Gidari bat zigortu dute oinezko bat harrapatu eta hiltzeagatik

Autoa orduko 42 kilometroko abiaduran zihoan emakumea harrapatu zuenean, eta Iruñeko kale horretako muga 30ekoa da. Emakumea hil egin zen.

Nafarroako justizia jauregia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Nafarroako justizia jauregia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko maiatzaren 15a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Probintzia Auzitegiak isuna jarri eta gidabaimena kendu dio auto gidari bati, Iruñean semaforoa gorri zuela zebra bide bat gurutzatzen ari zen emakume bat harrapatzeagatik eta hiltzeagatik. Gidariak 2.400 euroko isuna ordaindu beharko du, eta gidabaimena kendu diote hamar hilabeterako. Zuhurtziagabekeria arineko giza hilketako delitua egotzi dio epaileak gidariari, Noticias de Navarra egunkariak jakinarazi duenez. Instrukzio epaitegiak jarritako zigorra berretsi du, baina arindu egin du emakumearen errua.

Istripua 2022ko irailean gertatu zen. Auzitegiaren arabera, gidaria orduko 42 kilometroko abiaduran zihoan emakumea harrapatu zuenean, eta kale horretako abiadura muga orduko 30 kilometrokoa zen. Epaiaren arabera, gidariak ez zuen autoa balaztatzeko maniobrarik egin.

Emakumea harrapatu zuenean, gidaria bihurgune bat hartzera zihoan, Iruñeko Julian Gaiarre kalera joateko. Autoen semaforoa berde zegoen; oinezkoena, aldiz, gorri. Gizonak negatibo eman zuen alkohol eta droga azterketetan.

Errekurtsoak

Nafarroako Auzitegiak neurri batean aintzat hartu du hildako emakumearen senideek jarritako helegitea, eta hari egotzitako erruaren proportzioa %50etik %25era jaitsi du. Iruñeko 5. zenbakiko instrukzio epaitegiak %50eko errua ezarri zion biktimari. Hori dela eta, biktimaren senideek kalte ordain handiagoa jasoko dute.

Gidariak eta haren aseguru etxeak ere helegitea aurkeztu zuten lehen epaiaren kontra, uste baitute gidaria arauzko abiaduran joan balitz ere istripua saihetsezina litzatekeela. Gidariak, ordea, aitortu zuen zalantzak izan zituela bihurgunea hartzean, eta ez zuela errepidera begiratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA