Gernika-Palestinak erakundeei exijitu die eten dezatela Israelekin duten arma merkataritza

Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenaren harira, agerraldia egin du gaur deialdi herritarrak. «Okupazioa eta genozidioa» salatu dituzte.

Gernikako bonbardaketaren 87.urteurrenaren harira, agerraldia egin du gaur Gernika-Palestinak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenaren harira, agerraldia egin du gaur Gernika-Palestinak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 27a
16:35
Entzun

Atzoko egunez duela 87 urte, naziek Gernika (Bizkaia) bonbardatu zuten hegazkinak erabilita, eta ehunka pertsona hil zituzten. Gizarte zibilaren kontrako lehen bonbardaketa masiboa jasan zuen herria da Gernika. Hain justu, hainbat lagunek herri hori hartu zuten oinarritzat, Gernika-Palestina deialdi herritarra sortu eta Palestinari elkartasuna adierazteko. Gaur, herria ez ezik, data ere baliatu dute euren jarrera berresteko. Gernika-Palestinak agerraldia egin du gaur, eta, besteak beste, erakundeei exijitu die Israelekin duten arma merkataritza eteteko.

Gernikako pasealekuan bildu dira herritarrak, eguerdian. Gogoratu dutenez, azken hilabeteotan maiz elkartu dira «Israel Gazako zerrendaren aurka egiten ari den eraso izugarria eta palestinarren aurkako genozidioa» salatzeko: besteak beste, iazko urrian manifestazioa egin zuten Donostian; abenduan, berriz, mosaiko bat sortu zuten Gernikan. Urriaren 7az geroztik hainbatetan adierazi duten bezala, gaur ere argi utzi dute: «Euskal herritarrok Palestinarekin gaude, eta okupazioa eta genozidioa salatzen ditugu; horrek batzen gaitu».

Azken zazpi hilabeteotan, egoerak nabarmen egin du okerrera, Gernika-Palestinaren iritziz. Jakinarazi dute gaur egun, Israelen «jokabidearen» ondorioz, Gazan gosetea hedatzeko arriskua dagoela. Are, Israelek Damaskon egindako erasoek eta Irandik misilak eta droneak jaurti izanak tentsioa areagotu dute. Hortaz, herritarrak egoera «lazgarria» hedatuko den «beldur» dira.

«Gernikako herria gara; herri solidarioa gara; ez dugu herri bakar bat ere utzi nahi indartsuenaren legearen menpe», nabarmendu dute. Eta herrien subiranotasuna aldarrikatu dute, «etorkizuna kanpoko tutoretzarik gabe erabaki dezaten».

Erakundeen erantzukizuna

Arma merkataritza eteteko eskatzeaz gain, Espainiako Gobernuari eta gainerako erakundeei exijitu diete neurriak hartzeko, «Israelgo Estatua behartzeko bere apartheid politikak, legez kanpoko koloniak eta sarraskiak» bertan behera utz ditzaten. Are, Israeli eta Palestinari dagokien NBEren ebazpenak «zorrotz betetzeko» exijitu dute, baita nazioarteko komunitateak Palestinako Estatua onartzeko ere.

Gernika-Palestinak antolatutako agerraldian, hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoen ordezkariek hartu dute parte. Besteak beste, han izan dira Gernikako Udaleko alderdi guztiak, baita Yala Nafarroa, Gernika Memoriaren Lekuko eta Ernai ere. Sindikatuek ere hartu dute parte: LABek, ELAk, CCOOk, Steilasek eta Etxaldek, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.