Gipuzkoako Aldundiak «pertsonen zaintza» lehenestea hitzartu dute

EAJk eta PSE-EEk hamahiru puntuko akordio bat lortu dute. Gaur egingo dituzte Arabako eta Gipuzkoako ahaldunak hautatzeko saioak

Eider Mendoza, botoa ematen, maiatzaren 28an. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur dute ahaldun nagusia aukeratzeko bilkura. Ezusterik ezean, Eider Mendoza EAJko ahaldungaia hautatuko dute, EAJk, PSE-EEk eta PPk aldeko botoa emanda. Horretarako ordu eskas batzuk falta direla iritsi da EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioa, «pertsonen zaintza lehenetsiko duena eta gizarte, teknologia eta ingurumen eraldaketei modu berritzaile eta kolaboratiboan erantzungo diena», bi alderdien esanetan.

EAJk eta PSE-EEk hamahiru «ildo estrategikoz» osatutako egitasmo bat adostu dute: besteak beste, gizarte politikei «bultzada berri bat» ematea, ekonomia «indartsu eta lehiakorra» eraikitzea, «ongizatea eta lehiakortasuna babesteko zerga politika» bat garatzea, klima aldaketari aurre egiteko «estrategia sistemiko» bat gauzatzea, emakumeen eta gizonen «benetako berdintasuna» lortzea, euskararen erabilera «bizitzako esparru guztietan» sustatzea eta garraio «iraunkor eta konektatuan jauzi bat» egitea.

Bi alderdiek koalizioko gobernuaren azken zortzi urteetako «emaitza positiboak» baloratu ondoren sinatu dute hitzarmena, «lankidetzatik abiatuta eta etorkizunera begira, pertsona guztiei kalitatezko enplegua, babes soziala eta bizitza proiektu orekatua bermatzeko». Azaldu dutenez, lurralde «kohesionatu, integratzaile eta jasangarri bat» eraikitzen jarraitzea izango du helburu gobernu berriak, «gizarte desberdintasunei aurre egiteko eta, ekonomia lehiakor batetik abiatuta, Gipuzkoako gizarte osoari ongizate integrala eskaintzeko».

Gaurko inbestidura saioa 09:30ean hasiko da Batzar Nagusietan, eta bi ahaldungai nagusik aurkeztuko dute hautagaitza; Mendozaz gain, baita Maddalen Iriarte EH Bilduko zerrendaburuak ere. Indar subiranistak lortu zuen batzarkide gehien maiatzaren 28ko hauteskundeetan, 22, eta haren aldeko botoa ematekoak dira Elkarrekin Podemos-IUko bi batzarkideak ere. Beraz, ezusterik ezean, 24 izango lituzke Iriartek. Beste horrenbeste dauzkate EAJk eta PSE-EEk ere, eta, beraz, PPko hiru batzarkideak erabakigarriak izango dira zirt edo zart egiteko.

Araban, formula bera

Araban ere, gaur bertan izendatuko dute Ramiro Gonzalez jeltzalea ahaldun nagusi. Hark ere PSEren babesa edukiko du gobernatzeko, baina Mendozari gertatuko zaion antzera, gehiengo absoluturik ez du izango —12.000 boto galdu ditu EAJren eta PSEren baturak—, eta aurrekontu orokorrak eta beste legeak oposizioko indarrekin adostu beharko ditu; Voxekin salbu, hura baztertu egin dute eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.