Yana Kondratenko. Errefuxiatu ukrainarra

«Gerra hasi zenean Irungo lagun batek esan zidan hona etortzeko»

FOKU.
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
30 urte dauzka Yana Kondratenkok (1992, Kiev). Oñatin bizi da orain, 8 urteko haurrarekin. Ukrainako gerra hasi aurretik, ordea, bere egunerokoa oso desberdina zen: «Bizitza on bat nuen; lana, lagunak, familia... senarrarekin eta semearekin bizi nintzen». Kievetik oso gertu dagoen hiri txiki batean bizi zen orduan, eta data bat iltzatuta dauka Kondratenkok: otsailaren 24a.

Senarra eta semearekin etxean zegoen egun hartan. «Gauean, 04:30 inguru zirela, zarata handia entzuten hasi ginen, eta ez genuen ulertzen zer gertatzen zen. Telebista piztu nuen, eta hor entzun nuen gerra hasi zela; beldur handia sentitu genuen». Hirurak etxeko sotora jaitsi ziren orduan, eta han gelditu ziren hamabost egunez. «Orduan, nik eta semeak ihes egingo genuela erabaki genuen», dio Kondratenkok. Izan ere, gizonak ezin izan dira herrialdetik atera. Autoan abiatu ziren bera eta semea, Poloniako muga ondoraino. Handik muga igarotzea lortu zuten, eta han egon ziren hiru egunez. Han lortu zuen Euskal Herrira ekarriko zituen autobuseko txartela erostea. «Nik banekien hemen Ukrainako errefuxiatuak hartzeko zentro bat bazeukatela, Oñatin, Irungo lagun batzuek esan zidatelako».

Izan ere, duela urte batzuk Euskal Herrian oporretan izana zen, eta orduan ezagutu zuen Irungo emakume batekin harremana zuen oraindik: «Gerra hasi zenean nire Irungo lagunarekin hitz egin nuen, eta esan zidan Euskal Herrira etortzeko».

Martxoaren 13an iritsi ziren Oñatira, eta orduz geroztik bertan bizi dira. «Oraingoz, hemen geratzeko asmoa daukat. Semea leku seguru batean egon dadin nahi dut. Ukrainan badaude gutxi gorabehera lasai egon zaitezkeen eremuak, baina Kievetik hurbil egotea oso arriskutsua da». Haren lagun batzuek ere bide bera hartu dute, eta beste herrialde batzuetan bizi dira orain: «Nire lagun batzuk ere beste herrialde batzuetara joan dira, Italiara edo Polonian. Baina beste batzuk Ukrainan daude oraindik ere». Familiako batzuk, ordea, Ukrainatik ezin direla atera dio: «Nire aitona-amonak zaharrak dira, eta ezin dira irten, eta nire anaiak ere, gizona denez, han geratu behar izan du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.