Gipuzkoa Caritasek esan du gero eta jende gehiago artatzen duela; iaz, 750

Aurtengo irailera bitarte, 758 pertsona artatu dituzte. Gehienbat, 44 urtetik beherako gizon atzerritarrek eskatzen dute laguntza

Gipuzkoako Caritasen Hotzaldi zentroa, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bihar etxerik gabekoen eguna izanen da. Hala, urtero urrian egiten duten moduan, Caritasek pertsona horien inguruko sentsibilizazio kanpaina abiatu du. Erakundeak Gipuzkoan duen ordezkaritzak agerraldia egin zuen atzo Donostian: beren lanaren berri eman zuten, eta esku artean dituzten bost proiektuak azaldu zituzten. 2023ko urtarriletik irailera bitarte, 758 pertsona lagundu ditu Gipuzkoako Caritasek. Profil oso zehatzekoak dira: gizonak, atzerritarrak Marokokoak eta Aljeriakoak gehienbat eta 44 urte baino gutxiagokoak.

Rosa Hernandez Etxebizitza eta Harrera Etxeak departamentuko burua eta Sergio Corchon Etxerik Gabeko Pertsonen departamentuko burua izan ziren solasaldian. Azaldu zuten azken urtean gora egin duela laguntza eskatu dutenen kopuruak: 2022an 750 pertsona lagundu zituzten. Profila, ordea, ez da askorik aldatu. Hernandezek azaldu zuen Gipuzkoako Caritasek laguntzen dituen pertsonen erronka nagusiak hiru direla: errolda, etxea eta enplegua.

Lehenbizikoa da garrantzitsuena, zuzenean baldintzatzen baititu bertze biak. «Etxerik ez duten pertsonek errolda lortzen dute, baina oso zaila da. Gakoa errolda soziala da, baina oso udal gutxik eskaintzen dute: Irunek eta Donostiak, nik dakidala», erran zuen Corchonek. Errolda mota hori etxe finkorik ez duten horiendako baina baldintza batzuk betetzen dituztenendako izan ohi da.

Etxeari dagokionez, Corchonek dio aterpeetatik logeletara igarotzenlaguntzen dietela etxegabeei, Caritasek berak diru laguntzak emanez, adibidez. Hala ere, «oso zaila izan ohi da pertsona horientzat logelak aurkitzea». Enpleguarekin ere antzeko zerbait gertatu ohi da, Hernandezen erranetan, errolda behar baitute lanean hasteko: «Zailtasun asko dituen inklusio prozesu bat da».

Erronka horiei aurre egiteko, bost programa ditu Gipuzkoako Caritasek: Hotzaldi, Aterpe, Trintxer, Emeki eta Sorabilla. Guztiek laguntza psikosoziala dute. Hotzaldin, gaua bakarrik pasatzen ahal da —gosariak eta afariak ere ematen dituzte—; bertze lauretan, gaua eta eguna.

Laguntza sarea

Programa horiek bertan lan egiten duten 236 boluntarioei esker daude martxan. «Oinarrizko gizarte eta harreman laguntza eskaintzen diete», dio Hernandezek. Izan ere, etxerik gabekoak sarerik ez duten pertsonak izan ohi dira. Horregatik, boluntarioen babesa «funtsezkoa» da.

Hala, bi-biek jakinarazi zuten Gipuzkoako Caritas «ahalegin berezia» egiten ari dela «aisialdi inklusiboa sustatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.