German Rodriguez gogoan, omenaldia eta aldarrikapena uztartuko dituzte ostiralean

Peñek, Sanfermines 78 Gogoan ekimenak eta AAMk 13:00etarako antolatuko den omenaldira deitu dute

German Rodriguezen omenezko oroitarria aurrean zutela eman zuten atzoko prentsaurrekoa. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Hogeita hamahiru urte dira Espainiako Poliziak German Rodriguez iruindarra tiroka hil zuela sanferminetan. Hogeita hamahiru urteotan ez da hilketa ikertu, eta, horregatik, aurten ere Iruñeko herri mugimenduko hainbat elkartek —Sanfermines 78 Gogoan ekimenak, Iruñeko peñek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak— German Rodriguez gogoraraziko dute ostiralean. Omenaldia 13:00etan hasiko da, Orreaga etorbidean dagoen oroitarrian. Aurten, Julieta Itoiz rap abeslariak Rodriguezen omenez sortutako rap bat abestuko du, «gazteei gertaeren berri emateko asmoz».

Deitzaileen izenean Xabier Barberrek omenaldiaren berri eman zuen atzo, prentsaurrekoan.Iruindar askok bezala, Barberrek ondo gogoan du zer gertatu zen 1978ko uztailaren 8 hartan, eta egun hura «hamarkada askotan Iruñeko herriak jasotako eraso handiena» izan zela deritzo.

Egun hartan, poliziaren irratitik hitzok grabatu zituen irrati-zale batek: «Tiro egin ezazue indar guztiarekin, ahalik eta indartsuena. Hiltzea inporta izan gabe!». Barberren esanetan, «agindu hura zorrotz bete zuten eta gazte bat, German Rodriguez, LKIko militantea, bidegabeki hil zuten». Haatik, beste 11 balaz zauritu zituzten, eta ehunka izan zirenzaurituak. Polizien txostenek baieztatu zutenez, 5.000 gomazko pilota, mila ke pote eta 150 su-bala jaurti zituzten poliziek. «Herritarren ordena eta segurtasunaren basakeriak gure hiria suntsitu zuen».

Prentsaurrekoan gogora ekarri du Barberrek Derryko Igande Odoltsuaren biktimen talde bat izan dutela bisitan berriki. 1972an, Erresuma BatukoArmadak eskubide zibilen aldeko manifestazio baten aurka tirokatu eta 14 lagun hilzituen. Iaz David Cameronen gobernuak onartu zuen erantzukizun bakarra Armadarena izan zela.

Iruñean, erakunde ofizialek horrelako aitortzarik ez dutela egin salatu du, eta azpimarratu du «oker» dabiltzala memoriaren aldeko taldeak «nekearen nekez» garaituko dituztela uste badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.