German Rodiguezen oroitarriari eraso egin zioten atzo Iruñean, jarri eta denbora gutxira. Izan ere, asteazkenean jarri zuten haren omenez krabelin koadroa Orreaga etorbidean. Ehunka lagun hurbildu ziren omenaldira, krabelin gorriak utzi zituzten bertan, eta ekitaldi xume bat egin zioten: aurreskua dantzatu zioten, eta Sarai Robles bertsolariak bertsoz oroitu zuen Rodriguez. 78ko Sanferminak Gogoan taldeak, gainera, inpunitatea amaitzeko eskatu zuen.
78ko Sanferminak Gogoan plataformak sare sozialetan salatu zuen erasoa, eta honako hau adierazi zuten: «Gure loreak hautsi ditzakezue, baina ezingo duzue gure memoria apurtu».
1978ko uztailaren zortzian, duela 42 urte, Polizia tiroka sartu zen Iruñeko zezen plazan. Poliziak irrati bidezko koordinazioan agindu zuen: «Tiro egin indar guztiekin; ez du inporta inor hiltzea». Istiluak hiri osora zabaldu eta zauritu ugari egon ziren egun hartan; 11, tiroz jota. German Rodriguez Liga Komunista Iraultzaileko kidea zen lehenengo hildakoa. Hurrengo egunetan, Euskal Herri osora zabaldu ziren protestak, Gipuzkoara bereziki. Donostian hil zuten bigarrena: Joseba Barandiaran.
Ez da izan Rodriguezen oroitarriak jasan duen lehenengo erasoa: 2019an hiru astean bi aldiz egin zioten eraso 1978ko sanferminetako biktimen omenezko Gogoan monumentuari.
Podéis romper nuestras flores pero no rompereis nuestra memoria.
— Sanfermines78gogoan (@SF78gogoan) July 9, 2020
German, Joseba gogoan zaituztegu! pic.twitter.com/4RhVJgThHf