Gipuzkoako aurrekontuen ia erdia, gizarte politikarako

Aurrekontu proiektua aurkeztu du aldundiak; %50 murriztu nahi du gastua protokoloetan eta ekitaldi ofizialetan

Agirrezabala, Franco, Garitano eta Txarola, atzo, Donostian. A. CANELLADA / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Eredu berri baterako» urrats gisa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013. urterako aurrekontu proiektua. «Aurrekontu aurrerakoiak ezinbestekoak dira Gipuzkoa berriaren bidean», adierazi du Martin Garitano ahaldun nagusiak. Denera, 3.987 milioi eurokoa izango da aurrekontua —iaz baino %1,67 txikiagoa—, nahiz eta aldundiak 661,1 milioi izango dituen kudeaketarako, 2012an baino %2,67 gutxiago —Espainiari, Eusko Jaurlaritzari eta udalei eman behar die gainontzekoa—. Atzo egin zuten agerraldia, eta Ogasun eta Finantza diputatu Helena Franco, Finantza eta Aurrekontuen zuzendari Jesus Mari Agirrezabala eta Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola ere izan ziren bertan. Aurreratu zutenez, ostiraletik aurrera bilduko dira alderdiekin, urte hasierarako aurrekontuak onartu ahal izateko.

Francok onartu zuen zaila dela egoera ekonomikoa: barne produktu gordina eta enplegua jaitsi egingo dira, adierazle ekonomikoen arabera, eta ezberdintasun sozialak, berriz, areagotu. Hori horrela, Garitanok ziurtatu zuen garrantzia eman nahi izan dietela diru sarrerei, eta jakinarazi zuen bilketa %4,37 igotzea aurreikusten dutela —EAEko batez bestekoa baino %0,64 gehiago—. Zerga sistema «progresiboago» baten bidez egin dute hori, Garitanoren esanetan: %1 igo dute zuzeneko zergen pisua, eta beste hainbeste jaitsi zeharkakoena. Beraz, PSE-EEren babesarekin onartutako zerga erreformak izan du eragina aurrekontu proiektuan.

Beharrak eta parte hartzea

Diru hori gastatzeko, berriz, «arrazionaltasunez eta zorroztasunez» jokatu beharra dagoela azaldu zuen Francok: zorpetze maila igo gabe, «oinarrizko behar sozialei lehentasuna emanez». Horren adierazle da, Ogasun diputatuaren esanetan, gizarte politiketara bideratzea aurrekontuaren %48,1 —pobreziari aurre egiteko laguntzak bikoizteko eta Mendekotasun Legearen inguruan Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketak saihesteko, besteak beste—. Murrizketarik handiena, berriz, barne funtzionamenduko gastuetan egin dute: ekintza ofizialetan eta protokoloetan, esaterako, %50eko jaitsiera proposatu dute.

Mugikortasunerako eta azpiegituretarako gorde dute aurrekontuaren bigarren zatirik handiena —%17,8—. Ez «proiektu erraldoi eta garestiegiak» egiteko, «pertsonen bizi-kalitatea hobetu eta Euskal Herriaren egituratzea» bultzatzeko baizik. Beasain eta Durango arteko errepidearen Gipuzkoako zatia bukatzea izango da erronka nagusia.

Herritarren iritziak bildu zituen aldundiak aurrekontu proiektua osatzeko, eta herriz herri aurkeztuko dute orain. Ostegunean egingo dute lehen bilera, eta abenduaren 5ean azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.