Haurrek marrazkiak egiteko erabili ohi dituzten koloretako txotxak, eta horiekin marraztutako etxe bat. Irudi hori hautatu dute Herri Urratsen antolatzaileek heldu den urtean eginen duten jaialdirako. Geroa eraikiz lelopean izanen da ikastolen besta, maiatzaren 10ean, beti bezala Senpereko (Lapurdi) aintziraren inguruan. Bildutako dirua Donapaleun (Nafarroa Beherea) eraikitzekoa duten lizeo berriarentzat izanen da; zazpi milioi euro inguruko kostua izanen duela aurreikusten dute.Â
Seaska da Ipar Euskal Herrian euskararen geroa segurtatzen duen eragile nagusietako bat, eta ikastolak eraikitzeko baliabideak biltzen dituzte Herri Urratsi esker. «Bi hitzak batuta, beraz, lelo erraz eta indartsu bat sortzen da», esplikatu du Koldo Rodriguez jaialdiaren koordinatzaileak. «Lizeo berria eraikitzera goaz, eta, horrekin batera, euskararen eta Seaska beraren geroa marraztera». Horri egiten dio erreferentzia hautatu duten irudiak ere.Â
Azken urteetan etengabe handitzen ari da Seaska. Duela urte batzuk Lehen Mailan izan zuten garapena, eta ikastola berri bat baino gehiago ireki zituzten; orain, Bigarren Mailara iritsi da olde hori, eta lizeo berri baten beharra agertu dute behin baino gehiagotan, Baionako Bernat Etxepare lizeoa txiki gelditu baita. 521 ikasle dituzte lizeoan gaur egun, eta ondoko urteetan 600 ikasleren langa gainditzea espero dute.Â
2027an irekiko da Donapaleuko lizeo berria. Irakaskuntza orokorra eskainiko du, eta 180 ikasleri harrera egiteko prestatua izanen da. Irakaskuntza teknologikoa eta lanbide heziketa Baionan atxikiko dituzte orainokoan, baina sail berri batzuk irekitzeko xedea dutela adierazi dute. «Esku artean dugun lizeoaren etorkizuneko proiektua, bere aniztasunean, proiektu biziki handia da», adierazi du Erik Etxartek, Seaskako lehendakaritzako kideak.Â
Ekitaldi andana
Herri Urratsen aurkezpenean jakinarazi ohi dute jaialdiaren kantua nork osatuko duen. Aurten, sekretua beste aste batzuez gehiago atxikitzea erabaki dute, sorpresari indar handiagoa emateko. Ez dute baztertu urte bukaera aitzin taldearen izena jakinaraztea, baina baieztatu dute martxorako agertuko direla kantua eta bideoklipa.Â
Anartean, beste ekitaldi andana izanen dira giroa berotuz joateko. Elkar argitaletxearekin partaidetzan, Herri Urratseko zozketa saltzen arituko dira Seaskako ikasleak eta gurasoak ondoko asteetan. Heldu den maiatzaren 21ean jakinaraziko dituzte irabazleak, Euskal Irratietan.Â
Horrez gain, EITBko Goazen telesailarekin duten partaidetza berritu dutela jakinarazi dute. Ostiral honetan abiatuko da hamabigarren denboraldia, eta urtarrilaren 30ean bukatuko da. Bezperan, azken atalaren emanaldi berezia antolatuko dute primiziaz, Donibane Lohizuneko Le Select zinegelan, 18:30ean. Telesailean parte hartzen duten aktoreekin elkartzeko parada ere izanen dute bertaratzen direnek. Â
Azkenik, webgunea ere martxan eman dute. Bertan ikus daitezke gaur-gaurkoz prestatu dituzten ekitaldiak. Eta Herri Urratseko materiala erosteko aukera ere eskainiko dute.Â
Musikaz blai
Askotariko egitaraua antolatzen dute Herri Urratsen harira, baina azpimarra berezia eman diote beste behin musika eskaintzari. Izan ere, musika maketen lehiaketa antolatuko dute aurten ere. Azken bi urteetan 70 taldek baino gehiago parte hartu dute lehian. Euskaraz abesten duten talde guziei irekia zaie; izena emateko, gehienez ere hiru abesti proposatu beharko dituzte. Abenduaren 3a hasiko da lanak aurkezteko epea, urtarrilaren 11ra arte. Epaimahai batek bost talde bereiziko ditu, eta horien artean bozkatzeko aukera eskainiko diote publiko zabalari, BERRIA egunkariaren Badok atarian. Irabazleak Herri Urratsen kontzertua jotzeko aukera izanen du, Nafarroa guneko Badok eszenan.
Baina atzera begira ere jarriko dira musika arloan, azken 40 urteetan atera diren Herri Urratseko kantuen bilduma bat osatu baitute. Binilo bikoitza eta diskoa Durangoko azokan izanen dira eskuragarri. Mila ale, bakar bat gehiago ere ez. «Mimo handiz landu dugun edizioa izanen da, etxean izan beharreko altxor horietako bat», Rodriguezen hitzetan. 25 euroan eskuratzen ahalko da.