Euskal zinema, antzerki eta telebista arloko hainbat lagunek Udalbiltzaren epaiketaren aurkako elkarretaratzea egin dute gaur Donostian, Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari. Udalbiltza aske! lelopean, eta Espainiako Estatuari dei egin diote auziko "gidoia aldatzeko".
Bilkuran izan dira, Udalbiltzako zenbait auzipetutekin batera, aipatutako arloetako Eneko Olasagasti, Jose Portela, Juanba Berasategi, Josu Martinez, Txaber Larreategi, Asier Sota, Joserra Fatxado, Kristiane Etxaluz, Ritxi Lizartza edota Ibai Iriarte. Herritar batzuk ere bai.
"Gidoi aldaketa sakona egin beharrean dago Espainiako Estatua, bere instantzia guztietan. Euskal Herriko gatazka politiko-identitarioak azken hamarkada luzeetan sufrimentu eskenak pilatu ditu; sekuentzia mingarriak, askotan odoltsuak… heriotza eta torturaren lehen planoak, isolamendu eta urruntzearen plano luze eta ilunak. Garaia da generoa aldatzeko: eskubideen urraketa guztiak eta blokeo politikoak baztertuta, gaindituta, elkarrizketa nagusituko den obra eraiki dezagun guztion artean. Desberdintasunak aintzat hartu eta onartuta, protagonista guzti-guztien eskubide berdintasunerantz", esan dute elkarretaratzearen antolatzaileek. Hala, Udalbiltza auzian absoluzioa emateko eskatu dute.
Hurrengo auzi saioa, hilaren 30ean
Hilaren 30ean segituko du epaiketak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Froga perizialen txanda izango da.
Uztailaren 15ean hasi zen, eta Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu gabe segitzen du akusazioak. Defentsaren 11 lekukoek, berriz, uztailean auzipetuek egindako azalpenak berretsi, eta Udalbiltzako erabakiak ez zituela ETAk hartzen esan zuten; halaber, zioten udal erakundeak diru publikoak eta bere jarduera oro legea jarraituta egiten zituela.
Fiskaltza eta Dignidad y Justicia akusazioek 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte 21 auzipetuentzat, ETArekin lotura dutelakoan. Udalbiltza, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uzteko eskatzen dute, era berean.
udalbiltza auzia
Gidoia aldatzeko eskaera
'Udalbiltza auzia' salatu dute gaur euskal zinema, antzerki eta telebista arloko hainbat lagunek Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu