Zabaleta zuzenbide doktoreak argi du: «Gerla deklarazio bat egin dute». Ebazpenak argi dio itunpeko eskola izateko ezin duzula murgiltze eredua proposatu. «Ondorioz, Seaska, Diwan eta Calandretak, Estatuarekin kontratupean izanik, Konstituzioaren kontrakoak dira. Ez dakit ohartzen diren Parisen, idatzi dutenak zer ondorio dituen», adierazi du. Bere hitzetan, ebazpen honek «dena zalantzan» ematen du. «Estatuak kontratu horiek ezeztatuko ditu? Galdetuko du murgiltzerik ez egitea? Ilegalitatean kontratuak atxikiko dituzte? Zer eginen du ministerioak? Zabaltzen da sekulako ziurgabetasuna Seaskarentzat».

Zabaletaren hitzetan, orain, egoera hau aldatu nahi bada, Konstituzioa aldatu beharko da. «Frantsesa inposatzen duen 2. artikulua kendu edo osatu beharko da, gainerako hizkuntzei lekua emateko». Parekidetasun legearekin gertatutakoa oroitarazi du. «Aplikatu nahi izan zirelarik Konstituzio Kontseiluak erran zuen berdintasunaren kontrakoa zela. Konstituzioa bi aldiz aldatu behar izan zuten parekidetasunaren legea lortzeko».

Hori izan liteke, bere ustez, hemendik aitzina abiatu litekeen bataila. «Politikoki haserrea eraginen du. Zer eginen dute legearen alde bozkatu zuten diputatuek? Konstituzioa aldatzeko bilduko dira?», galdetu du.

«Izugarri haserre nago», idatzi du Max Brisson Pirinio Atlantikoetako diputatuak, eta fokua jarri du legearen aurkako helegitea aurkeztu zuten LREM diputatuen gainean: «Tokian tokiko hizkuntzen kontrako gorrotoa erakutsi dute, eta erantzukizuna euren gain hartu beharko dute». Ohartarazi die euren jokabideak ondorioak ekarriko dizkiela. «Gure lurraldeetako hizkuntzen benetako transmisioa ziurtatzeko modu bakarra den murgiltze eredua kolokan jarri izanaren erantzukizun larria eramango dute». Halere, pozik agertu da besteak beste ikastolak diru publikoz laguntzeko baimena ematen duen artikulua ez dutelako zentsuratu.

Paul Molac diputatu bretoiak «sinestezina!» idatzi du sare sozialetan, eta Frantziako presidenteari eskatu dio berehalako lege proposamen bat aurkezteko Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko. Diputatua izan zen legearen bultzatzaile nagusietako bat, eta horregatik deitzen diote arauari Molac Legea.

«Gure hizkuntzen aurkako militantismoak gehiegi iraun du. Konstituzio Kontseiluak bertan behera uzten du eskoletan emaitza akademiko bikainak eman dituen metodo pedagogikoa, ez da metodo pedagogikoa aldatu behar dena, baizik eta Konstituzioa».

Vincent Bru Modemeko diputatua «etsitua» agertu da Frantziako Konstituzio Kontseiluaren erabakiarekin, BERRIArekin edukitako elkarrizketan. «Erabakia biziki larria da. Euskararen biziraupena da jokoan dagoena», adierazi du. «Gero eta konbentzituagoa naiz murgiltze eredua dela euskararen transmisioa bermatzeko modu bakarra. Bide hori ehortziz, euskara da ehorzten duguna». Emmanuel Macronen gobernuaren aldeko diputatuaren hitzetan «mobilizatu behar da», eta Frantziako presidenteari dei egin behar zaio konstituzioa aldatu «eta hau frenatzeko».

Paul Bilbao Sarria Kontseiluko idazkari nagusiaren irudiko, «kolpe gogorra» da  Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpena, eta azken asteotan euskararen aurka epaitegietatik heldu diren beste  hainbat erabakirekin lotu du. Horregatik dei egin du bihar Bilbon egingo den elkarretaratzera joatera.

Kontseiluak bidalitako prentsa oharrean, Bilbaok adierazi du oso larria» dela ebazpena, zirrikitua ireki diolako Frantziako Gobernuak «modurik hertsienean» aplikatzeko eta hizkuntza gutxituen normalizazioan aritzen diren ikastetxeen aurka jotzeko aukerari. «Inflexio puntua ezartzeaz gain, mahaian gainean kolpea eman nahi izan du Konstituzio Kontseiluak». 

Ikastolen Elkartea, «haserre»

Ebazpena ikusita, «haserrea eta kezka» adierazi du Ikastolen Elkarteak, prentsa oharrean. Ondorioak larriak direla deritzo, «ikastolak, beste behin, ataka larrian jarri eta berriro ere etorkizun ziurgabe baten «aurrean ipinii» baititu.

Atzera eginarazi nahi dietela salatu du, halaber, Ikastolen Elkarteak, baina ebazpenari aurre egiteko asmoa azaldu du: «Euskal Herriko Ikastolen komunitateko kideok kosta ahala kosta defendituko ditugu gure ikastolak; kosta ahala kosta defendituko dugu murgiltze eredua; kosta ahala kosta defendituko dugu Euskal Herrian euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea». Dei egin diete euskal erakunde, hautetsi, alderdi politiko, sindikatu, hezkuntza, euskalgintzako eragileei eta oro har herritarrei euskaraz bizitzeko asmoari tinko eusteko.  

Gainera, apirilaren 8an, Frantziako Asanbleako diputatuek hizkuntza gutxituen aldeko legea babestu zuten, eta, «adostasun berarekin», Ikastolen Elkarteak diputatuei eskatu die frantsesa Frantziako hizkuntz bakartzat inposatzen duen konstituzioaren 2. artikulua kentzeko eta aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.