Gipuzkoako Foru Aldundiak Espainiako Auzitegi Gorenera joko du berriz lan deialdi bateko eskakizunak defendatzeko. Atzo, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen zahar etxeak kudeatzeko Kabia organismoak ezarritako hizkuntza eskakizunak baliogabetzeko epaia, eta aldundiak haren aurkako helegitea jarriko du Madrilgo epaitegian. Hilabeteak beharko dira ebazpenaren berri izateko.
Gobernantza diputatu Irune Berasaluzek berak azaldu du gaur helegitea jartzeko asmoa dutela. Aztertzen ari dira nola egin. Gogora ekarri du Gipuzkoako Batzar Nagusietan adierazia dutela hizkuntza eskubideak auzitegietan defendatzeko «konpromisoa». Horri atxikita, Kabiarako ezarritako hizkuntza eskakizunen alde egin behar dute, aurrez beste hainbat auzibidetan egin duten moduan. Onartu du kezkatuta daudela euskararen ezagutza egiaztatzeko irizpideak auzitan jartzen dituzten epaiak metatzen ari direlako. Lanpostuak egonkortzeko deialdi asko daude martxan, gehiago ere egin beharko dira, eta ziurgabetasuna dakarte tankerako ebazpenek.
Onbidean aurrera egite aldera, «lege aldaketa» beharrezkoa dela onartu du Berasaluzek. Euskararen normalizaziorako bidean duten konpromisoa berretsi du, Gipuzkoako Diputazioak hor egin dituen aurrerabideak nabarmendu ditu, eta lan ildo horretan aurrera egiten segitze aldera «kide» izateko eskatu die gainerako talde politikoei.
Kabiako hizkuntza eskakizunen auzia aztertuko duen hirugarren epaitegia izango da Gorena, betiere tramiterako onartzen badu. Donostiako epaitegi bat izan zen Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak «neurriz kanpokoak» zirela ebatzi zuen aurrenekoa. Iazko urrian plazaratu sententzia hori. Aldundiak helegitea jarri zion, eta EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen epaia atzo, eta salaketa abiarazi zuten bi langileei arrazoia eman.
Erlazionatuta
Aldundiak orain Madrilera joko du babes eske. Ez da lehen aldia lan deialdi baten hizkuntza eskakizunen defentsan horrelako pauso bat ematen duena. 2023ko martxoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioak jarri zuen helegitea, eta Gorenak ez zuen tramiterako onartu. Ordu hartan, hamalau hilabete pasatu ziren EAEko Auzitegi Nagusiak epaia eman zuenetik Auzitegi Gorenak helegitea baztertzea erabaki arte —2024ko maiatzean izan zen—. Aldundiak kritikatu egin zuen ebazpen hura.
Horiek horrela, oraindik baliogabe dago foru erakundeak 54 lanpostu egonkortzeko abiarazitako prozesua. Erakundeak kudeatzen dituen egoitzetan, euskarazko B2 maila eskatzen da lanpostu gehienetan, eta badira B1 maila ezarria dutenak ere. Baliogabetutako deialdian propio 49 lanpostutan ezarri zituzten hizkuntza eskakizunak, eta, lehen sententzia haren arabera, euskararen normalizazioa «maximizatzeko» nahiak langileen eskubideak urratu zituen. Are, sententzian jaso zuten euskara «gehiegi» baloratzen zela postu batzuetan. «Euskaraz dakiten eta gazteleraz dakiten langileen arteko aldea handia da».
Azkena ezagutu den epaiaren harira, EH Bilduk ohar bat atera du. Halakoak saiheste aldera, lege aldaketak egitea ezinbestekoa dela esan du. Gipuzkoako Batzar Nagusiek bide horretan aurrerabideak egiteko «mandatua» emana dutela gogoratu du, eta lankide jardun nahi duela EH Bilduk hor. «Uste dugu lan egin behar dela hizkuntza eskakizunen sistemari eta administrazioan euskararen garapenari segurtasun juridikoa emateko beharrezko lege aldaketen eta tresna juridiko berrien garapenaren alde». Gaiaren jarraipen «zorrotza» egiten ari direla esan dute koalizioko buruek, eta konponbide bila ekinbideak abiarazteko prest daudela.