Palestinako gatazka. Manifestazioa Donostian

Elkartasun oldea, gainezka

Milaka herritarrek elkartasuna adierazi diote Palestinari, Donostian egindako manifestazio nazionalean. Gazako «genozidioa» eteteko eta Palestinaren kontrako «okupazioa» bukatzeko eskatu dute.

Manifestariak ikurrinekin eta Palestinako banderekin. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Gernikako sugarrak/ ez dira lurrundu./ Beraz, ez gaitezela/ egitik urrundu./ Zapalduek elkarri/ nola ez lagundu./ Palestina bakarrik/ uzten duen mundu/ baten Euskal Herriak/ ze etorkizun du». Beñat Gaztelumendiren bertsoa da; atzo milaka herritarren aurrean Donostian botatakoak. Denek, bat eginda, oihu bera egin zuten: «Palestina aurrera!».

Bi aste bete ziren atzo Israelen eta Gazaren arteko gerra lehertu zenetik, eta Palestinaren aldeko elkartasun oldeak gainezka egin zuen Donostian egin zuten manifestazio nazionalean. Milaka eta milaka herritarrek bete zituzten Donostiako kaleak. Lehen manifestariak Antiguako tuneletik atera eta ordubetera irten ziren azkenak handik.

Denetariko herritarrek eskatu zuten «genozidioa» amaitzeko. Askotariko adin, genero, jatorri eta ideologiak adierazi zioten elkartasuna Palestinari; palestinar ugari ere bazeuden, baita Realeko kamiseta zeramatenak ere —Anoeta estadioa Palestinako banderez bete zuten manifestazioa hasi baino lehen—.

Aurreko astean sortu zuten Gernika-Palestina Deialdi Herritarra, eta bost egunean antolatu zuten atzoko manifestazio jendetsua. Foro Sozialeko buru ohi Agus Hernanek eta Zuriñe Rodriguez kazetariak hitz egin zuten antolatzaile guztien izenean, tuneletik irten eta berehala: «Palestinako egoera latza da: genozidio baten aurrean gaude. Horrenbestez, ezinbestekoa da genozidioa etetea, pasabide humanitarioak irekitzea, Palestinaren kontrako okupazioa bukatzea eta bakea lortzea. Hori da Donostian exijitzen ari garena».

Lelo asko oihukatu zituzten atzo manifestariek, eta asko errepikatu zuten bat hau da: «Ez da gerra bat: genozidioa da». Antolatzaileek ere nabarmendu egin zuten Palestinan «genozidio bat» egiten ari dela Israel, eta horrek «premiazko erantzun bat» behar duela: «Euskal gizarteak ulertu du premiazko mezua». Askok astindu zituzten atzo ikurrinak eta Palestinako banderak, eta, era berean, askok eskatu zuten «Israeli boikota» egiteko.

Gernika-Palestina Deialdi Herritarrekoek zenbait eskakizun zehatz egin zituzten atzo; nagusia hau da: «Gazan Israel egiten ari den genozidioa berehala amaitu behar da, eta gatazka honi bidezko konponbide demokratikoa eman behar zaio. Ezein erasok ez du justifikatzen Israel Palestinako herriari ezartzen ari zaion zigor kolektiboa». Adierazi zuten nazioarteko zuzenbidean eta NBE Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak «zorrotz» betetzean oinarritu behar dela konponbidea. «Okupazioa amaitu eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatu behar da», nabarmendu zuten.

Atxikimendu ugari

Manifestazioa bateratua eta transbertsala izateko borondatea izan dute antolatzaileek, eta atxikimendu ugari jaso dituzte euskal gizarteko sektore ugaritan; politikagintzan, sindikalismoan, gizarte mugimenduetan, kulturgintzan, kooperatibagintzan, kazetaritzan, hezkuntzan eta osasungintzan, besteak beste. Kolektibo ugariren eta Euskal Herriko 150 pertsona ezagunen baino gehiagoren babesa jaso zuen atzoko manifestazioak eta Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak ondutako manifestuak.

Alderdi politikoetako ordezkari ugari egon ziren atzo Donostian. EH Bilduko ordezkaritza zabala zegoen, esaterako. «Palestinarrek bidezko irtenbide bat behar dute, eta, horretarako, haien lurraldea eta estatua izateko daukaten eskubidea errespetatu behar diete», adierazi zuen Mertxe Aizpuruak, EH Bilduren Espainiako Diputatuen Kongresuko bozeramaileak.

