Iruñean 200, Gasteizen 107, Bilbon 605 eta Donostian 413. Ez dira kopuru hutsak, pertsonak dira; iazko datuak dira, kale gorrian bizi ziren herritarrak. Hego Euskal Herriko gizarte eragileek ohartarazi dute egoerak «okerrera» egin duela azken urteotan, eta etxe eskubidea bermatzea galdegin diete erakundeei.
Ez dago argi zehazki zenbat herritar bizi diren Nafarroan kalean, ez baitago erregistro zehatzik. Ordea, pertsona horiei laguntzen dieten taldeek badute hurbilpen bat: 150 eta 200 inguru dira, Iruñean soilik. Salhaketa Nafarroa, Dar Etxea, Pertsona Migratuendako Informazio Gunea, Apoyo Mutuo, Paris 365, Haritu, Lantxotei, Oxfam Intermon eta Nafarroako SOS Arrazakeria eragileek bildutako datua da.
Joan den hilabete hondarrean ekarri zuten gogora, protesta batean. Ordu hartan, elkarte horiek salatu zuten kalean bizi diren pertsonak erroldatzeko zailtasunak izaten ari direla. Are, erran zuten gizarte zerbitzuek «modu sistematikoan uko egin» diotela erroldak egiteari, argudiatuta ezin izan dela ziurtatu pertsona horiek Iruñean bizi direnik.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak, ordea, Gizarte eta Informazio Ikerketa Zerbitzuak dauzka jasota. Azken txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, orokorrean, bikoiztu egin da kalean bizi direnen kopurua: 743 ziren 2016an, eta 1.500 iaz. Hiriburuetan nabarmenagoa da hazkundea: Bilbon, erraterako, 112 lagun bizi ziren kalean 2016an, eta iaz 605; Gasteizen 30 ziren 2016an, eta 107 iaz; eta Donostian, berriz, 48 lagun bizi ziren kalean 2016an, eta iaz 413.
Argitan elkarteak, Berri-Otxoak plataformak, Atxuri Harrera taldeak, AZET etxebizitza sindikatuak, Etxeko Langileen Elkarteak, Ongi Etorri Errefuxiatuak egitasmoak, Kaleratzerik Ez plataformak eta pobreziaren kontra eta etxebizitzarako eskubidearen alde lanean ari diren bertze zenbait elkartek ekintza bat egin zuten Bilbon azaroaren 18an, egoera salatzeko. Bertan, bertzeak bertze, etxebizitzarako eskubidea «merkatuaren logikatik kanpo» uzteko eskatu zuten.
Eskeak erakundeei
Eragile guztiek erakundeek afera honetan duten erantzukizuna azpimarratu, eta neurriak galdegin dizkiete. Nafarroan, erraterako, Iruñeko Udalari neguko protokoloa aktibatzeko eskatu badiote ere, eragileen irudiko, gobernua da «azken erantzulea»: «Udalak dira etxebizitzarako eskubidea kudeatu behar dutenak, baina gobernuaren ardura da hori bermatzea».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere erakunde publikoek duten erantzukizuna seinalatu dute gizarte eragileek. Eta erakunde publikoen jokamoldea kritikatu: azaroan egindako ekintzan, erraterako, salatu zuten administrazio publikoen jarduera nagusia «espekulazioa sustatzea eta arazoa ezkutatzea» dela.