Gernikako Akordioak dio Agirreren atxiloketa «eraso larria» dela

Egungo testuinguru politikoan gisa horretako erabakiek lekurik ez dutela salatu dute hainbat eragilek

Atxiloketa salatzeko giza kate bat egin zuten atzo Donostiako auzitegiaren aurrean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak Oihana Agirre Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea atxilotu izana gogor salatu dute Gernikako Akordioa sinatu duten eragileek. Komunikabideetara igorritako prentsa ohar batean azaldu dutenez, «eskubide politikoen aurkako eraso larria» da Agirreren atxiloketa, eta gisa horretarako erabakiek egungo testuinguru politikoan lekurik ez dutela nabarmendu dute. «Bakea eta konponbidea eraikitzeko prozesuaren aurkako erasoa da. Zigor eta atxilotze hauek ez dute inolako heldulekurik, ez eskubideen ikuspegitik, ez justizia ikuspegitik, ez eta demokrazia ikuspegitik ere», adierazi dute.

Itunaren sinatzaileek gogoratu dutenez, Agirrek berak izenpetu zuen Gernikako AkordioaAAMko ordezkari bezala, eta Donostiako Aieteko jauregian eginiko nazioarteko bake konferentzian ere parte hartu zuen. «Azken batean, Euskal Herrian konponbide osoa eman dadin eta bake egoera bat ezar dadin lan egin du, akordio honetan biltzen garen beste eragile askorekin batera».

Gernikako Akordioaren sinatzaileek babesa eta elkartasuna helarazi diete Oihana Agirrerieta haren familiari, eta atxiloketa hau salatzeko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Era berean, Euskal Herrian «konponbide osoa» eman dadin lanean jarraituko dutela hitz eman dute. «Ibilbide horretan, pertsona guztien eskubideak errespetatuak izateak eta prozesu demokratikoa galarazten duten egoerak desagertzeak lehen mailako erronka izaten jarraitzen du», adierazi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek.

Herenegun gauean atxilotu zuten Agirre, Donostiako Egia auzoan, eta handik Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara eraman zuten. Haren auzia eta beste hainbatena salatzeko antolatutako ekimen baten bezperan atxilotu zuten Agirre.

Azaroan berretsi zuen Auzitegi Gorenak aurretik Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka ezarritako zortzi urteko kartzela zigorra. Handik aurrera une batetik bestera atxilotuko zuten jakitun zen Agirre.

Azken egunetan hainbat ekimen egin dituzte Donostia inguruetan auzi hori salatzeko. Egia auzoko frontoian esaterako—auzo horretakoa da Agirre—, jendetza bildu zen iragan asteburuan. Aste honetan bertan ere alor askotariko hainbat lagunen babesa jaso zuen Agirrek, eta haren aurka egindako «epaiketa politikoa» salatu zuten.

Giza harresia

Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak antolatuta, Agirreren auzia eta beste hainbatena salatu zuten atzo arratsaldean Donostiako auzitegiaren aurrean, Egia auzoan. Hara gerturatutako herritarrek «giza harresi» bat irudikatu zuten epaitegiaren aurrean. Guztien izenean, Eleak-eko bozeramaile Joxean Agirrek hitz egin zuen. Abian diren auzi «bidegabe» guztiak bertan behera uzteko eskatu zuen, eta «lan politikoa soziala eta eskubideen aldekoa egin nahi duten herritarrak» aske uzteko.

Iruñean, berriz, eserialdia egin zuten Josu Esparzaren euroagindu eskaera salatzeko. Hura atxilotzeko agindu zuen Frantziako Justiziak azaroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.