Alternatiba Demokratikoaren ondoren, beste bi proposamen egin zituen ezker abertzaleak; baina, 1997an bezala, buruzagi politikoak atxilotuz erantzun zuen Madrilek.
1998-2002
Lizarra-Garaziko prozesua hautsita, 2002an Batasunak eskaintza berri bat egin zuen, alderdi gehienek begi onez hartu zutena. Garzon epaileak eztabaidarako tarterik utzi ez, eta alderdia legez kanporatzeko prozesua hasi zuen. 35/02 sumarioaren bidez, zuzendaritzako hainbat kide espetxeratu zituen—urte berean adostu zuten Alderdien Legea PPk eta PSOEk—.
2007-2009
Loiolako prozesua hautsita, ezker abertzaleak hausnarketa prozesu bati ekin zion. Aurretik, eta oinarriak prestatzen ari zirela, 2009ko urrian Garzonek atxilotu egin zituen horretan ari zirenak, Bateragune auzia deiturikoa abiatuz.