Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 9.000 pertsona baino gehiago daude egun GIB giza immuno-eskasiaren birusarekin kutsatuta, eta horietatik %30ek ez dakite GIBa dutenik ere. Osakidetzako Hiesaren Planaren koordinatzaile Daniel Zulaikak Hiesaren Nazioarteko Egunaren harira aurkeztutako datuetako batzuk dira horiek.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 200 kasuren diagnosia egiten da urtero, eta kasu horien batez besteko adina 40 urtekoa da.Era berean, kutsatutakoen %35 etorkinak dira, datu horien arabera.
Rafael Bengoa Osasun sailburuak, Miguel Angel Ruiz Euskalsidako presidenteak eta Arrate Agirrezabal EHUko irakasleak lagunduta eman zituen atzo datuak Zulaikak. Hark agertu zuenez, egun kutsatuta dauden pertsonen %72 gizonak dira eta %28 emakumeak. Kutsatzeko bideari dagokionez, GIBdunen erdiak harreman heterosexualen bitartez kutsatu dira; herenak, harreman homosexualen bidez, eta %10, azkenik, droga kontsumoaren bitartez.
Bazterketari beldur
Botikei esker, GIB birusa izatea gaixotasun kroniko bihurtu da, eta modu horretan Osasun Saila gaixo kronikoen arreta gunean egiten ari den aldaketen barruan sartzen da. «Baina oraindik badira gaixo horiek baztertzera eta estigmatizatzera eramaten dituzten elementuak». Rafael Bengoa osasun sailburuaren iritziz, horrek GIBa dutenen osasun psikologikoan ondorio «handiak» ditu. «Bazterketa sozialaren beldurra eragiten du, eta, ondorioz, prebentzioa zaildu egiten da eta infekzioa ezkutatzera eramaten ditu asko».
Espainiako Hiesaren Elkarteak 2008. urtean egindako inkestaren datu bat eman zuen Bengoak: herritarren %76k uste dute GIBa dutenak baztertuak edo inoiz bidezkoa ez den moduren batean tratatu dituztela. Horri lotuta, ikerketak beste datu adierazgarri bat ematen du: herritarren erdiek diote «oso deseroso» sentituko liratekeela beren seme-alabak birusaz kutsatutako haur batek ikasten duen eskola berera joango balira. %40k ikastetxez aldatuko lituzkete seme-alabak.
Bihar da Hiesaren Nazioarteko Eguna, eta horren harira, mundu osoko ehun hirik beren eraikin adierazgarrienak itzaltzeko eskaera egin du NBEk. Modu horretan, bihar, 19:00etan, Donostiako Kursaaleko argiak itzali egingo dira, eta berriro piztean xingola gorri bat irudikatuko dute.
GIB birusaz kutsatuen herenek ez dute horren berri
Urtero 200 kasu gehiago agertzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta egun 9.000 dira guztira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu