Substantzia perfluoroalkilatu eta polifluoroalkilatuak; hau da, PFAS produktu kimikoak. Agian ez dira egunerokoan erabiltzen diren hitzak, baina ohikoak diren toki ugaritan daude: zartagin itsasgaitzetan, arropa iragazgaitzean, elikagai ontzietan, altzarietan… Hortaz, ez da zaila gizakien odolera iristea. Hain justu, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa batean Urola eta Goierri eskualdeetako (Gipuzkoa) adingabe batzuen odola aztertu dute, eta berretsi produktu kimiko horiek dituztela plasman. Biogipuzkoarekin eta Osasun Publikoko sailarekin lankidetzan ondu dute lana.
Urarekiko, olioarekiko eta orbanekiko iragazgaitzak dira PFAS produktuak, horregatik daude objektu askotan. Anne San Roman kimikari eta egileetako batek azaldu duenez, «karbono eta fluor kateez sortutako konposatu kimikoak» dira PFASak. «Karbono eta fluorraren arteko lotura kimika organikoan dagoen lotura indartsuenetarikoa da; hortaz, oso zailak da konposatu horiek desintegratzea», azaldu du. Nestor Etxebarriarekin eta Eunate Abilleirarekin batera egin du azterlana.
Substantzia horiek eragina izan dezakete gizakiengan: «Asaldura endokrinoekin, kolesterolaren igoerarekin, gibelari eta garapenari eragiten dien efektuekin lotu dira». Horregatik, San Romanek ezinbestekotzat jo du substantzia horien jarraipena egitea, esposizioa eta haren ondorioak kontrolatzeko. Hala ere, adierazi du ez dutela «alarma soziala» piztu nahi, pertsona orok izan ditzakeelako horrelako substantziak eta «osasuntsu» egon.
PFASak dituzten elikagaiak jaten dituzten bizidunek hori bera metatzen dute. Horrez gain, giza organismoan sar daitezke haurdunaldian, plazentaren bidez, eta pilatzen jarraitu daitezke edoskitzean. Hain justu, ikerketa aurrera eramateko, emakume batzuen haurdunaldien jarraipena egin dute, eta euren seme-alabena gero, 4, 8 eta 14 urte izan dituztenean, konposatu horien bilakaera ikusteko. Oro har 315 adingaberen plasma ikertu dute.
San Romanek azaldu duenez, PFAS taldean mila konposatutik gora daude. «Orain arte bost konposatu ikertu izan dira gehienbat, eta, ikusita osasunean arazoak sor ditzaketela, horiek debekatuz joan dira, baina enpresek beste konposatu batzuk sortu dituzte», jakinarazi du. Konposatu horien zerrenda handitzeko teknika bat garatu dute ikertzaileek, eta adingabeengan 42 ikertu. Horietatik hamazortzi antzeman dituzte euren odolean.
Txikienek, kontzentrazio handiagoa
Ikerketak ondorioztatu du 4 urteko umeek konposatuen «kontzentrazio handiagoak» izaten dituztela; 14 urterekin, berriz, murriztu egiten da kontzentrazio hori. «Gure hipotesietako bat hazkuntza bidezko diluzioa da; hau da, urteek aurrera egin ahala, organoak hedatzen doaz eta, beraz, kontzentrazioa murriztuz doa».
Eta zergatik ikertu dituzte adingabeak? Ikertzaileen arabera, «talde oso kaltebera» da. San Romanek eman du arrazoia: «Euren organismoak oraindik garatzen ari dira; helduek azkarrago kanporatzen dituzte gorputzean dituzten toxikoak, baina gazteek denbora luzeagoa behar dute konposatu horiek kanporatzeko». Hortaz, konposatuek denbora luzeagoa ematen dute euren gorputzetan, eta hori «arazo bat» izan daiteke. Gainera, haurrek «ur eta janari gehiago» hartzen dute kiloko. Beraz, aukera gehiago dituzte kutsatutako janaria eta ura hartzeko.
Konposatuak ez dira bizi guztirako gorputzean geratzen; zaila da horiek degradatzea, baina desagertu egiten dira. «Zenbat eta luzeagoa izan katea, orduan eta denbora luzeagoan egongo da gorputzean», argitu du San Romanek, eta erantsi ikerketaren osteko urratsa hau dela: aztertzea zer-nolako eragina izan dezakeen konposatu batek denbora luzez gorputz batean geratzen bada.
«Ez dugu alarma soziala piztu nahi, azpimarratu nahi duguna da arduragarria dela konposatu horiek guk guztiok izatea»
ANNE SAN ROMAN Kimikaria eta ikerketaren egileetako bat
Arriskua ebaluatzeko gaur egungo metodoek «muga nabarmenak» dituztela uste dute ikertzaileek. Izan ere, animalietan egindako ikerketak izaten dituzte oinarri, eta horrek euren zehaztasuna murrizten du «gizakietara estrapolatzean». Horiek horrela, garrantzitsutzat jo dute pertsonengan oinarritutako azterlan gehiago egitea.
Produktu horiek gorputzetan sartzea saihesteko, horiek «debekatzea» da irtenbidea, San Romanen esanetan. Izan ere, PFAS taldeko hainbat substantzia jada debekatuta daude herrialde askotan, baina Europako herrialde batzuek, zuhur jokatu, eta talde horretako beste zenbait produkturen erabilera ere mugatu nahi dute.Â
Ikertzaileen arabera, PFAS batzuei «mugak» ezarri bazaizkie ere, konposatu mugatuak haurtzaroan «presente» daude oraindik ere. Hortaz, araudia eguneratu beharko litzatekeela iritzi dute, sortzen ari diren konposatuak barne har ditzan. Horrez gain, PFAS berrienen «toxikotasunari buruzko azterketa gehiago» eskatu dituzte. «Ez dugu alarma soziala piztu nahi, azpimarratu nahi duguna da arduragarria dela konposatu horiek guk guztiok izatea», esan du San Romanek. Horregatik da garrantzitsua ikerketak egiten jarraitzea.