Gimenezen ustez, euskal presoen sakabanaketak «ez du zentzurik»

Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu ohiak agerraldia izan du Eusko Legebiltzarrean. «Salbuespena» baztertu behar dela deritzo

Gimenez —eskuinean—, Jone Goirizelaiarekin hizketan, atzo. JUANAN RUIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Euskal presoak «sorterritik ehunka kilometrora» atxikitzeak «ez du zentzurik». Gogoeta ez da berria, baina ez da oso ohikoa baieztapen hori Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu ohi batek egin izana. Joaquin Gimenezek agerraldia izan du Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean, eta han esan du Espainiako Justiziak ezin diola «entzungor» egin errealitateari: «talde terrorista batek hiltzeari utzi egin diola», alegia.

Alderdiek proposaturiko adituak hasi dira Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean testigantzak ematen. Hamalau izango dira orotara. Elkarrekin Podemosek proposatuta agertu da Gimenez batzordearen aurrean, eta han esan du «salbuespen neurriak» alboratu egin behar direla espetxe politikan. «Espainiako zuzenbidean, legezko salbuespen guztiek ETAren DNA daramate», esan du, «eta orain, ETA jardunean ez dagoenez, legea errealitate horretatik abiatuta ezarri behar da».

Gimenezek deitoratu egin du Alderdi Popularrak Memoria eta Bizikidetza lantaldean parte ez hartzea, eta esan du «erabat beharrezkoa» dela PPk batzordearekin bat egitea. Espetxeen inguruko eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uztearen alde agertu da, horrek presoak «elkartzea» ekarriko lukeelako: «Ez du zentzurik presoak urrunduta eta sakabanatuta edukitzeak».

Langraitz bidea izenekoaren alde ere egin du Gimenezek. Esan duenez, batzuetan «ibilera zalantzatia» izan du horrek, baina oro har «oso neurri positibotzat» jo du.

Daniel Innerarity filosofoa ere agertu da Memoria eta Bizikidetza lantaldean, EAJk eskatuta. Innerarityk «biktimen ikuspegia» lehenestearen garrantzia nabarmendu du. «Historiaren gertaera garrantzitsu guztietan, batailak eta balentria handiak aipatu ohi dira», esan du; haren ustez, ikuspuntua aldatu egin behar da, eta gertaturikoa «atzean geratu direnen ikuspegitik, biktimen ikuspegitik» kontatu behar da.

Euskal Herrian ere berdin egin behar dela uste du Innerarityk, eta «biktimen ikuspegia» aintzat hartu; ETAren biktimena, baina baita giza eskubideen urraketak pairatu dituzten bestelako biktimena ere; torturatuena, esaterako.

Datozen asteetan aditu gehiagoren testigantzak entzungo dituzte Memoria eta Bizikidetza lantaldean. Besteak beste, hauek azalduko dira lantaldean: Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari izandakoa, Carmen Gisasola Langraitz bidea hartutako ETAko kide ohia, Euskal Memoria fundazioko presidente Iñaki Egaña eta Txema Matanzas preso ohia.

Senatua, harreren kontra

Euskal presoei egiten zaizkien harrera ekitaldien kontrako adierazpena onartu du Espainiako Senatuak. Adierazpenean Espainiako Gobernuari eskatu diote neurriak har ditzan «hiltzaile terroristei egindako omenaldiak» galarazteko.

EAJren senatari Jokin Bildarratzek nabarmendu du Senatuan onartutako adierazpenean hitzez hitz jasotzen dela EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek otsailaren 22an Eusko Legebiltzarrean onartutako testua. Orduan, PPko legebiltzarkideak abstenitu egin ziren adierazpenaren zenbait puntutan, eta oraingoan, berriz, PPko senatariek aldeko botoa eman dute. Bildarratzek «oso positibotzat» jo du jarrera aldaketa hori, eta dei egin dio EAEko PPri «bide beretik» aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.