Getxoko Udalak laguntzak kendu dizkie presoen senitartekoei

Senideek esan dute erabakia «gehiengo sozialaren iritziaren kontra» doala. Imanol Landa alkateak EH Bilduri egotzi dio errua

Getxoko presoen senitartekoak, atzo, Getxon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Getxoko (Bizkaia) udal gobernuak —EAJk eta PSE-EEk osatzen dute— bertan behera utzi ditu kartzeletarako bidaia gastuak arintzeko preso getxotarren senitartekoei eman beharreko diru laguntzak. Diru laguntza horiekGizarte Ongizate arloko aurrekontuetan ageri ziren, udal gobernuaren eta EH Bilduren akordio bati esker, baina aurrekontuak aurrera ateratzeko hitzarmena egin dute EAJk eta PSE-EEk PPrekin, eta popularren sostenguaren truke, laguntza horiek kendu dituzte.

Presoen senitartekoek agerraldia egin dute Getxoko udaletxearen aurrean, eta euren nahigabea erakutsi dute Getxoko Udalak hartutako erabakiaren aurrean. «Salbuespeneko espetxe politika bukatu nahi duen gehiengo sozialaren iritziaren kontra doa Getxoko udal gobernuak hartutako erabakia», azaldu dute.

Gogora ekarri dute zortzi preso getxoztar daudela Frantziako eta Espainiako kartzeletan, eta den-denak 600 eta 1.000 kilometro arteko distantziara urrundurik dituztela. «Presoak Euskal Herrian egongo balira ez genuke diru laguntzarik beharko», nabarmendu dute.

Agerraldia egin ostean, presoen senideek bilera egin dute Getxoko alkate Imanol Landarekin. Senitartekoek esan dutenez, diru laguntzak berriro ezartzeko eskatu diote Landari, baina alkateak erantzun die «EH Bilduren errua» izan dela, EAJ eta PSE-EErekin aurrekontuetarako hitzarmenik ez egiteagatik.

Sare eta Ireki, batera

Sare eta Ireki dinamikek deialdi bateratua egin dute, ekainaren 17an presoen eskubideen alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. Lan munduan presoen aldeko sinadurak biltzen ibili da Ireki dinamika, eta ekainaren 17an ekitaldi bat antolatua zuen, Gasteizen, goizez. Egun berean izango da Sareren ekitaldia, baina Donostian, eta arratsaldez. Orain, dinamika biak batera agertu dira herritarrei ekitaldi bietan parte hartzera deitzeko.

Bestalde, Iñaki Bilbao presoak hamalaugarren eguna du gaur gose greban eta itxialdian Puerto III kartzelan (Espainia). Haren egoera salatzeko AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak manifestazioa egingo du gaur, 20:00etan, Bilboko Unamuno plazatik, eta bihar ere elkarretaratzea egingo dute, 13:00etan, Atxuriko tren geltokiaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.