Ahal Dugu-koak ere izan ziren manifestazioan, eta Pilar Garrido idazkari nagusiak nabarmendu zuen Israel «estatu basati bat» dela, eta «basakeria» amaitu behar dela: «Su etena behar da, Israel egiten ari dena genozidio planifikatu bat baita. Europako Batasunak, estatu guztiek eta indar politiko guztiek hau gelditzea lortu behar dugu. Mahai gainean jarri behar ditugu presio mekanismo guztiak basakeria amaitzeko». Ezker Anitzak, Zurekin Nafarroak, EH Baik, Sortuk eta Alternatibak ere bat egin zuten manifestazioarekin. EAJk haren kideei «askatasuna» eman zien manifestaziora joan ala ez erabakitzeko, baina ordezkari nagusiak ez ziren egon.

Sindikatu «guztiak»

Antolatzaileek nabarmendu zuten «txalotzekoa» dela Euskal Herriko sindikatu «guztiak» manifestaziora atxikitu izana. ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, CGT eta Solidari sindikatuek egin zuten bat, hain zuzen ere. «Okupazio egoera baten aurrean gaude, eta testuinguru horretan Israelen oldarraldi militarra gauzatzen ari da. Genozidio baten aurrean gaude, eta hori salatzera gatoz. Irtenbide politikoa eman behar zaio, eta NBEk behin baino gehiagotan ezarri du zein den bidea», adierazi zuen Mitxel Lakuntzak, ELA sindikatuko idazkari nagusiak.

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk ere manifestaziora batu izanak duen «garrantzia» nabarmendu zuen: «Oso garrantzitsua da palestinar herriari elkartasuna adieraztea eta konponbideak eskatzea. Ikusten dugu Israel zer-nolako sarraskiak eragiten ari den, eta genozidioa bukatu behar dela uste dugu».

Gizarte mugimendu ugari ere izan ziren manifestazioan. Tartean dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GKE gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundea, Itsas Salbamendu Humanitarioa, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Calcuta Ondoan elkartea. Euskal Herriko denetariko ekintzaileak izan ziren Donostiako kaleetan; tartean, Kattalin Miner kazetari, idazle eta ekintzaile feminista: «LGTBI kolektiboko kide moduan, argi adierazi nahi dut Israelen pinkwashing-aren [garbiketa arrosaren] kontra gaudela. Gure kolektiboa ez dugu utziko erabiltzen Palestinaren aurka egiteko, eta, are gutxiago, Israel zuritzeko».

Kulturgintzatik ere batu ziren deialdira Oreka TX, Tapia eta Leturia, eta Xiberoots taldeak, eta hainbat artista: besteak beste, Maialen Lujanbio, Itziar Ituño, Joxe Mari Agirretxe, Pello Reparaz, Fernando Bernues eta Yogurina Borova. Akademiako kide ugarik ere bat egin zuten; tartean zen Nekane Balluerka, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia. Kazetari askok ere erakutsi zuten haien atxikimendua; Martxelo Otamendi izan zen pankarta eraman zutenetako bat, Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohia.

Konponbidea

Manifestazioa Alderdi Eder parkean bukatu zen. Huda Hegazti kazetariaren testigantza entzun ahal izan zuen han bildutako jendetzak; Gazan lanean ari da orain. Mitxel Elortza musikariak pianorako propio konposatu duen pieza ere entzun zuten —Gaza du izena—, eta oholtzara igo ziren Hernan eta Rodriguez: «Uste dugu 75 urtez luzatu den gatazka honetan bakea lortzeko modu bakarra Palestinako herriak giza eskubideen, duintasunaren eta nazio eskubideen alde dituen bidezko nahiak betetzea dela. Nork bere esparrutik elkartasunerako eta konponbiderako deia egiten segitzea ezinbestekoa da, eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio guztiak beharrezkoak dira».

Gaztelumendiren eta Maddi Ane Txoperenaren bertsoek biribildu zuten manifestazioa. Hona Txoperenarena: «Picassok gaur koadrorik/ balezake pinta!/ Telebista da filme/ gore baten zinta./ Guk ere izana dugu/ terrorista pinta./ Hala idatzi dute/ Gazaren kronika:/ gorriek bonbardatu/ zutela Gernika».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.