Molotov koktelak jaurtiz eraso diote bart gauerdian Getxoko (Bizkaia) PSE-EEren egoitzari, barruan hogei bat lagun zeudela. Haietako bat, 60 urteko emakume bat, arin zauritu dute erasoan. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, erredura arin bat du emakume horrek, eta han bertan artatu dute. Osterantzean, kalte material txikiak eragin ditu erasoak.
Urduñan (Bizkaia), berriz, pneumatikoak erre dituzte Correoseko bulegoaren atarian. Suhiltzaileek esku hartu behar izan dute sua itzaltzeko, eta sarrerako atea eta aire girotuko tutueria hondatuta geratu dira.