Gipuzkoako Caritasek ohartarazi du gero eta pertsona gehiago artatzen dituela

Aurtengo irailera bitarte, 758 pertsona artatu ditu erakundeak. Gizonak, atzerritarrak eta 45 urtetik beherakoak dira gehienak

Caritas Gipuzkoako Hotzaldi proiektuaren zentroa, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 27a
14:34
Entzun

Datorren igandean, hilaren 29an, etxerik gabekoen eguna izanen da. Hala, urriro egiten duten moduan, Caritasek haien inguruko sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du aurten ere. Erakunde horrek Gipuzkoan duen delegazioak Donostian egin du agerraldia: beren lanaren berri eman dute, eta esku artean dituzten bost proiektuak azaldu dituzte. 2023ko urtarriletik irailera bitarte 758 pertsona lagundu ditu Gipuzkoako Caritasek. Profil oso jakin batekoak dira pertsona horiek: gizonak, atzerritarrak –Maroko eta Aljeriakoak, gehienbat– eta 45 urte baino gutxiagokoak.

Rosa Hernandez Etxebizitza eta Harrera Etxeak departamentuko burua eta Sergio Corchon Etxerik Gabekoen Departamentuko burua izan dira solasaldian. Azaldu dute azken urtean gora egin duela laguntza eskatu duenen kopuruak: 2022an 750 pertsona lagundu baitzituzten. Profila, baina, berdintsua da. Hernandezek azaldu du Gipuzkoako Caritasek laguntzen dituen pertsonen erronka nagusiak hiru direla: errolda, etxebizitza eta enplegua.

Lehenbizikoa da, baina, garrantzitsuena, zuzenean baldintzatzen baititu bertze biak. «Etxerik ez duten pertsonek errolda lortzen dute, baina oso zaila da. Gakoa errolda soziala da, baina oso udal gutxik eskaintzen dute: Irunek eta Donostiak, nik dakidala», erran du Corchonek. Errolda mota hori etxebizitza finkorik ez duten horiendako baina baldintza batzuk –Gizarte Zerbitzuekin izandako harremanei lotutakoak dira gehienak– betetzen dituztenendako izan ohi da.

Etxebizitzari dagokionez, Corchonek dio etxegabeei laguntzen dietela aterpeetatik logeletara igarotzen, Caritasek berak diru laguntzak emanez, adibidez. Hala ere, «oso zaila izan ohi da pertsona horientzat logelak aurkitzea». Enpleguarekin ere antzeko zerbait gertatu ohi dela erran du Hernandezek, errolda behar baitute lanean hasteko: «Zailtasun asko dituen inklusio prozesu bat da».

Erronka horiei aurre egiteko bost programa ditu Gipuzkoako Caritasek: Hotzaldi, Aterpe, Trintxer, Emeki eta Sorabilla. Guztiek laguntza psikosoziala dute. Hotzaldin gaua bakarrik pasatzen ahal da, baina gosariak eta afariak ere ematen dituzte. 30 lagunendako lekua du, eta «lan egiteko gogo asko» dutenak egon ohi direla erran du Corchonek.

Aterpen, berriz, gaua eta eguna igarotzen ahal dira, eta jantoki soziala du. «Kaltetuago dauden pertsonentzat» dela dio Corchonek. Trintxer eta Emeki programak, berriz, eraikin berean daude, Pasaian. Trintxerrek baztertuta dauden gizonak laguntzen ditu, eta Emekik, berriz, gizarteratze prozesuan dauden emakumeak. Sorabilla sozialki baztertuta dauden gazteentzat da.

Laguntza sarea

Programa horiek guztiak bertan lan egiten duten 236 boluntarioei esker daude martxan. «Oinarrizko gizarte eta harreman laguntza eskaintzen diete [boluntarioek erabiltzaileei], eta, horrez gain, ingurune komunitarioekin duten lotura egonkorra da», dio Hernandezek. Izan ere, etxerik gabekoek ez ohi dute familiarik, lagunik edo, oro har, sarerik izaten. Horregatik, boluntarioen babesa «funtsezkoa» da.

Hala, bi-biek jakinarazi dute Gipuzkoako Caritas «ahalegin berezia» egiten ari dela «aisialdi inklusiboa sustatzeko». Adibide gisa jarri dute Hotzaldin egoten diren gazteak Zinemaldira joan zirela, edo Trintxer-Emekin zeudenak San Telmo museoan egon zirela. Horrez gain, jakinarazi dute datorren igandean Trintxer-Emekin ateak irekitzeko eguna izanen dutela, auzokideek bertan bizi direnak ezagutu ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.