Feli Lauroba Villanueva (Tolosa 1926), errepublikano sozialista baten alaba, 1936ko gerraren ondoren izan ziren “gerrako ume” haietako bat izan zen 11 urte zituenetik 14 bitarte. Frantzian hartu zuten, eta oso oroimen ona dauka han egindako harreraz. Itzulitakoan, bere bizitza berregin ahal izan zuen.
Zein dira haurtzaroko oroitzapenak?
Tolosako Korreo kalean jaio nintzen, baina gero Kale Nagusira joan ginen bizitzera, Mojen Etxera. Alaba bakarra nintzen. Hantxe jolasten ginen. Igandeetan, berriz, Herriaren Etxera joaten ginen; aita hango antzerki taldeko kidea zen. Aita nafarra zen, eta ez zen erlijiosoa —haren aita bai—, baina lehen jaunartzea egin nuen partikularki korazonis-tetan lehengusina batekin, ama erlijiosoa zelako; ama Burgoskoa zen.
Nola atera zineten Tolosatik 1936ko gerraren hasieran?
Kaniketan ari nintzen jolasten, eta amak deitu zidan prestatu behar nuela esateko, alde egin behar genuelako, aita bila zetorrela. Amaren aldeko amona itsua zen; gurekin bizi zen. Bera, ama eta ni Donostiara joan ginen beste batzuekin batera, koltxoiz babestutako kamioi batean. Izaskundik tiro egiten zuten Gorritiko zubitik pasatu ginenean. Amaren lagun baten etxean pasatu genuen gaua, eta hurrengo egunean taxiz Bilbora joan ginen, aitak izeba zuelako Boluetan, eta hark hartu gintuen. Nire senitarteko batzuk beste taxi batean zihoazen: istripua izan, errekara erori eta izeba eta lehengusina hil ziren.
Nolakoa izan zen Bilboko egonaldia?
Kezkatuta nengoen. Aita frontean zegoen, errepublikanoekin. Ama goiz jaiki eta Bilbora joaten zen janaria erostera ilaretan. Bitartean, auzokoekin jolasten gelditzen nintzen. Ogia faltatzen hasi zen. Bizilagun batek baserrira eraman eta kafesnea ematen zigun; guretzat zerua zen hura. Aita eskumuturrean zauritu zuten, eta ospitalera eraman zuten. Bisitan joaten ginenean, ogia gordetzen zigun. Gauzak okerragotzen hasi ziren: sirena hotsak hasten ziren; hegazkinak etortzen ziren; babeslekura korrika atera behar izaten genuen, errepidea gurutzatuz. Babeslekua irtenbiderik gabeko tunela zen, eta abiazioa joan arte bertan egoten ginen. Ateratzean, batzuetan denetatik aurkitzen zenuen; bururik gabeko ume bat zeramatela, adibidez. Adin horretan gauza horiek asko hunkitzen zaituzte.
Atzerrira joateko aukera nola sortu zen?
Haur batzuek Frantziara joateko izena eman zutela zabaldu zen. Amari izena emateko esan nion, baina ez zuen nahi. Beldurra eta gosea nuen, eta handik alde egin nahi nuen. Denok joatea proposatzen nion, baina aita eta bere ama itsua ez zituen bakarrik utzi nahi. Azkenean, nire izena eman zuten, nire onerako. Alde egiteko bezperan, arropa erosi nahi zidala esan zidan amak. Nik panpina eskatu nion, oroigarri gisa. Erosi zidan, eta Frantziatik bueltan ekarri nuen.
Zer moduz joan zen bidaia?
Santurtziko portuan igo ginen Argentinatik zetorren La Habana ontzira. Kafesnea ogiarekin atera ziguten; mareatu egin ginen: dena bota genuen. Gela batean hiruzpalau lagun gindoazen. Ibilbidearen erdialdean alemaniarren ontzi bat atera zitzaigun erasoan, eta sotora jaitsarazi gintuzten. Ez zen ezer gertatu. Mila eta gehiago haur ginen; ez zegoen ezagunik.
Nola banatu zintuzteten Frantzian?
Bordelera iritsi ginenean, autobusetan banatu gintuzten Frantzia osoan zehar. Hegoaldera tokatu zitzaidan, Midi eskualdera. Eskoletan sartu gintuzten, eta haurrak hartu nahi zituzten familiak bila joaten ziren. Gehienak ezkerreko familiak ziren, sozialistak edo komunistak. Herri txiki batera eraman gintuzten: Saint Geniest de Fontedit [Languedoc], Beziers eta Montpellierretik gertu; mahasti herria. Adineko bikote bat egokitu zitzaidan aurrena, baina neskame txikia nahi zuten haiek, eta utzi egin nuen. Gero, Frantzian denbora asko zeraman familia espainiar batek hartu ninduen. Mahastiak zituzten. Oso jende ona. Familia espainiar asko ari zen han lanean, eta frantsesa erakusten zidaten. Amarekin eskutitzez harremanetan jartzen lagundu zidan familiak.
Zein da esperientzia hartaz duzun oroitzapena?
Oso ona. Eskolara joaten nintzen. Frantsesa ikasi nuen, eta gero lanerako ondo etorri zitzaidan. Bi alabekin oso harreman ona nuen. Igandeetan, mahastietara joaten ginen zertxobait egitera. Lau urte egin nituen han. Bi urte-edo neramatzala, aita bisitatzera joan nintzen Barmeko kontzentrazio esparrura, bere iloba han zuen nire etxeko senitarteko batekin; gertu zegoen. Aurretik aita Argeles Sur Meren izana zen. Elkar besarkatu, eta negarrez aritu ginen. Gero, nire aitak, Manuelek, lan egiteko aukera izan zuen Tolosan [Okzitania], arma fabrika batean.
Noiz eta zergatik itzuli zinen?
II. Mundu Gerra hasi zenean eta alemaniarrak Frantzian iparraldetik sartu zirenean, esan zidaten hobe nuela nire familiarekin itzuli, ez zutelako nahi nik sufritzea. Hori 1941ean izan zen. Eskolako andereñoak esan zidan kurtsoa amaitu eta azterketak egiteko, ondorengo zerbaitetarako balioko zidala eta. Horrelaxe egin nuen, eta uztailean itzuli nintzen, ikasturtea amaitu nuenean.
Nola bizi izan zen familia zu falta zinenean?
Ama eta amona Tolosara itzuli ziren, itzuli handia emanez: Santurtzin ontziratu eta Santanderrera, handik autoz Bartzelonara, Frantziara pasatu, eta etxera autoz etorri ziren. Etxean gauza asko lapurtu zizkiguten, nahiz eta amaren osaba zaintzen gelditu. Udaletik deitzen zioten amari aitari buruz galdetzeko. Ez zekien ezer.
Eta aita?
Munduko Gerra iritsi zenean, Frantziatik bidali zuten, eta Madrilera eraman zuten, kontzentrazio esparru batera, gorria izateagatik. Urte eta erdi ibili zen lanean; besteak beste, Erorien Harana eraikitzen. 1941eko maiatzean itzuli zen etxera, ni baino pixka bat lehenago.
Bizimodu berria hasteko aukerarik izan zenuten Tolosan?
Aita ez zuten berriro hartu Papelera Españolan, aurreko lantokian, eta Olasagasti gozotegiko karameluak eta kakahueteak saltzen hasi zen tabernetan, saski batekin. Gero, karro bat izan zuen saltzeko, orduan beste askok bezala. Nik lagundu egiten nion. Urte gogorrak izan ziren, baina moldatu ginen generoa lortzeko. Geroago, paper fabrikatik deitu zioten, eta han lan egiten hasi zen. Amak lan egin zuen SAM lantegian, baina ez zen itzuli. Zorte txarra izan zuen. Gazte hil zen. Eskolan ez nuen jarraitu, eta, frantsesez nekienez, Salazar mertzerian hasi nintzen lanean, Rondilla kalean. Gero, hango jabeek botoi fabrika ireki zuten Ibarran, eta hara joan nintzen, baina gaueko txandarekin hasi zirenean utzi egun nuen, amak ez zuelako nahi izan, eta Donostiako denda batean hasi nintzen lanean, frantsesari esker berriro. Oraindik badakit. Lehengoan, Parisko atentatuak izan zirenean, Marseillaise abestu nuen.
Frantzian hartu zintuen familiarekin harremana mantendu zenuen?
Bai. Biloba udaretan etortzen zen, batzuetan lagun batzuekin, eta oso ondo pasatzen genuen. Behin amarekin etorri zen: istripu bat izan zuten, eta ama hil zen. Ez da gehiago itzuli.
Zer da zuretzat gerra?
Ikaragarria. Gerran ikusiriko izua da okerrena; oroitzapen ikaragarriak dauzkat, babestera korrika joaten nintzenekoa, jendea zaurituta ikustea, gauean…