ETAren su-eten adierazpena «garrantzi handiko urrats» gisa ikusi du Aralarrek, eta «Gernikako Akordioa betearazteko hasiera» gisa. Dena den, Jon Abril koordinatzaileordeak eta Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak nabarmendu dute oraindik urrats gehiago egin behar direla. ETAk «Gernikako Akordioa oso-osorik onartu eta bete» behar duela azpimarratu dute; «aldebakarrekotasuna barne».
Aralarreko kideen iritziz, ETAk ez du Gernikako Akordioa oso-osorik onartzeko konpromisorik hartu, eta «sinesgarritasuna eta eraginkortasuna bermatzeko» beharrezkoa du arazo hori konpontzea.
Horrez gain, Abrilen eta Zabaletaren aburuz, ETAren adierazpenean «koherentzia falta dago», haien ustez, agiriaren azken paragrafoa ez datorrelako bat aurreko edukiarekin. ETAk «politikan esku hartzeko asmoa alde batera utzi» behar duela adierazi dute. Azaldu dutenez, «Euskal Herriko gizarte zibilak eta bere eragile politiko eta sozialek ezingo lukete horrelako jarrerarik modu demokratikoan onartu».
Hala, aurrerantzean egin behar diren pausoak Euskal Herriko eragile politikoen eta sozialen «erantzukizuna» direla uste dute, eta «inolako mugarik eta zaindaritzarik gabe» egin behar direla.
Euskal Herriko eragileei ez ezik, nazioarteko erakundeei eta Espainiako eta Frantziako estatuetako erakundeei ere hitz egin diete Aralarreko kideek. «Indar politiko guztien legalizazioa» gauzatzeko eskatu diete, eta «espetxe politikak modu sakonean berraztertzeko».
Abrilek eta Zabaletak egundaino nazioarteko bitartekariek egindako lana eskertu dute, eta Bruselako Adierazpeneko sinatzaileen lana «oso garrantzitsua» dela azaldu.
Bitartekarien «garrantzia»
Orain arte egindako lana eskertzeaz gain, bitartekariei «bere ahaleginean jarraitzeko» eskatu diete, «Bruselako Adierazpenean zein Gernikako Akordioan jasotzen diren helburuak behin betiko lortu arte».
Era berean, Zabaletaren iritziz, «aurrerapauso garrantzitsua» izan daiteke su-etena nazioarteko komunitateak egiaztatu ahal izatea. Kazetarien galderei erantzunez, azaldu du nazioarteko bitartekaritzak ez duela zertan Bruselako Adierazpena izenpetu zutenen esku egon, «edonor gehitu» dagokiela. Halere, nabarmendu du bitartekaritza «oraingoz» aipaturiko sinatzaileek eraman beharko luketela.
ETAren su-etena. Erreakzioak
Gernikako Akordioa «oso-osorik» betetzeko eskatu dio Aralarrek ETAri
Garrantzi handiko agiria dela onartu dute, hala ere, oraindik urrats gehiago egin behar direla uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu