Joan den Urtats gauean gertatu zen erasoa. Sarako herriko ostatuan zirela (Lapurdi), biktimaren inguruan ezarri ziren lau gizon, eta hura «aterabiderik gabe utzi, zafratu, iraindu eta umiliatu zuten; belarritakoak ere bortizki kendu zizkioten». Holaxe deskribatu zituzten gertakariak atzo, Baionako auzitegian, Bakean Bizi kolektiboko kideek. Aipatutako irainak homofoboak ziren, eta biktimak salaketa jarri zuen. Auziaren ondotik, epaimahaiak deliberoa jakinarazi zuen: lau erasotzaileak gibelapenezko bost hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu ditu, 300 euro banako isunera, eta urte batez biktimarekin harremanetan sartzeko debekua ezarri die.
Herenegun, lehenik, behin-behineko atxiloaldian sartu zituzten lau gizonak, eta, erantzukizuna bere gain hartu baitzuten Urtats gaueko erasoaren aferan, orduan biharamunean bertan iragan zen epaiketa. Bakean Bizi kolektibokoek gehitu dutenez, gau hartan beste biktimarik ere izan zen, hots, irainak egin zizkioten beste pertsonarik, baina, «egoera txartzeaz beldur», ostatutik joatea erabaki zuten. Funtsean, ez da lehen aldia halakorik gertatzen dena Sarako herrian, eta Bakean Bizikoek argi utzi nahi izan dute «ez direla gertakari bakanak, ezta desadostasun sinpleak ere, baizik behin eta berriz eta aspaldidanik salatuak diren jokamoldeak».
Urtats gaueko biktima hamar egunez segidan ezin izan zen lanera joan, erasoaren ondorioengatik; deliberoan eragin du horrek, eta baita erasotzaileak alkoholizatuak izateak ere gertakariak izan zirenean. Biharamunean, gainera, ez ziren beldurtu, eta herriko ostatura itzuli ziren trago baten edatera. «Nola da posible hara itzultzea deus gertatu ez balitz bezala?», galdetu dute kolektibokoek; eta ostatuko jabeari galdegin diote lau pertsona horiek gehiago ez onartzeko, baina, dirudienez, ostatuko kideak dira laurak.
Orain hamar egun dituzte epaimahaiaren erabakiari dei egiteko.