2023ko urrian bi hilabeteko haur bat ospitaleratu zuten Donostia ospitalean. Neskak lesio larriak zituen: biriketako edema, odol isuriak erretinetan eta odolbildu bat buruan. Gurasoak irailean epaitu zituzten, haurra hiltzen saiatzea egotzita. Orain, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak errugabetu egin ditu. Epaiaren arabera, epaiketan aurkeztutako frogetatik ezin da ondorioztatu «zauri horien jatorria traumatikoa denik edo haurra astintzeagatik sortu direnik». Fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuen gurasoentzat.
Epaileak gogoratu du auzi medikuntzako literaturak zalantzan jartzen duela hiru lesio horiek batera agertzea haurra astintzearen froga eztabaidaezina denik: «Hori berresteko beste elementu batzuk behar direla dio».
Berezko patologia bat
Kasu honetan ez da bestelako frogarik aurkeztu: «Ez dago lesio traumatikorik, beste aurrekari traumatikorik, kontrako familia testuingururik edo utzikeriarik neskaren zaintzan». Epaileak gehitu du epaiketan txosten batzuek erakutsi dutela neskak berezko patologia ez-traumatiko bat eta gaitz genetiko bat zituela. Eta neskari odolbilduak agertzen zitzaizkiola, itxuraz arrazoi traumatikorik gabe. Donostia ospitaletik atera eta hilabete batzuetara odolbildu bat aurkitu zioten buruan, «eta ez dago arrazoirik susmatzeko haurra berriro astintzeak eragin zuenik».
Epaileak nabarmendu gu gaur egungo ebidentzia zientifikoekin ezin dela ondorioztatu, «arrazoizko zalantzarik izan gabe», haurrari Donostia ospitalean antzeman zizkioten lesioak jatorri traumatikoa dutenik edo haurra astintzeagatik eragin zizkiotenik. Haren iritziz, gertatutakoa azaltzeko arrazoizko beste alternatiba batzuk badaude.Â
Ezin egilea zehaztu
Gehitu duenez, epaiketan lesioak haurra bortizki astintzeak eragin zituela frogatuta ere, ez dute frogarik astintzea aitari edo amari egozteko. «Beraz, horren ondorioa izango litzateke biak errugabetu beharko genituzkeela».
Epaiak dio epaiketan neskari atzemandako gaixotasunari buruzko froga asko aurkeztu zirela, «baina lesio horiek haurra astintzeak eragin zituen une zehatzari buruzko frogarik ez, ezta lesioak nork egin zitzakeen argitzeko frogarik ere».
Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez dezakete EAEko Auzitegi Nagusian.