Gernikako Akordioaren sinatzaileek Bateragune auzia gaitzetsi eta akusatuen absoluzioa eskatu dute gaur, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Epaiketa "bake eta normalizazio politikoaren aldeko lanean aurrekari arriskutsua" izan daitekeela adierazi dute. Sinatzaileen hitzetan, "soilik bide politikoak erabiltzearen alde apustu egin duten politikari eta sindikalistak epaituko dituzte".
Akordioaren sinatzaileek Espainiako Estatuari eskatu diote bertan behera utz ditzala "oinarrizko eskubideen aurkako atxiloketa, jarraipen eta epaiketak". Euskal gizarteari dei egin diote auziaren aurka egingo diren mobilizazioetan parte har dezan; astelehenean herri guztietan egingo diren kontzentrazioetan eta uztailaren 2an Donostian izango den manifestazio nazionalean.
Ikerne Badiola (EA), Oskar Matute (Alternatiba), Iosu Murgia (Aralar), Tasio Erkizia (ezker abertzalea) eta Igor Urrutikoetxea (LAB) egon dira, besteak beste, agerraldian. Iñaki Lasak (Kontseilua) eta Ainhoa Mejiasek (Behatokia) irakurri dute idatzia. 300 eragile inguru dira Gernikako Akordioaren sinatzaileak. "Inolako indarkeriarik, mehatxurik, presiorik, jarraipenik edo torturarik gabeko Euskal Herriaren aldeko konpromezua" berretsi dute.
Astelehenean hasiko da Bateragune auziko epaiketa. Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Txelui Moreno, Rafa Diez, Manel Serra eta Amaia Esnal epaituko dituzte —lehen laurak kartzelan daude—. 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zutela eta ETAren esanetara ari zirela egotzita.
Manifestazioa uztailaren 2an
Epaiketa politikorik ez, aterabideak aurrera lelopean manifestazio nazionala izango da uztailaren 2an (larunbata) Donostian, herritar talde batek deituta. 17:30ean hasiko da, Antiguako tuneletik, eta Bulebarrean amaituko. 56 lagun ezagunek egin zuten deia, astelehenean.