Bederatzi argazki, bortz hizlari eta gibelerat begiratzeko ariketa bat. Iratxe Retolaza literatur ikerlaria eta irakaslea gidari, Euskal Herriko mugimendu feministaren genealogia egin zuten atzo iluntzean Zaldibarren (Bizkaia); Euskal Herriko Gazte Feministek antolatutako Baterajotzean. «Erreakzionarismoa» hauspotzen ari den garai honetan, feminismoaren lubakia defendatzearen garrantzia ekarriko dute gogora asteburuan eginen dituzten solasaldi, tailer eta ekitaldietan. Eta, hain zuzen, lubaki hori eraiki duten zenbait mugarri izan zituzten hizpide atzo, Gutxi irabazi duena gezurretan ari da izenburupean egindako mahai inguruan.
Herriko Olazar pilotalekuan Euskal Herriko bazter guztietako ehunka gazte feminista bildu ziren, bederatzi argazkiz osatutako liburuxka zutela eskuetan. Saioa hasi aitzinetik, Retolazak esplikatu zien dokumentu hori izanen zutela oinarri, eta bortz hizlariak gidari: Anabel Sanz del Pozo ekintzaile feminista, Euskal Herriko Mugimendu Feministan eta Bizkaiko Emakumeen Asanbladan aritua; Ana Txurruka Medeak talde transfeministako kidea; Lola Garcia Ipar Euskal Herriko mugimendu feministako kidea; Itoitz Serna Euskal Herriko Gazte Feministetako militantea; eta Saioa Iraola Euskal Herriko Bilgune Feministan koordinatzaile aritutakoa, eta Orioko Udalean (Gipuzkoa) teknikari dabilena.Â

Euskal feminismoaren hastapenak gogora ekartzeko, Emakumeen Askapenerako Mugimenduak 1975ean Hendaiatik (Lapurdi) Behobiara (Gipuzkoa) egindako martxaren argazkiarekin hasi zuten saioa. Garciak hartu zuen hitza lehenbiziko, eta esplikatu zuen 1960ko hamarkadaren hondarrean Ipar Euskal Herriko feminismoak Frantziakoa «kalkatu» zuela, eta abortuaren borrokak hartu zuela zentralitatea. «Ipar Euskal Herriko emazteek kontzientzia hartu zuten haien feminismoa haien lurraldean kokatzen ahal zutela pentsatuz, ikusi zutelako euskaldun gisa ez zituztela frantsesen problematika berak». Hala, 1974an «emazte euskaldun» gisa kokatu zuten beren burua lehenbizikoz.Â
Sanzek Hegoaldeko argazkia egin zuen, eta adierazi pertsonala ere politikoa delako ideia zabaltzen hasi zela 1970eko hamarkadan, eta emaztekiak identitate politiko bat eraikitzen hasi zirela. «Subjektu politiko bat eraiki zen: emakumeona».
Subjektu politiko horren borroketako bat bazen abortatzeko eskubidearen aldekoa, eta, hain zuzen, hor kokatu zuten bigarren argazkia: 1979an Basaurin (Bizkaia) epaitu zituzten 11 emakumeen aldeko protestena. «Gorputzaren gaineko politika zen —eta da— feminismoaren oinarri garrantzitsuenetako bat: gure gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea», adierazi zuen. Bide berean mintzatu zen Garcia: «Gure bizitzen burujabetzen inguruan hitz egiten jarraitzen dugu, guk gobernatu nahi ditugulako gure bizitzak eta gure gorputzak».
Aliantzak
Euskal Herriko mugimendu feministan aliantzek izan duten lekua gogora ekarri zuten ibilbideko hirugarren argazkiarekin. Iraolak erran zuenez, zapalkuntza hainbat ardatzen kontra borrokatzeko sortutako eragileen elkarlanaren bidez, «feminismoan jarduteko militantzia eredu berri bat» egiten hasi ziren. Eta, hain zuzen, aliantza anitz horien erakusleetako bat da Emakumeen Mundu Martxa plataforma; laugarren argazkiarekin, 2021ean Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) batu zituen martxa gogoratu zuten. Ana Murcia aktibista feminista ezin izan zen solasaldirat joan, baina haren audio bat jarri zuten laugarren irudiaz hausnartzeko: «Periferietako aniztasuna elkartzeko gaitasunak elkarguneak eta tentsioak sortu ditu; feminismoak, eta batez ere transfeminismoak, horiei aurre egin beharko die». Iraolak, berriz, adierazi zuen Mundu Martxak bide eman diola herrietako feministak ere artikulatzeari, «hirietatik herrietara jauzi egiteko».
Borroka transfeministaren ibilbideaz hausnartu zuten bosgarren argazkiarekin. Txurrukak gogoratu zuen 1990eko hamarkadan hasi zela transfeminismoaren bueltako hausnarketa; eta 2008an Portugaleten (Bizkaia) eta 2009an Granadan (Espainian) egin ziren jardunaldietan feminismoaren subjektu politikoak zein izan behar zuen eztabaidatzen hasi zirela. «Identitatean oinarritutako feminismoaren aurrean, aliantzetan oinarritutakoa jarri genuen mahai gainean». Bada, Sernak erran zuen Euskal Herriko Gazte Feministak subjektu politiko aldaketa batetik datozela, eta «eztabaida asko» ekarri dituen prozesua izan dela, baita tresna anitz eman dizkiena ere. «Argi dugu proiektu politiko bat partekatzen dugula: ez gaitu elkartzen neska izateak, feminista izateak baizik», borobildu zuen.Â
Gazte feministak
Euskal Herriko gazte eta feministek antolatutako topaketez mintzatu ziren seigarren irudiarekin, eta indarkeria matxistaren kontrako borrokaz zazpigarrenarekin. Bada, Garciak Baionako bestez hausnarketa egin zuen: «Indarkeria matxista ikaragarria dago, eta ez dago protokolo ofizialik. Guri tokatzen zaigu indarkeriari aurre egitea, eta ohartu gara gure bestak autodefentsa egiten pasatzen ditugula. Baina ez dugu gure gain hartu nahi autodefentsaren karga osoa, benetako protokolo baten alde borrokatzen segituko dugu».
2019an Durangon (Bizkaia) egin ziren V. Jardunaldi Feministak ekarri zituzten hizpidera zortzigarren argazkian, eta duela bi urteko greba feministak azkenekoarekin. Mobilizazio horiei erreferentzia eginez, prozesua bera «eraldatzailea» izan zela adierazi zuen Sernak: «Borroka ziklo berri bati hasiera eman genion, eragileen arteko aliantzak indartuz, eta orain hori indartzea dagokigu». Hain zuzen, horretarako baliatuko dute asteburua: gazte eta feministen elkargune izanen da Zaldibar, Euskal Herriko Gazte Feministena ez delako partxe huts bat sisteman.