Biktimak

«Gerra zikinaren eragileei» beren kaltea onartzeko exijitu die Jaurlaritzak

Estatuaren indarkeriaren biktimei ez dietela «behar bezalako justizia egin» esan du Justizia sailburu Nerea Melgosak. Donostian egindako omenaldian.

Estatuaren indarkeriaren biktimen omenaldia, gaur. JON URBE / FOKU
xabier martin
2023ko urriaren 31
21:46
Entzun

«Saiatzen naiz irudikatzen pasatu zena, sufritu zenutena, baina errealitate gordina askoz ere urrunago joan zen, seguru nago. Eta sekula gertatu behar ez zena gertatu zen, errepide kontrol batean, polizia etxe batean...». Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak aurrez aurre hitz egin die, estatuaren indarkeriaren biktimei, Donostiako Kursaalak hartu duen gobernuaren omenaldian. «Zuen senide batzuk hil egin zituzten; torturatu egin zintuzteten», esan die aitortza eta erreparaziorako ekitaldi sinbolikoan, Ganbera aretoa bete duten biktimei.

Hauteskundeak tarteko, ekainean egitekoa zen ekitaldia atzeratu eta atzo egin zuen Jaurlaritzak. Bertan, Melgosa sailburuak ozen aldarrikatu du «eskuin muturreko eta talde parapolizialen terrorismoak, gerra zikinak eta torturak bere tokia» izan behar dutela «herri honen memoriaren liburuan». Horrekin batera, aitortu du «luzaroan» ez zituztela biktima horiek «entzun», «luzaroan» ez zutela «esku hartu». Eta, oraindik ere, egia, justizia eta erreparaziorako «asko egiteko» geratzen den arren, ziurtatu du biktimei ez zietela kendu kendu nahi izan zietena: «Duintasuna».

«Motibazio politikoak eragindako indarkeriari» dagokionez, Jaurlaritzak biktima izaera aitortu die 334 pertsonari gaur arte. 07/2012 Dekretuaren bidez eman zieten estatus hori 187 biktimari, eta 12/2016 Legearen esparruan izan dira beste 147 aitortzak, 2021ean (35), 2022an (46) eta 2023an (66). Lege horren babespeko batzordearen azken txostena, hain zuzen ere, herenegun plazaratu zuten Eusko Legebiltzarrean; azken 66 biktima aitortu horien artean dira Joxi Zabala eta Josu Mujika, esaterako.

Egia ezagutzearekin batera, «justizia» da Melgosak ahoan hartu duen bigarren printzipioa. Estatuaren biktimen inguruan «isiltasunaren eta zigorgabetasunaren mantua» salatu du: «Ez da behar bezalako justizia egin. Aitzitik, inpunitatea izan da nagusi. Egiazko autokritika, egindako kaltearen aitortza, ardura bere gain hartzea, eta erreparatzeko konpromisoa; horixe da estatuari eta gerra zikinean, izaera orota-riko terrorismoan eta torturan ardura izan duten aktore guztiei irmoki exijitzen dieguna».

Biktimen testigantzak

Hirugarren printzipio bati buruz ere aritu da Melgosa, eta berriro ere eserlekuetan zeuden biktimei hitz egin die: «Egia jakin dadila, justizia egin dadila, zigorgabetasunari amaiera eman dakiola, jasan zenituzten eskubideen urraketa ofizialki eta sozialki onar dadila, zuen zauriak orbaintzen joan daitezen eta berriro gerta ez dadin».

Ekitaldi hunkigarria izan da, saminez betea, oraina baldintzatzen duten iraganeko oroitzapenek hartua. Hiru biktima aritu dira oholtzan, haien testigantza gordinak ematen: Lisardo Calo, 1979an Donostian bere etxera itzultzen saiatzen ari zela izandako istilu batzuetan Guardia Zibilak egindako tiro baten biktima; Luis Mari Ralla Arruti, 1972an 20 urte zituela atxilotu eta torturatutako biktima; eta Olatz Etxabe, 1975ean Kanpazarren zuen tabernan tiroz hil zuten Iñaki Etxaberen alaba. Etxabek aitaren hilketaren pasarte beltza nola gogoratzen duen azaldu du. Rallak jasandako torturen nondik norakoak kontatu ditu; eta Calok hizpidera ekarri du nola jaso zuen tiro bat eta nola aldatu zion bizitza horrek. Hautsi egin da une batez «beti» izan duen «sekretu hori» azaleratzeko gai izan dela ohartzean.

Nerea Gorriti eta Dorleta Urretabizkaia aktoreek, berriz, ahotsa jarri diete Pili Zabalaren eta Axun Lasaren testigantzei, eta hainbat olerki errezitatu dituzte. Iñaki Salvadorrek eta Maria Berasartek lagundutako musikaz, eta Kukai konpainiak bere ekarpena egin du dantza lanekin.

Juana Balmaseda ere hizlari izan da, Kursaalean; Eusko Legebiltzarreko motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasandako biktimen batzordeko presidentea da Balmaseda. Eskerrak eman dizkie biktimei eta senitartekoei, haien «konfiantza» jaso dutelako. Erantsi du «adorea» behar dela intimoena kontatzeko, «gogoratu ere egin nahi ez dena», eta agindu du «epaitegitik kanpoko justizia» egiten jarraitzeko «konpromisoa» duela batzordeak, «egia askatzailea delako».

Erakundeak eta alderdiak

Alderdi politiko eta erakundeetako ordezkaritza handia egon da Kursaalean. Justizia sailburuaz gain, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxaso han egon dira, baita Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro ere. EH Bilduko ordezkari ugari egon dira, era berean, Mertxe Aizpurua Espainiako kongresukidea, Maddalen Iriarte Gipuzkoako batzarkidea eta Julen Arzuaga legebiltzarkidea, adibidez; eta memoriaren alorreko profesional batzuk ere ikusleen artean eseri dira, Pako Etxeberria eta Lourdes Herrasti, kasurako. Ganbera aretoa bete dute ordezkari politiko horiek eta beste askok, biktima eta senitartekoekin batera, «azalera ateratzeko» hamarkada askoan ahaztuak egon diren biktimen «aitortza eta erreparazioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.